Gastronomia

Iruñeko El Mercao jatetxeak irabazi du Euskal Herriko Pintxo Txapelketa

Jorge Otxoa eta Felix Jimenez sukaldariek egindako Camarón de la Concha da aurtengo urrezko pintxoa. Txangurrua du oinarri, eta Nafarroako txapelketa ere irabazi zuen.

Pintxo irabazlea. BERRIA
Andoni Imaz.
2018ko urriaren 24a
09:53
Entzun

80 taberna eta jatetxetako sukaldariek ekin zioten lehiari XIII. Euskal Herriko Pintxo Txapelketan astelehenean, eta hamar iritsi dira gaurko finalera. Guztiek erakutsitako maila ona azpimarratu du epaimahaiak, baina "ia aho batez" erabaki dute Iruñeko El Mercao jatetxearen Camarón de la Concha pintxoari ematea sari nagusia.

Bi izkira tortilla fin eta kurruskari ditu pintxoak, donostiar erara egindako txangurruarekin barnean. Koipea arintzeko, Limako causa pixka bat, kimchi maionesa, izokin arrabak eta Granny Smith sagar zati batzuk.

Bost zentzumenak erabili nahi izan dituzte pintxoan. Gastronomiak berezko dituen dastamena, ikusmena, ukimena eta usaimenari entzumena ere gehitu diote, eta pintxoaren izenarekin jolastuz, Camaron de la Isla flamenko abeslariaren musikarekin girotu dute jakia.

Sukaldariek pozik jaso dute saria, lehenengo aldia baitzuten Euskal Herriko txapelketan. Halere, Camarón de la Concha pintxoarekin Nafarroakoa irabaztetik zetozen, eta konfiantza ematen zien horrek: "Jende guztiak esaten zigun oso goxoa zela, bistara ere atsegina zela... Horrek ere animatu gaitu". Oraindik ez dakite zer ekarriko dien sariak, baina espero dute inguruko pintxozaleek later bisita egitea haien tabernan.

Iruñera joan beharko dira urrezko pintxoa dastatu nahi dutenak, baina Gasteiz aldean ere bada zer jan. Finaleko pintxoen erdia bertakoa zen, eta nagusi izan dira sari banaketan: bigarren saria Gasteizko Mano Lenta jatetxeko Bruma de otoño pintxoak jaso du, eta hirugarrena, berriz, Otogoiengo Borda Berri erretegiko Hitokutxi-k. Gainera, Gasteizko El Portalon jatetxearen Bonito cactus pintxoarentzat izan da epaimahaiaren aipamen berezia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.