Inauteriak

Iturenen bildu dira joaldunak

Zubieta eta Aurtiztik Iturenera joan dira joaldun eta mozorroak, eta herriko plazan elkatu dira. Bihar alderantziz eginen dute bidea.

Aurtitz eta Zubietako joaldunak, Iturenera abiatu aurretik. ANDONI CANELLADA
2019ko urtarrilaren 28a
07:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Dilin-dalan ibili dituzte joareak gaur Zubietatik Iturenerako bidean (Nafarroa). Ostegunean hasi ziren inauteriak Malerrekako zoko horretan, baina gaurkoa eta biharkoa dira egunik garrantzitsuenak, herri biek elkarri bisita egiten diotelako. 14:45ean ailegatu dira zubietarrak eta aurtiztarrak Iturenera. Suzirien eztandarekin batera hasi da kaosa frontoian: mozorroek hartu dute espazioa, joaldunek bertatik uxatu dituzten arte.

Mozorroen artean, arreta deitu dute toailarekin kalera atera diren maskarak. Euria zarra-zarra ari bazuen ere, haiek hondartzan bezala ibili dira. Mozorro batzuek atso itxura zuten, beste batzuk, berriz, zonbiena. Inauteriekin batera hildakoak berpizten zirela zioen haien gurdiak. Zikinkeria ere bada inauterietako parte, eta oilo zirina bota dute mozorroek.

Mozorroak Iturenen

Goiz osoa joareak jotzen

Puskak bildu eta hamaiketakoa hartuta abiatu dira zubietarrak Aurtitzera (Iturengo auzoa). Txapela buruan atera dira aurten zubietarrak, ohiko ttuntturroa eraman beharrean. Auzoari itzulia eman, eta Iturenerako bidea hartu dute bi segizioek. Argisurreko zubian Berdintasuna zioen pankarta esperoan zuten joaldunek. Aurtitzen, azken urteetan, gatazka izan da emakumeek joareak janzteagatik.

 

 

Bien bitartean, Iturenen bestan aritu dira. Kuxkuxtu txarangak berotu du giroa, eta mozorroek paratu dituzte motozerra hotsak. Hamaiketakoa bukatuta puska biltzea egin dute herrian barna. Ondoren, Latsaga auzora jo dute, eta han egin diete ongietorria gainerako joaldunei.

Bihar iturendarrek eginen diete bisita zubietarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.