Iruñeko Udalak debekatu egin ditu Gora Iruñea! plataformakoen hainbat ekitaldi

Peñen Federazioak eta Bilduk kritikatu egin dute UPNkoen jarrera, eta besta herrikoien alde egin dute

Erredakzioa
Iruñea
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Iaz bezala, Iruñeko Udalak debekatu egin ditu aurten ere Gora Iruñea! plataformak sanferminetarako prestatutako egitarauko hainbat ekitaldi. San Frantzisko eta Santa Ana plazetan egin beharrekoak debekatu dituzte hiriko agintariek, zehazki. Debeku horren aurrean, udaletxeko arduradunen jarrera gogor kritikatu dute Iruñeko Peñen Federazioak, batetik, bai eta Iruñeko Bilduk ere, bertzetik.

Joan den ekainaren 11n Iruñeko Udala osatu baino lehen, hiriko agintarien aldetik besta herrikoien aldeko jarrera irekiagoa espero zutela azpimarratu zuten Peñen Federazioko kideek, baina oraingo debekua dela eta, «udal berriak aurrekoaren lan egiteko moduak» dituela erran dute, kezkatuta. Arazoak joan den asteburuan hasi ziren, peñen egunerako San Frantzisko plazan barra jartzeko baimena jaso ez zutenean. Sanferminetarako debekuen eskutik, egoerak okerrera egin duela salatu dute peñek. Gora Iruñea! plataformako kide da federazioa.

Udalari gogorarazi diote aurkeztu berri duen Kulturaren Plan Estrategikoaren aurkezpenean parte hartu zutela peñek, udalak berak gonbidatuta, eta aurkezpen horretan kultura estrategia osatzeko herritarren parte hartzea ezinbertzekotzat jo zela. «Hala bada, zergatik debekatzen dituzte herritarrek antolatutako kultur ekitaldiak?», galdetu dute Peñen Federaziotik.

Iruñeko alkate Enrique Maiari eskatu diote, gainera, herritarrek besta bizitzeko dituzten modu ezberdinak errespetatzeko, eta Gora Iruñea! plataformak prestatutako egitarauko ekitaldi guztiak baimentzeko.

Eskaera bera egin du Iruñeko Bilduk. «UPNri besten izaera herrikoiak traba egiten dio», erran du. Egitarau herrikoia parte hartu nahi duen ororentzat zabalik dela gogoratu dute Bilduko kideek, eta herritarren beraien parte hartzearen eskutik sortutako ekitaldiak jasotzen dituela. Maiaren erabakiaren atzean Yolanda Barcinaren jokatzeko modu bera dagoela salatu du Bilduk, eta herritar guztiek karrikaz gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.