Gerizpean

Iserako gustuarekin

Iserako etxe ekoizleak izanen ditu gomita nagusi Idoki elkartekoen biharko azokak, Ezpeletan

Iaz bezala, urte guziz arrakasta lortzen du Idoki elkarteko etxe ekoizleek antolatzen duten feriak. IDOKI.
Nora Arbelbide Lete.
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Isera eskualdeko (Frantzia) ekoizleak ukanen ditu gomita nagusi aurtengo 14. Idoki feriak. Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea da Idoki, eta Ezpeletako merkatu estalian du finkatua bere azoka nagusia, usaian bezala, 10:00etatik 18:00etara arte. Bertan aurkitzen ahalko diren Euskal Herriko ekoizpenei dagokienez, eskaintza oparoa izanen da, Ossau Irati sormarkako ardi gasna, behi gasna eta esnekiak, ahuntz gasna, etxe izozkiak, xerrikia, ahatekia, behikia, barazkiak, erreximentak, eztia, tisanak eta beste hainbat ekoizpenekin.

Isera eskualdetik etorriko direnek, berriz, hango behi gasna dastaraziko dute bereziki, Bleu du Vercors izenpean ezaguna dena. Gasna ekoizteko existitzen den molde ezberdin bat ezagutzeko parada emanen dute. Horren aurkeztera, hango mendi aldeko etxe ekoizleen elkartea da etorriko. Etxe ekoizleen elkartea Idoki elkartearen ildo beretik doa. Kalitateari dagokionez, arrangura eta xede berak dituzte, nahiz eta Iserako elkarteak ez sor-marka berezirik garatu. Hain zuzen, azokaz gain, Idokikoek hango ekoizleekin pasatzekoa dute gaurko arratsaldea,esperientziak elkarrekin trukatzeko.

Biharkoari dagokionez, merkatuaz gain, Idoki ekoizpenen bazkaria ere jaten ahalko da, hainbat plater osatuko dituztelarik. Arrakasta jasotzen duen aukera da hau. Iaz, 850 bat plater saldu zituzten. Animazioak ere pentsatuak dituzte, haur eta helduentzat, Iserako Alpeetako tronpa musika tresna lagun.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.