PROPOSAMENAK

Itsasargira, lehorretik

Kostaldetik paseatuz, Lekeitio ezagutzeko aukera dago ibilbide bat eginez. Gamarra plazatik Santa Katalina itsasargira doa osteratxoa

Lekeitioko Santa Katalina itsasargia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Lea-Artibaiko kostaldean dago Lekeitio (Bizkaia). Ez da herri handia, baina udan bisitari ugari izaten ditu. Izan ere, badago zer egin herrian. Adibidez, Gamarra plazatik Santa Katalina itsasargira doan bi kilometroko ibilalditxoa.

Gamarra plaza udaletxetik gertu dago, eta autobusaren geralekutik 600 bat metrora. Resurreccion Maria Azkue kaletik irten beharra dago bideari ekiteko. Komeni da adi ibiltzea, kale horretan hainbat eraikin interesgarri baitaude. Ibiltariak lehenengo ikusiko duena 1862an eraikitako Antzinako Nautika Eskola da, estilo neoklasiko berantiarrekoa. San Jose ikastetxea zena dator gero, gaur egun kultur etxearen egoitza dena. Haren aldamenean dago izen bereko eliza, Konpainiako eliza izenaz ere ezaguna, estilo barrokokoa. Kaleari izena ematen dion Resurreccion Maria Azkueren jaiotetxean, haren omenezko plaka oroigarria ere ikus daiteke.

Plaka horretara heltzean, Apalloa kalera egin beharra dago, ezkerrerantz. Bidegurutzera heldutakoan, ibiltariak tarte bat har dezake bertatik Kristo Pietatekoaren eliza ikusteko.

Bidegurutzean Paskual Abaroa etorbidetik jarraitu beharra dago, eskumarantz. Han ere komenigarria da arretaz ibiltzea, badaudelako hainbat eraikin ikusgarri, 1891ko Abaroa jauregia, esaterako. Neobarroko frantses estiloko jauregitxo bat da. Kale berean dago Erdi Aroan Lekeitio babesten zuen harresiaren zati bat.

Paskual Abaroa etorbidetik aurrera egin eta merkatu plazara heldutakoan, Santa Katalina etorbidetik jarraitu beharra dago, itsasargia eta ermita dauden tokira heldu arte. Gaur egun, itsasargia badabil, eta bertan dago nabigazio teknologien interpretazio zentroa. Santa Katalina baseliza dauka ondoan. XIV. mendekoa da, eta garai batean kanoiz horninutako defentsa lekua ere izan zen. Han bertan bukatzen da ibilbidea, baina badago bidea ordubete inguru luzatzeko aukera ere.

Matxitxakotik Donostiara

Horretarako, itsasargira heltzeko erabilitako Santa Katalina etorbidea hartu beharko du berriz ibiltariak. Baina ez herrirantz, aurrerantz baizik. Eluntzeta baserria pasatu, eta aurrera jarraitu beharra dago, Otoio mendia dioen seinalea aurkitu arte. Hortik aurrera bideari jarraitzea besterik ez dago, gorantz, Talaiara heldu arte.

Goian ikuspegi paregabea aurkituko du ibiltariak, Matxitxakotik Donostiarakoa. Bueltan ez dago galtzerik, bide bera alderantziz egin behar baita; Lekeitioko ondare kultural eta ekologikoa ezagutzeko aukera ederra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.