Itsaso osasuntsu baten aldeko itsas zeharkaldia da Zero Zabor Uretan. Uztailean euskal kostaldea zeharkatzen dute, mendebaldetik ekialdera; zortzi portutan gelditzen dira, eta askotariko jarduerak egiten dituzte. Aurtengoa zazpigarren aldia da, eta dagoeneko zazpi portu bisitatu dituzte: Bilbo, Portugalete, Bermeo, Ondarroa, Mutriku, Getaria eta Hondarribia. Bihar azken horretatik abiatuko dira, eta Pasaian izanen dira igandera arte. Mater ontzi museo ekoaktiboan egin dute ibilbidea, eta bertan egiten dituzte programazioko jarduera asko.
Bisita gidatuak, zinema, hondakin bilketa… programazio zabala prestatu dute Mater itsasontzi museoaren inguruan. Helburua zera da, bai gazteek bai helduek itsas hondakinen arazoaren inguruan ikastea, eta gaiaren inguruko kontzientzia zabaltzea. Markel Elizalde antolatzaileak horixe nabarmendu du, jarduerak adin guztietarako direla: «Bisita gidatuak edonorentzat dira; etortzen zaigun taldearen arabera moldatzen ditugu edukiak».
Bihar 19:00etan porturatuko dira Pasaian, eta itsas erraldoiek agurtuko dute herria. Zaborrek, itsas erraldoien munstroak, eta Biok, biodibertsitatearen damak, kalejira eginen dute kaleetan barna. «Ume txikiei bideratuta dago, batez ere, eta kalejiraren bitartez ontzia portura heldu dela iragarriko dugu», azaldu du antolatzaileak.
Gauean, 22:30ean, zinema emanaldia izanen dute itsasontziko ontzigainean. «CIMASUB Donostiako nazioarteko itsaspeko zinema zikloaren laguntza dugu; badira urte batzuk haiekin elkarlanean ari garela, eta aurreko urtean saritu zituzten film laburrak proiektatzen ditugu». Lau aldiz eginen dute zinema proiekzioa. Bi Bizkaian, eta beste bi Gipuzkoan.
Hiru orduko nabigazioa
Ostegun goizeko hitzordua nabarmendu du Elizaldek. 11:00etatik 14:00etara hiru orduko nabigazio bat izanen da: Pasaiatik itsasoratuko dira, Jaizkibel eta Ulia zonara abiatuko dira, eta itsasoan topatzen dituzten itsas hondakin guztiak bilduko dituzte. Biltzearekin batera, hondakinen sailkapena ere eginen dute. Gainera, Pasaia «interesgarria» dela adierazi du, inguru horretan hilabetean behin egiten dituztelako halako arrautzak, eta datuak biltzeko «oparoagoa» dela baieztatu du.
Azkeneko txanda dute Pasaian, eta antolatzaileak ontzat jo du orain artekoa: «Eguraldi oso ona izan dugu, euria egin du egunen batean, baina orokorrean giro ona izan da». Jendearen jarrera ere nabarmendu du. Bisita gidatu guztiak bete dituzte, zinema emanaldia oso jendetsua izan da, eta tailerretan jende askok parte hartu du. Itsasoa haien alde egon dela adierazi du Elizaldek; itsas hondakinak arrantzatzeko aukera izan dute, bai Portugaleten bai Ondarroan. Gogoz daude azken portura iristeko.
Mater ontzian hilabetero egiten dituzte hondakin bilketak. Hala ere, azaldu dute ekimenarekin hasi zirenetik gaurdaino ezin dutela zehaztasunez adierazi ea zaborra ugaritu edo gutxitu egin den. Hori jakiteko, jarraipenak askoz zorrotzagoa izan beharko luke: «Baldintza eta kasuistikak ezberdinak dira: izan itsasoa, izan olatuak, haizea, edo aurreko egunetako euria, edo euririk eza, festak izan diren edo ez… Hainbeste faktore daude, ezin baitugu halako baieztapenik egin». Hala eta guztiz ere, argi dute oro har gero eta itsas hondakin gehiago dagoela, eta, hortaz, ezin dela pentsatu euskal kostaldeak kontrara eginen duenik.
Horregatik, hondakinen bilketan eta gainerako jardueretan parte hartzeko deia egin du Elizaldek. Parte hartzea doakoa da, eta edonork eman dezake izena. Aurretik erreserba egiteko eskatzen dute, telefonoz edo posta elektronikoz.