Ezarian. 36ko gerra

Isildutako ahotsak azaleratuz

Emakumearen rola bigarren planoan geratu zen 36ko gerra garaian eta ostean. Orduko gertaerak andrazkoen ikuspuntutik aztertzen duen dokumental bana filmatu dute Ahaztuak eta Intxorta 1937 elkarteek.

Dokumentalean 1936ko azaroko Arrasateko bost emakume gazteren fusilamendua irudikatzen duen eszena. INTXORTA 1937.
Bilbo
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bigarren Errepublikako garaia «ametsa» izan zen hainbatentzat. Poztasun horrek gutxi iraun zuen, baina. 1936ko altxamendu militarraren ostean, errepublikanoen aurkako errepresioa itzela izan zen. Gerrara joan behar izan zuten gizonezkoek, etaasko ez ziren bueltatu. Emakume batzuk herrian geratu ziren, eta beste askok erbestera joan behar izan zuten, gerratik ihesi. Garai hartan emakumeak izandako rola ilunpean geratu zen, baina haiek jasandako errepresioa ere bortitza izan zen.

1936ko gerraren gainean egin diren lanetan gizonezkoak izandira protagonista. Emakumezkoak atzean geratu izan ohi dira, norbaiten andrea, norbaiten alaba izaten dira, baina ez da jakitera ematen emakumeek egin zuten lana eta familiak aurrera ateratzeko orduan izan zuen garrantzia. Gerra garaian gizonezkoek frontean izandako bizipenei buruzko hainbat idatzi aurki daitezke, baina emakumearen presentzia eta jarduera zeharo «ezkutuan» dago, bai gerran eta baita gerra osteko garaian ere. Isiltasun hori apurtuz, aurten emakumeen ikuspuntutik egindako dokumental bi filmatu dituzte. Batetik, Intxorta 1937 elkarteak genero ikuspegitik landutako lehen dokumentala estreinatu du aurten, irailean: Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa. Arrasateko 16 emakumeren eta gizon baten —amaren lekukotasuna kontatuz— testigantzak bildu dituzte, orduko gertaerak andrazkoen ikuspuntutik aztertzeko.

Era berean, orain dela urte eta erdi, Bilbon 1936ko gerran izandako bonbardaketak ikertzeko egitasmoa sortu zuten Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eta IPESek, Emakumeak gerrako babeslekuetan, Bilbo Handian izenburupean, eta dokumentala azaroan estreinatuko da.

Gerraren gainean, gizonezko eta soldaduei buruzko informazio asko dago, baina pertsona zibilei buruzkoa oso urria da, eta gehienak emakumeak ziren. Orduko informazioa bildu du Txema Uriarte Ahaztuak 1936-1977ko kide eta proiektuaren koordinatzaileak, Bilbo Handiko 50 emakume elkarrizketatuta. «Duda barik, oraindik ere oso gai delikatua da 1936ko gerra, eta zeresanik ez norberaren eta senitartekoen bizipenak jendaurrean kontatzea».

Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko kidea Arrasateko emakumeen lekukotasunak biltzeaz arduratu da. «Gertatu izan zaigu lau edo bost emakumerekin, haiekin geratu eta gero atzera egin dute eta ezer ez kontatzea erabaki dute». Askok, bizi izandakoa ahaztu nahi dutela dio Mongek, eta «diskrezio handia» dagoela. «Ama ezer ere esan gabe joan zen, ni berdin, esaten dute batzuek». Beste hainbatek euren testigantzak eman dizkiete, baina Monge konturatu da kontatutakoari ez diotela dagokion garrantzia ematen. «Gizonak atxilotu, kartzelatu eta fusilatu zituztela kontatzen dute. Baina, askotan, emakumeak ez dira ohartzen eurek ere zer paper jokatu zuten: bizitzari eustea». Txema Uriartek ere iritzi berbera du: «Adinekoek, askotan, ez diote behar besteko garrantziria ematen gertatutakoari».

Testigantzak lortzea ez da batere prozesu sinplea izaten, eta horietatik ere asko ikas daiteke. Garai hartan beldurra eta dudak nagusi izan ziren arren, emakumeak euren familiak aurrera ateratzeko gai izan ziren, eta zelan borrokatu ziren eta haien duintasunak harritzen du Monge. «Gauza batzuk oroimenean iltzatuta dauzkate, denbora asko pasatu den arren. Dena dela, ez dute amorrurik gordetzen; bakean bizi dira». Uriarte ere bat dator ideia horrekin, bizi izandakoa xume, gorroto barik kontatzea izan da bera gehien harritu duena, «gertatutakoaren inguruan, jendearen portaera apala eta ulerbera izan da», dio.

Emakumeak, oro har, ez zeuden lubakietan, ez zuten fusilik eskuetan, baina bizitzari eusteko eta aurrera ateratzeko lana etengabekoa zen. Zeresanik ez erbesteratutako emakumeek egindako lana. Herrira itzultzea oso gogorra zen; izan ere, askotan hutsik aurkitzen zituzten euren etxeak eta lanik ez zieten ematen… Ez zuten ezer, eta miseria egoera horretan seme-alabak eta aitona-amonak zaindu behar zituzten.

Ahanzturan utzi barik

Baina memoria kontua ere bada, Uriartek argi utzi du memoria munduan dabiltzanek «izugarrizko itsukeria eta utzikeria» ikusten dutela horrelako gaien inguruan. Bilbon, esaterako, oraindik ez dago 1936ko gerrako hildakoen zerrenda bat, eta horretarako izugarrizko arazoak daudela salatu du; «instituzioen aldetik ere ez dago inolako laguntzarik ezta erraztasunik». «Memoria kolektiboa osatu behar dugu denon artean, talde memoria, eta era horretan oinarritu behar dugu hein batean gure etorkizuna, nondik gatozen jakin behar dugu, nora goazen jakiteko. Pertsona horiek eta iraganean gertaturiko gauzak garrantzitsuak dira gure historia zein izan den jakiteko, eta nik uste dut pertsona eta instituzio askok oraindik ez dutela ulertzen hori egin behar dugula, etorkizun orekatu bat nahi izanez gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.