Itsasontzi berria Ingalaterrara bidean

Turismoa eta garraioa bultzatzeko, Bilbo Britainia Handiarekin lotuko du 'Cap Finisterre' ferryak

Santurtzi
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Martxoaren 27tik aurrera, olatuen erritmora mugituko du gerria Cap Finisterre ferryak. Atzo aurkeztu zuten Bilbo eta Portsmouth (Britainia Handia) batuko dituen garraiobidea. Jose Ramon de la Fuente Bilboko Portuko Agintaritzaren lehendakariaren esanetan, gizartearen turismorako eta kamioien garraiorako pentsatutako zerbitzua da. Bidea Brittany Ferries konpainiaren ontziak egingo du. Bilboko portutik aterako da asteartero 10:30ean eta larunbatero 20:45ean.

Otsailera bitarte, dena prest egoteko segurtasun eta mantentze lanetan arituko dira. Horretarako, 2001ean eraikitako Cap Finisterre ontzia egokitu dute.

Garraiobideak dituen 204 metroko luzeran, 1.500 lagun, 250 ibilgailu eta 110 kamioi sartzen dira. Guztira, 270 gela, 650 litera, 110 kamioi eta 80 autorentzako lekua dago. «Idealena, 70 kamioi eta 250 auto sartzea da».

Ferryan sartu eta eskailera mekanikoetan gora egitean, azafatek erabiltzaileen nahiak asetzeko baliabideak mahaigaineratzen dituzte bidaiak irauten duen 24 orduetan.

Bat-batean, Lurraren eta Ilargiaren argazkiz jantzi da harrera, bidaiariak zeruan sentitzea nahi duten seinale. Izan ere, egun bateko zeharkaldirako hiru jatetxe mota daude: kartako jatetxea, buffeta eta sandwich taberna. Baita hiru taberna, diskoteka bat, igerilekua eta umeentzako kluba ere. Eskaintza biribiltzeko: dendak, ile apaindegiak, makillaje tailerra eta horrelako ekintzak zabalduko dituzte.

Zeharkaldiaren prezioa eskatutako ezaugarriaren eta garaiaren araberakoa da. Marearen antzera, bi edo lau literako gelen tarifek denboraldi eta promozioen arabera egiten dute gora edo behera. Hala, eskaintzarik merkeenak 290 euroko balioa du, eta garestienak 700 euro ingurukoa.

Itsasoko autopista

«Itsasoko autopista bat sortu dugu». Egitasmoaren inguruko hitzak dira Jean Marc Roue Brittany Ferriesen Gainbegiratze Batzordeko lehendakariak esandakoak.

«Bilbo hautatzeko orduan, geografiak ere eragina izan du». Adierazi duenez, Bilbok Kataluniarekin eta nazioartearekin komunikatzeko duen errepide sareari ere erreparatu diote.

Helburua da bi urte barru 150.000 lagunen eta 15.000 kamioiren garraiobide izatea.

Euskal Herria eta Britainia Handia lotzeko bidea zaharra da. Orain arte, Pride of Bilbao ferryak elkartu izan ditu, baina bidaiaren enpresa gidaria eta ontzia aldatu dute.

Iñaki Arriola Garraio sailburuak dio hasiera duen guztiak duela amaiera. «Euskaldunok ez ditugu aukerak eskapatzen uzten. Bilbo-Portsmouth lineak turismo asko erakarri du; batez ere, ingelesak». Hamazazpi urte pasatu eta gero, irailaren 27an utzi zion aurreko ferryak Britainia handian porturatzeari. Sei hilabeteko etenaldiaren ondoren jarriko ditu motorrak martxan ontzi berriak. Aurreratu duenez, ontzi berriak zaharrak baino %10 kamioi gehiago garraiatuko ditu. Horrela, ingurumena gutxiago kutsatuko duen garraiobide «iraunkor eta eraginkor bat» bultzatu nahi dute.

Arriolaren iritziz, turismoa eta merkantzia Euskal Herritik munduratzea ekarri du ibilbideak, baita mundutik Euskal Herriratzea ere. Arriolak azpimarratu duenez, krisi ekonomikoari aurre eginez %10 igo da turismoa 2009ko maiatzetik «ferryari esker».

Abiatzeko lau hilabete falta direla, itsasontziko tximiniaren keak zelatatzen du kamioien eta langileen mugimendua. Bidea eta bidaiatzeko era gertu dago. Orain, jendea gerturatzea baino ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.