Itsas txakur batek Donostiako arrapalan igaro du gaua

Bi hilabete inguruko kume bat agertu da bart kaiko arrapalan. Ambar elkarteak bizilagunei azaldu die zer egin horrelakoetan: 112ra deitu, eta animalia bakean utzi.

2019ko abenduaren 19a
13:18
Entzun

Itsas txakur baten bisitak Donostiako Parte Zaharreko zenbait bizilagun harritu zituen atzo. Gauean, 21:00 aldean, kaiko arrapalan ikusi zuten botata, eta, kezkatuta, 112ra deitzea erabaki zuten. Ertzainak eta Ambar itsas faunaren ikerketarako eta babeserako elkarteko kideak joan ziren hara, eta, animalia aztertu ostean, ikusi zuten atseden hartzen ari zen kume bat besterik ez zela.

Goizean, oraindik han segitzen zuela ikusirik, Donostiako udaltzainek ingurua zigilatu dute, itsas txakurra babesteko; jende ugari joan ohi da inguru horretara txakurra paseatzera. Azkenean, itsasgora aprobetxatu, eta bere kabuz alde egin du itsas txakurrak.

Ambar elkarteko kideek bizilagunei azaldu zieten ohikoa dela itsas txakurrak atseden hartzeko lehorreratzea nekatuta daudenean. Horrelakoetan zer egin azaldu zieten: 112ra deitu, pertsonak zein animaliak harengana hurbiltzea saihestu, eta uretarako bidea libre utzi, nahi duenean alde egin dezan. Oso indartsuak dira, eta, mehatxatuta sentitzen direnean, eraso egiten dute. Itsas txakur baten hozkadak zauri larriak eragin ditzake. Bestalde, elkartekoek nabarmendu zuten animalia urlehortarrak direla, eta ez zaiela urik bota behar gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.