Isiltasunik hauskorrena, Iñaki Pakearen omenez

Iñaki Pakea astelehenean kamioi batek harrapatuta hildako 53 urteko ibartarra gogoan, protesta martxa bat egin dute Usurbilen, txirrindulariek errepidean izaten dituzten arriskuak salatzeko.

Iñaki Pakea 53 urteko ibartarraren omenez Usurbilen egin duten protesta martxa. JON URBE / FOKU
Iñaki Pakea 53 urteko ibartarraren omenez Usurbilen egin duten protesta martxa. JON URBE / FOKU
unai zubeldia
Usurbil
2025eko martxoaren 8a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Astean hiru aldiz pasatzen naiz ni hemendik, baina, gure esku dagoen guztia eginda ere, zer hauskorrak garen jabetzen gara horrelakoetan. Kolpe latza hartu dugu». Astelehenean N-634 errepidean, Usurbil parean (Gipuzkoa), Oriora bidean gertatutakoa barneratu ezinik dabil, oraindik, Oier Irazusta Aristizabal, Tolosaldea institutuko ikaslea, donostiarra, Haizea Irazusta Aristizabal ondoan duela. 14:00 baino minutu gutxi lehenago, kamioi batek harrapatuta hil zen Iñaki Pakea 53 urteko ibartarra, bizikletan zihoala. Tolosaldea institutuko zuzendaria zen. Dozenaka herritar, senitarteko eta lagun elkartu dira gaur eguerdian Usurbilen, protesta martxa batean. Nahikoa da!! Errespetatu txirrindulariak. Pakea beti bihotzean pankarta aurrean zutela, isilik egin dituzte Atxega jauregitik istripua izan zen tokira arteko 150 metroak. Lore sorta bat utzi dute han.

(ID_17414497868245) Usurbilen omenaldi-protesta Iñaki Pakearen heriotzaren ondoren.
Iñaki Pakea ibartarrak istripua izan zuen tokia, eskuinaldean; lore sorta bat utzi dute bertan. BERRIA

«Errepideko jokaera batzuk gaitzestera etorri gara», azaldu du Igor Zapirain Ibarrako alkateak. «Errepidean txirrindulariak errespeta ditzatela eskatzeko elkartu gara». Zapirainek berak oso gertukoa zuen Pakea. «Errepide guztietan hartu behar ditugu neurriak, baina egia da aste barruan bereziki auto asko pasatzen dela N-634 errepidetik, industrialde asko baitaude inguru honetan». Neurriak eskatu ditu. «Gidatzen dugun guztiok errespetuz jokatu behar dugu, abiadura eta segurtasun tarteak zaindu behar ditugu denok. Baina aldundiari eskatuko nioke A-8 autobidea gune honetan doakoa izatea, horrek auto asko aterako lituzkeelako N-634 errepidetik».  

Arazo «kulturala»

Triatleta izandakoa da Marisa Markiegi Amundarain tolosarra. Hark ere oso gertukoa zuen Pakea, eta astelehenekoa «desgrazia hutsa» izan zela ziurtatu du. «Zarautzen bizi naiz, eta errepide honetan sarritan ibilitakoa naiz; izugarrizko arriskua egoten da beti». Arazoa «kulturala» dela uste du. «Denon artean partekatu behar dugu errepidea; txirrindulariek, auto gidariek, kamioi gidariek... Ez badugu hori egiten, ez dago zereginik». Uste du «gero eta txirrindulari gehiago» dabilela errepidean: «Eta txirrindulariok ere jakin behar dugu kulturalki bizikleta gainean ibiltzen, ondo portatzen. Autokritika egin behar dugu. Errespetua da gakoa: elkarbizitza». 

Errepideko arriskuez zer edo zer badaki Haimar Zubeldiak ere. Txirrindulari profesionala izandakoa da, usurbildarra, eta aitortu du «aste gogorra» izaten ari dela. Umetatik N-634an aurrera eta atzera ibilitakoa da. «Nik ere pairatu ditut arrisku momentuak, eta, zoritxarrez, gure lagun Pakeari gertatu zaio oraingoan». «Kontzientzia» eskatu du Zubeldiak: «Presaka bizi gara, baina bost minutugatik ez da ezer gertatzen». 

Profesionaletara iaz eman zuen pausoa Unai Zubeldia ibartarrak, Euskaltel-Euskadirekin, eta hunkituta egon da Iñaki Pakeari jarritako lore sortaren ondoan. «Herriko txirrindulari baten galera arrazoi bat gehiago da txirrindulariekiko errespetua aldarrikatzeko. Errepidean guztiek zentzuz joka dezatela eskatu nahi dugu. Babesa behar dugu, errepidean, zalantzarik gabe, txirrindulariona delako kolektiborik zaurgarriena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.