Iruzur historikoa

Antonio Meuccik asmatu zuen telefonoa, ez Graham Bellek. Liburuek 2002a arte kontrakoa esan duten arren, frogatuta dago italiarraren asmakizuna dela.

Telefonisten lanbidea galdu egin zen sistema automatikoarekin. IRUTXULOKO HITZA.
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Amerikako Estatu Batuetako Kongresuak telefonoaren asmatzailea Antonio Meucci dela onartu zuen 2002an. Ordura arte, liburuek Graham Bell eskoziarra aurkezten zuten telefonoaren sortzaile gisa, hark 1876an lortu zuelako patentea. Kontua da Meuccik 16 urte lehenago ezagutarazi zuela asmakizuna, baina, hainbat gorabehera zirela medio, ez zuen telefonoa patentatzerik lortu.

Hain zuzen ere, 1854an, Meuccik telefono bat egin zuen, bere bulegoa eta bigarren pisuan zuen logela harremanetan jartzeko, emaztea erreumatismoak jota baitzegoen. 1860a arte ez zuen bere asmakizuna jendaurrean jakinarazi; erakustaldian, abeslari baten ahotsa entzun ahal izan zuten telefonoaren beste aldean.

Meuccik, arazo ekonomikoak zirela-eta, beste asmakizun batzuen eskubideak saldu zituen iraun ahala izateko. Gero, istripu baten eraginez, gaixo jarri zen, eta haren emazteak sei dolarren truke saldu zituen telefonoaren eskubideak. Meuccik, osatu zenean, eskubide horiek berreskuratzeko ahalegina egin zuen, baina ordurako bahi-dendak gazte ezezagun bati salduta zizkion asmakizunaren xehetasunak.

Italiarrak telefonoa berriro egitea erabaki zuen, baina ez zituen patentatzeko eskatzen zizkioten 250 dolarrak poltsikoan. Enpresa bati aurkeztu zion asmakizuna, baina, beretzat denborarik ez zutela argudiatuta, bertako arduradunek ez zuten kontuan hartu. Hori bai, materiala ez zioten sekula itzuli. Testuinguru horretan, 1876an, Bellek telefonoa aurkeztu zuen. Eskoziarrak eskubideak eskuratu eta asmakizuna berea balitz bezala aurkeztu zuen. Meuccik Bell salatu zuen, baina behartsuegia zen —Bell boteretsua zen—norbaitek jaramon egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.