Itsasoa langai izan dutenen lekukotasunen erakusketa

'Itsasturiak' multimedia erakusketa zabalduko dute gaur Donibane Lohizunen, arrantzaren bilakaera azaltzeko

2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Donibane Lohizune-Ziburuko portuan (Lapurdi) bizia egin zutenen testigantzak izango dira ikusgai gaurtik aurrera Donibane Lohizunen. Multimedia erakusketa baten bidez, itsasoari esker bizitza aurrera atera zutenen argazkiak, postalak eta bideo elkarrizketak ikusgai izango dira Ducontenia erakusgelan. Besteak beste, arrantzale, arrantzaleen emazte, bitartekari, ontzigile eta saregileen lekukotasunek osatzen dituzte elkarrizketa horiek.

Euskal Kultur Erakundeak antolatuta, joan den urtean bildu zituen elkarte horrek elkarrizketa guztiak, Eleketa ahozko memoria bilketari esker. Lekukotasunez gain, Itsas Begia elkarteak zenbait itsasontzi maketa jarri ditu ikusgai. Bestalde, Sebastien Huste argazkilariaren arrantzaleen erretratuek apainduko dute erakusgela. Erakutsiko diren testigantza eta biografia horiek sarean ere kontsultatu ahal izango dira, www.eke.org atarian.

Material hori guztia erakusteko, animazioak eta bisita gidatuak eskainiko ditu erakusketak. Pirinio Atlantikoetako kontseilu orokorraren laguntza jaso du egitasmoak, eta itsas lanbideen transmisioa landuko dute bertan. Bizitza osoa itsasoan eman duten pertsonei egindako omenaldi baten kutsua har zezakeen erakusketak, XX. mendetik gaurdaino arrantzak izan duen garapena jorratuko baitute. Egiazki, arrantza Donibane Lohizune-Ziburun ez da desagertu, eta oraindik ere bizirik dago ofizioa.

Zabalik izango den lehenengo asteburu honetan, Teresa Lekunberri etnologoa ariko da bisita gidatuak eramaten eta materialen bilketa nolakoa izan den azaltzen. Izan ere, Lekunberri Euskal Kultur Erakundearen ondare arduraduna da.

Igande arratsaldean, Sebastien Huste argazkilaria bere lanaz mintzatuko da, eta erakusketan erabilitako erretratuak nola eta zein ingurunetan landu dituen argituko du.

Miarritze, Baiona eta Donostia

Hilabetez egongo da erakusketa; asteazkenetik igandera irekiko dute, 14:30etik 19:00ak arte. Larunbatetan, goizeko eta arratsaldeko ordutegia izango du. Erakusketa ibiltaria izango da. Urrian, 19tik 21era Miarritzeko Irati erakustokian izango da, abenduan Baionan eta udaberrian Donostiako Itsas Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.