Istripuz sortutako artea

Kalean edo naturan aurkitutako 45 objektu biltzen dituen erakusketa bat ireki dute Iruñeko Ziudadelan. Jatorri artistikorik ez duten arren, arte direla diote antolatzaileek.

Iruñeko erakusketan ikus daitezkeen hainbat objektu bitxi. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Istripuak baino ez dira, baina istripu ederrak. Izan ere, bada arterik zabor artean, mendira egindako txango batean edo industrialde bateko soberakinen artean ere. Ez dira inongo artistak sorturiko piezak, baina nahiko artista izan behar haiek aurkitu eta gozatzen jakiteko. Zoriz topatutako 45 pieza biltzen dituen erakusketa bat ireki dute Iruñeko Ziudadelan. Han-hemenka bildutako objektu deigarri eta ederrekin osatu dute bilduma antolatzaileek, eta Istripuzko artea izendatu dute. Hedonismo ariketa bat da proposatzen dutena; inguratzen gaituen ororen estetikaz gozatzearen aldeko aldarrikapena. «Mundua arte galeria erraldoi bat izan liteke, doakoa eta denontzako irekia». Martxoaren 25era arte izango da zabalik Armen aretoko sabaian.

Bitxiak dira aretoan dauden objektuetariko asko. Istripuak, arte bilakatuta. Kasualitate erakargarriak. Ikusgarriak dira haietariko batzuk, eta badute arte joera ezagunen oihartzun bat, gainera. Bada, adibidez, arte primitiboko giza aurpegien itxura duen zurezko habe bat, sudurraren antza duen gunean belar pixka bat duena. Zur puska bat baino ez da, baina zutik jarrita, pertsona baten aurpegia dirudi. Gurutzatutako hankak irudikatzen ditu arbi bitxi baten argazkiak, eta eskultura garaikide baten antza du industrigune batean bildutako gomazko eskularruak egiteko moldeak. Zergatik ez? Artea izan litezke higaduraren eraginez kubo forma hartutako harri leun bat eta alfonbrei hautsa kentzeko erabili ohi zen plastikozko tresna bat ere. Eta izan, badira artea erakusketa honetan behintzat.

Aurkitutako objektuena ez da sustrairik gabeko joera, erakusketarako prestatutako testuan aipatzen denez. «Ez da zaila Harri Aroko artista primitibo bat imajinatzea makila batean zulatutako harri bat edo eder iritzitako barraskilo oskol bat lotzen imajinatzea». Jolas bat da bildumarekin proposatzen dutena. Objektu biltzailearen sena piztu, eta inguruari begirada estetiko bat eskaintzeko gonbita. Saria ez da txikia, Joaquin Resano erakusketako komisarioetako baten hitzetan: «Gauza ederrez inguratuta gaude, baina ez diegu garrantzirik ematen, eta bota egiten ditugu. Istripuzko artez inguratuta gaude. Paisaia bera gu jaiotzerako ere hor dago. Eta denok ditugu etxean eder iruditzen zaizkigun maskor edo harri bereziak».

Deformazioen edertasuna

Bilduma pribatu horien batuketa moduko bat da erakusketa; forma bereziko harriak, hildako animalien kaskezurrak, fabrikazio arazo baten ondorioz deformatutako botila bat, zelai batean abandonatuta belarrak barrenak jan dizkion autoa... Ez diote ezeri muzinik egin. «Oso jostagarria izan da», dio Resanok.

Artistaren heriotzak irakurlearen jaiotza ekarriko zuela zioen Roland Barthes pentsalari frantziarrak. Eta halako zerbait da Iruñeko erakusketarekin proposatzen dutena. Resanok azaltzen du helburua: «Egun, artean aurkitutako materialak maiz erabiltzen dira, baina sinatuta. Hemen ez da halakorik. Erakusketan ez dago artistarik, hemen artista bakarra zoria da. Eta ikuslea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.