Zutik edo eserita afaldu nahi duzue?», galdetu dio Nerea Arrillagak sagardotegira sartu den boskoteari. Jantokiko mahai handietako batean eseri dira Mapi Arriola, Igor Azpiroz eta haien hiru seme-alabak. Txikienek lehenengo aldia dute sagardotegi batean. Donostiako Igeldo auzoko Calongen egingo dute estreinako txotxa. «Ezpainak busti baino ez, e? Oraindik ez zaudete sagardoa edateko adinean», ohartarazi die erdi txantxetan erdi serio Mapi amak. Kupeletatik lehen buelta egin, eta eseri dira ostera. Bakailao tortilla dute zain.
Sagardotegi kontuetan eskarmentua dute Calongen elkartu diren gainerako bezeroek. «Gehienak ohikoak dira, sarri etortzen direnak», dio Pako Kalongek, sagardotegiko arduradunak. Eskarmentua izan edo ez, guztiek dituzte sagardotegi garaiaz gozatzeko osagai berberak: bakailao tortilla, bakailao frijitua piperrekin, txuleta, gazta, intxaurrak, irasagarra eta, noski, sagardoa. Hamazazpi kupel dituzte Calongen, eta bakoitzean hamar bat mila litro sartzen dira. Badago nahikoa egarria asetzeko.
Ibilbide luzeko sagardotegia
Ez dira hasiberriak kalongetarrak. Pako semea ari da orain aitonak hasi eta Jose Kruz aitak jarraitu zuen bidean. «Laurogei bat urte izango ditu Calonge sagardotegiak; hirugarren belaunaldia naiz ni». Gauzak aldatu egin dira. Sagardotegia jatetxea ere bada egun. Bezeroen profila eta sagardotegira joatekoohitura ere ez dira lehengoak: «Giroa desberdina da. Lehen lagunartea handiagoa izaten zen, makina bat tratu ixten ziren kupel artean txotx egiten».
Aurtengo txotx garaia urtarrilaren 9an hasi zuten, eta apirila bitarte iraungo du. Afariak egunero ematen dituzte, eta bazkaritarako modua badute, ostiraletan nahiz asteburuetan. «Horretan ere aldatu da joera. Lehen afaltzera etortzen zen jendea; orain nahiago dute bazkaritara etorri». Donostiako Igeldo auzoan dago Calonge. Sagardoaren meka diren Astigarraga eta Hernanitik aparte. Itsasoa du parean, eta hari begira egin daiteke txotx kupeletatik.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean bat gehiago da Calonge. 1977an sortu zuten elkartea, eta Gipuzkoako 51 sagardotegik osatzen dute. Sektorearen %80 da sagardotegi kopuruan eta sagardo produkzioaren %70 dagokie, 9 milioi litro inguru. Sagardogileetako asko sagargile ere badira, eta Gipuzkoan ekoizten den sagardo sagarraren %80 elkarteko sagardogileek hartzen dute, parte bat haien sagastietatik eta beste bat inguruko baserrietatik.
Plaza giro
Itsasoari begira, txotx
Astigarragatik eta Hernanitik kanpo bada sagardo denboraldiaz non gozatu. Igeldo auzoko Calongen tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu