Urdin kolorez jantzita zegoen Ondarroa atzo (Bizkaia). Maonezko arropa tradizionalak zituzten soinean batzuek, eta elastiko modernoak beste askok. Baina zeru kolorea zen nagusi. Goizean goiz hasita,ehunka herritar atera ziren kaleraRadixu irratiak urtero ekainaren azken larunbatean antolatzen duen Zapato Azule jaialdia ospatzera. Hemezortzigarren aldia zen atzokoa, eta, adin nagusiko bihurtuta, gero eta jende gehiago elkartzen du ekitaldiak.
Herritarren jaia da Zapato Azule. Eta maitasun berezia diote ondarroarrek festari. Hala azaldu zuen, atzo, Txomin L. Aramaio jaialdiaren koordinatzaileak. Gora eta behera zebilen pregoia bota aurreko prestakuntza lanetan. «Kuadrilla eta familiarekin bazkaltzeko egun sakratu bihurtu da Zapato Azule herritarrentzat». Eta horren lekuko ziren Ondarroako jatetxeak ere; jangelak beteak zituzten gehienek.
Herritarrak ez ezik, asko izan ziren kanpotik festa egitera joan zirenak ere. Baina ez dute eguna era berean bizi, Aramaioren arabera. «Ondarroarrek egunez ospatzen dugu Zapato Azule. Goizean goiz hasita ateratzen gara etxetik, festa egitera. Gaua gehiago da kanpotik etortzen direnentzat».
Euskal Herriko elastikoak
Gernikatik egin zuen Ondarroara Itsasne Lauzirikak atzo; goitik behera urdinez jantzita zihoan bera ere. «Iaz etorri ginen lehen aldiz Zapato Azulera, eta asko gustatu zitzaigun festa. Aurten, autobusa alokatu dugu lagun talde batek». Joan den urtean baino goizago egin zuten kostako herrira Lauzurikak eta haren lagunek. «Gauez etorri ginen iaz, eta, zegoen giroa ikusita, lehenago etorri gara aurten». Latxanbre plazan zegoen Euskal Herriko Kamiseta Azoka ikusteko baliatu zuten goiza, besteak beste. «Ez genuen azoka ezagutzen».
Zapato Azule jaialdiaren berezitasunetako bat da elastikoen azoka. Euskal geografia osoko 21 elkarte bildu ziren atzo elastikoak saltzera; besteak beste, Tafallako (Nafarroa) Kokotxa kamisetak markako kideak. «Bigarren aldiz etorri gara. Iaz hasi ginen kamisetak egiten, eta Ondarroara etortzera gonbidatu gintuzten», azaldu zuen Jon Kepa Soltxagak. Berriro etorri dira aurten, eta pozik azaldu ziren emaitzarekin. «Txikiak gara gu, ez dugu dendarik eta holako egunak asko eskertzen dira salmentarako», gehitu zuen.
Aurrez aurre zegoen Aitziber Lersundi ondarroarra, Zubi Zahar herriko ikastolaren kamisetak saltzeko postuan. «Lehenengo urtea da gurea. Iaz, ikastola laguntzeko Txapela burun eta ibili Ondarrun eguna antolatu genuen lehen aldiz, eta aurtengorako kamisetak atera ditugu». Irailean egingo dute jaialdia.
Ekitaldi nagusia
Eguerdian iritsi zen eguneko ekitaldi nagusitzat hartzen dena. Petardo soka luze baten hotsak eman zuen abisua Nasa kalean: Tolosatik (Gipuzkoa) abiatutako Dinamartxa Ondarroara heltzen ari zen. Dina Bilbao herriko kirolaria zena omentzeko egiten dute martxa. Oinez eta bizikletaz egiten dute Gipuzkoatik Ondarroara, eta 300 lagun inguru elkartu ziren atzo. Herritarrentzat, berezia da ekitaldia, eta nabari zen giroan ere. Ehunka herritar pilatu ziren Nasako espaloietan, Tolosatik zetozenei ongi etorria emateko. «Herritar askorentzat, urteko ekitaldirik politena da Dinamartxa», azaldu du Aramaio jaialdiko koordinatzaileak. Aurten, igeri egiten ere omendu dute Bilbao. Arrigo eta Saturraran arteko tartea zeharkatu zuen herriko igeriketa taldeak. «Triatloi bihurtu zaigu Dinamartxa», zioen Aramaiok, irriz.
Nasa kalean elkartu ziren martxa egin zuten lagunak eta herritarrak, eta Alaiko balkoiari begira jarri ziren denak. Bolanderak botatzea debekatu zuen udalak duela urte batzuk, eta ahoz botatzen dituzte ordutik. Zapato Azularen ezaugarriekin bat datorrela dioAramaiok: txantxarekin, alegia. Festari jarraipena eman zioten ahozko bolanderek. Ez musikak eta ez jai giroak ez zuten etenik izan gauera arte.
ATZEKOZ AURRERA
Itsasoa soinean jantzita
Ehunka herritar elkartu dira Ondarroan, Radixu irratiak urtero ospatzen duen Zapato Azule jaialdian; Dina Bilbao omentzeko martxa egin dute 300 lagunek, Tolosatik kostako herrira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu