Menditik datorkio ura plaza zaharreko iturriari, eta, sarri, euskararen egarri direnek edaten dute bertatik. Ur emaria geografikoki Gipuzkoa bada ere, aise izan liteke Lapurdi, Kanboren (Lapurdi) eta Debaren (Gipuzkoa) arteko senidetze hitzarmenak 25 urte beteko baititu aurten. Iturri Ondoan egitasmoa egiten dute urtero debarrek, eta, aurtengoaren barrenean, kultur emanaldi berezia eginen dute bihar: Begiradak; zeinak, hain zuzen ere, senidetze horri egiten dion keinu.
Hamabigarren urtea dute Iturri Ondoan jaialdia ospatzen; uztaileko asteburu guztietan egiten dute ekitaldiren bat, eta propio osatzen dituzte sormen lanak data horietarako. Egin izan dituzte proiekzioak, antzerkiak, errezitalak, kontzertuak... eta bihar ere antzeko ura edanen dute iturritik: euskalduna eta kulturazalea.
Begiradak ekimenean, zazpi kanboarrek hartuko dute parte, eta bertze begirada eta adierazpide batzuk eskainiko dizkiete herritarrei. Kanboarrekin batera, noski, debarrak arituko dira kantuan eta sormenean, ilunabarra iritsi bezain laster. Hitzak, dantzak eta antzerki emanaldi txikiak eginen dituzte, eta edonorentzat izanen da ikusgai.
Hamabi urte gibelera, euskaraz sortutako eta euskararentzat eginiko kultur ekitaldi gisa definitu zuten antolatzaileek Iturri Ondoan —Debako Udalak antolatzen du—. Gaur egun ere, hasierako helburu berberei eusten diote: alde batetik, garaian garaiko kultur erreferente nagusiak erakarri nahi dituzte herrira, Deba euskal kulturaren erreferentzia izateko eta, bide batez, herria bera ere euskal kulturan murgiltzeko. Bertzetik, debarrak herrian egiten diren ekintzetara erakarri eta hurbildu nahi dituzte. Hutsetik sortutako sormen lan guztiek, baina, oinarrizko baldintza bat bete behar dute egitarauaren parte izateko: euskaraz sortuak izan behar dute. Bi helburu horiei, beraz, bertze bat gehitu zaie: euskal hizkuntza komunitatea sendotzea.
Herri euskalduna da Deba, eta, hain zuzen ere, horretan jarrai dezala eskatzen dute Iturri Ondoan ekimeneko antolatzaileek. Urtean zehar uztaileko lau ortziraletarako egitaraua prestatzen aritzen dira, eta aste bakoitzak gai edo norabide propioa hartzen du. Lehenbiziko asteburuan, iragan uztailaren 4an, bertso saio espekulatiboa egin zuten Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin. Hitz inprobisatuak erabiliz, honako hau zen bertsolariek egin beharreko lana: balizko bertze mundu batzuk irudikatu.
Bigarrena uztailaren 11n egin zuten, eta antzerki forma hartu zuen ekitaldiak. Dada u Lala antzerkia egin zuen Les Bobe Bobe taldeak; antzerki fisikoa eta umore zentzugabea, egileen hitzetan. Josune Velez de Mendizabalek eta Ane Gebarak antzeztu zuten obra. Hirugarren ekitaldia biharkoa izanen da, eta herritarrak izanen dira protagonistak; bai kanboarrak, bai eta debarrak ere. Lauetan azkena heldu den ortzegunean eginen dute, uztailaren 24an, eta kontzertu formatuan izanen da: Xiberoots talde zuberotarra arituko da kantuan.
Parte hartzeko gonbita
Debako Udalak herritarrak eta gainerako bisitariak gonbidatu ditu biharko —eta hurrengo asteko— ekitaldian parte hartzera, «elkarrekin partekatzeko, loturak sortzeko eta garen hori sendotzeko: herri euskaldun, bizi eta konprometitua». Urtero egiten duten moduan ondu dute aurtengo egitaraua ere: herriko sortzaileekin eta kanpotik etorritako bertze eragile batzuekin batera. Dantza taldeak, musikariak, antzerkilariak, gidoilariak, laguntzaileak, bertzelako parte hartzaileak eta ikusleak izanen dira iturriaren ondoan. Udalak kontatu duenez, elkarlanean sortutako ekimena da, eta eskerrak eman nahi izan dizkio alea jarri duen herritar bakoitzari. Gainera, azpimarratu du kultura zaintzea eta elikatzea hagitz garrantzitsua dela, eta Debak auzolan iturri horretatik edan behar duela, baldin eta euskalgintzan iraun nahi badu.