Udarako tenperatura altuenekin batera, gora egiten du hondartza zein igerilekuetan bainu bat hartzera joaten direnen kopuruak. Haur zein zaharrendako udako aisialdirako plan nagusia da, baina arriskuak ugariak dira. Horrela adierazten dute azken hilabetean jazotako ezbeharrek.
Zortzi urteko haur bat hil zen itota Ortuellan (Bizkaian) duela bi aste udal kiroldegiko igerilekuan zegoela. Larrialdi taldeak ezin izan zuen suspertu, eta hil egin zen. Azken egunetan, lau pertsona hil dira bainu bat hartzen ari zirela. Astelehenean, 74 urteko apaiz bat Senpereko lakua (Lapurdi) zeharkatzen ari zela hil zen. Kasu horiek gutxi batzuk baino ez dira uztailean bakarrik jazo diren itoaldi guztien artean. Gertatutako ezbeharrek gori-gorian jarri dute berriro igerilekuen segurtasunaren inguruko gaia. Mutrikuko Saturraran hondartzan, 48 urteko gizon bat zendu zen aurreko asteburuan. Asteburu berean, Ribaforadan (Nafarroa) 13 urteko gazte bat hil zen.
Azkenaldian itotako haurren artean, asko igerileku pribatuetan ito dira. «Guraso askok haurren zaintza soroslearen esku uzten dute, baina erantzukizun nagusia haiena da», dio Pedro Anituak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako arduradunak. Igerileku publikoetan segurtasuna arautzen duen legedi bat badago. Araudiaren arabera, sorosle baten presentzia da beharrezko segurtasun neurri bakarra. Horretaz gain, araudiak gomendatzen du salbamendu flotagailuak begi bistan egotea eta lehen laguntzako botika kutxa edukitzea.
Igerileku pribatuen kasuan, berriz, legeak ez du segurtasuna arautzen. «Igerileku pribatuetarako araudi bat sortzen ez den bitartean, istripu ugari gertatuko dira urtero. Dekretu bat egiteko proposamenak egon dira, baina beti atzera bota izan dira», dio Iratxe Gomezek, PiscinasBizkaia igerileku dendako arduradunak. «Sarritan ezbehar bat gertatu ostean dator jendea segurtasun metodoren bat erostera, eta ez istripua gertatu aurretik», dio Gomezek.
Ezbeharrak gertatzeko arrazoiak ezberdinak dira. Bainularien kopuruak gora egiten duen heinean, istripu kopuruak ere gora egiten du. Anituaren arabera, duela urte asko istripu gutxiago gertatzen ziren; «zenbat eta segurtasun metodo gehiago, orduan eta arreta gutxiago jartzen du jendeak. Baina hori oker handia da», dio Anituak. Igerileku eta hondartzetan, arriskuez ohartarazten duten kartelak izaten dira sarritan, baina oro har jende gutxik irakurtzen dituela uste du Anituak.
Metodo berritzaileak
Teknologien garapenari esker, ezbeharrak murriztu daitezke. Azken urteetan, segurtasuna bermatzen laguntzen duten gailuen eta azpiegituren garapena oso azkarra izan da. «Dagoeneko eraikiak dauden igerilekutan jar daitezkeen segurtasun sistema berriak daude. Baina jendeak ez du horien beharra ikusten», dio Gomezek. Hiru sistema nagusitu dira merkatuan: Happy-Bath edo bainu zoriontsua, Safety Cap edo segurtasun txanoa eta Poseidon deituriko metodoa.
Metodo guztien artean, Happy-Bath edo bainu zoriontsua sistema da sinpleena eta merkeena. Uretara sartu aurretik, haurrek lepoko bat jarri behar dute. Beste kasu batzuetan ere eskumuturrekoa izan daiteke. Haurrak ur azpian, 50 zentimetro baino gehiagora, hamar segundo igarotzen baditu, lepokoak seinale bat bidaltzen dio sorosleari.
Safety Cap edo segurtasun txanoa aurretik aipaturiko metodoaren bertsio konplexuagoa da. Igerilekuan sartuko den bainulariak txanoa jarri behar du. Baina txano horrek badu berezitasun bat: sentsore bat darama itsatsita. Igerilekuaren zoruan sistemara konektatuta dauden sentsore guztien seinalea jasoz, bainulariak kontrolatzen dituen gailua kokatzen da. Guztira, 100 lagun kontrola ditzake gailuak. Hori dela eta, igerileku publiko handien kasuetan sistema horrek ez luke balioko. Bainulariak 30 segundo baino gehiago igarotzen baditu ur azpian murgilduta, gailuak abisua pasatuko dio igerilekuko sorosleari.
Poseidon deituriko sistema da aipaturikoen artean konplexuena eta garestiena. Hori dela eta, horren erabilera oso eskasa da igerileku publikoetan. Teknologia horrek igerilekuko mugimendua aztertzen du etengabe. Uraren mugimendua kontrolatzen du ur mailaren azpian zein goialdean kokatzen diren kamerei esker. 10 segundoren tartean, sistemak abisu bat bidaltzen dio sorosleari bainularirik ur azpian geldi badago. Horrelako kasu bat gertatzen denean, gainbegiratze postuan dauden pantailetan kamerek grabatu dutena ikusiko litzateke. Horri esker, sorosleak ezbeharraren lehen 30 segundoetan jarduteko aukera izango luke.
Hiru sistema horien prezio altua dela eta, igerileku gehienek ezin diote gastuei aurre egin. Gomezen arabera, «legerik gabe jendeak ez du segurtasuna hobetuko. Frantziako eredua jarraitu beharko genuke», dio. Izan ere, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian igerileku pribatuen segurtasuna arautzen duen lege bat jarri zen martxan 2006an. Araudi horren arabera, etxeko igerilekuek alarma bat, igerilekua estaltzen duen olana bat eta hura inguratzen duen hesi bat eduki behar dute. «Igerilekuak eraikitzean, arau batzuei jarraitu behar zaieigerileku pribatuetan ere, baina ez da nahikoa; gurasoen arreta ere beharrezkoa da», dio Anituak.
Itoaldiei aurrea hartzeko bidea
Igerileku zein hondartzetan jazotako azken itoaldiek gori-gorian jarri dute berriro ere segurtasunaren gaia.Itoaldiak saihesteko, segurtasunerako gailu eraginkorrak egon badaude, oraindik garestiak diren arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu