MAITE DITUT MAITE. Goizalde Landabaso. Kazetaria eta idazlea

«Itsasoarekiko lotura berreskuratu dugu, eta hori oso positiboa da»

Itsasontziak itsasadarra zeharkatzen, eta Deustuko zubia zabaltzen, haiei lekua uzteko. Bilboko Botika Zahar parkeak irudi hori gogorarazten dio kazetariari. Eraikitzeko zegoen arren, ume garaia dakarkio.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Jende gutxiago egoten dela aprobetxatuta, goizetan irteten da Goizalde Landabaso deustuarra (Bilbo, 1970) ohiko osteratxoa egitera itsasadarreko pasealekutik. Ibilbide luzetik, ordea, toki bat du bereziki kuttuna: Botika Zahar parkea. Umetako oroitzapenen leku, «arnasbide» bilakatu da urteen poderioz.

Zergatik aukeratu duzu toki hau?

Deustukoak garen askorentzat oso berezia da zubiaren alboan dagoen leku hau. Hemendik sartzen ziren itsasontziak, eta gu ume ginela gurasoak hori ikustera ekartzen gintuzten. Egunkarietan iragartzen zen noiz irekiko zen zubia, batez ere kotxez zihoazenei jakinarazteko. hamar-hamabost minutuz geldituta egoten zen trafikoa. Liluragarria zen itsasontzi erraldoi horiek itsasadar estu batetik sartzen ikustea. Tamalez, gaur egun Euskalduna zubia suntsitzen edo eraldatzen ez badute ez dago modurik halako itsasontziak barruraino sartzen ikusteko.

Nola aldatu da etortzen hasi zinenetik gaur egunera arte?

Etortzen hasi nintzenean umea nintzen. Urte asko pasatu dira. Bilbo erabat aldatu da. Garai horretan parke hau ez zen existitzen: leku iluna zen, ia ez zegoen zuhaitzik. Orain pasealekua da; jendea gora eta behera ibiltzen da, eta umeentzako jolasteko lekua dago. Orain, itsasadarrari begira dauden etxeak oso garestiak dira, baina garai batean oso merkeak ziren, herria itsasadarrari bizkarra emanda bizi zelako, nahiz eta bertatik bizi.

Zer iradokitzen dizute, gaur egun, aldaketa horiek?

Uste dut itsasoarekin genuen lotura berreskuratu dugula, eta hori oso positiboa da. Azken finean, hor dagoen ur multzo zati hori gu gara. Iruditzen zait nolabait geure buruari bizkarra ematen bizi izan garela urte askotan, eta orain berriro geureganatu dugula garen hori; osotasun bat sortu da.

Orain ere etortzen zara?

Itsasadarrean zehar asko ibiltzen naiz; paseatzeko erabiltzen dudan bidea da. Lasai egoteko eta ihes egiteko leku bat da. Osteratxoak egiten ditudanean parketik ere pasatzea gustatzen zait.

Inspirazio bila etorri izan zara?

Inspirazioa lortzera baino gehiago, arnasa hartzera etortzen naiz. Bilbok ematen dit inspirazioa. Uste dut hiri oso literario eta zinematografikoa dela, eta sortzaileentzako pagotxa da. Bilbo eta Deustu asko daude. Leku batek inoiz ez du izaten aurpegi bakarra; asko izaten ditu, eta hori oso inspiratzailea da sortzaileentzat.

Zer sentitu zenuen konfinamendua bukatu ondoren parkera itzuli zinenean?

Erabat askatzailea izan zen. Paseatzeko aukera izan genuenean egin nuen lehenengo gauza itsasadarrera etortzea izan zen. Asko disfrutatu nuen, nahiz eta deskonfinamendua hasi zenean jendetza batu parke honetan. Logikoa da: Bilbon ez dago ibiltzeko leku askorik, eta hau askoren ibilbide ohikoa da. Hala ere, lehenengo paseoa miresgarria izan zen, bizitzara itzultzea bezalakoa.

Lekuaz zenuen irudia aldatu al du azken hilabeteetako egoerak?

Lehengo parkea da, gure absentziarekin. Adiskide zahar bat berriro aurkitzea bezalakoa da. Denboran zehar aldatzen dena gure begirada da: egun goibela baduzu, parkea edo itsasadarra goibel ikusiko dituzu. Leku bat zure aldarteen pasabidea baino ez da. Uste dut geure buruei garrantzi gehiegi ematen diegula: azkenean, parkea beti existituko da. Gu joaten garenean beste batzuk etorriko dira, eta ez badatoz ere parkeak hemen jarraituko du. Epe luzerako turista batzuk baino ez gara.

Zure ibilbide literarioan poesia eta narratiba jorratu dituzu. Parke honi buruz idazteko, bi generoetako zein aukeratuko zenuke?

Uste dut biak egokituko liratekeela, baina seguruen poesia hautatuko nuke. Barruragokoa deritzot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.