INDARRA LAGUN

Itxaropen berri bat

Tximino klonen armada zezen plazara abiatu da, alde ilunaren aurkako bataila hasteko asmoz. Herri bestetako lagun asko alde ilunera gerturatu dira, zezenketetara joanda.

Iker Tubia.
Iruñea
2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tximino klonen armada zabaldu da Iruñea planetako zoko guzietan. Une batez, begiak gorritu zaizkie guziei, eta martxa militarraren urratsari jarraikiz, zezen plazara abiatu dira. Tximinoak agertu dira Estafetatik, Labritetik, Amaiatik eta Nafarroako Gorteen kaletik. Atarira ailegatu, eta hantxe bertan gelditu dira. Jende anitz dago inguruetan. Haiei begiratu diete askok. «Zer eginen dute?», galdetu diote beren buruari zezenketa zaleek.

Arratsaldeko seiak dira, eta peñak ailegatzen hasiak dira. Txarangen erritmoari jarraikiz heldu dira, deskoordinatutako koreografia eginez. Lau urrats atzera, eta, agudo, hainbat urrats aurrera; hori da peñakideek bidean aurrera egiteko duten modua. Halako batean, bonboari kolpe sendo bat eman dio gazte batek, eta metal guziak batera hasi dira melodia bera jotzen: Charpentierren Te Deum moteteko preludioa. Erreflexu handiekin, peñakide guziek eskuak gora altxatu dituzte, eta eskuak eskuin-ezker mugitzen hasi dira, bonbilla bat jartzen ariko balira bezala.

Oihala jaso, eta sartu dira plazara, banan-banan. Atzetik heldu dira beste batzuk. Asko mozorroturik doaz. Erraldoien itxura hartu dute peñakide batzuek, Barack Obama AEBetako presidentearena beste batek... Orduan, tximino klonek pankarta bat atera dute zezen plazaren atarian. Zezenketarik ez! dio, odolez zipriztindurik dirudien oihalak.

Alde ilunaren boterea handia da, oraindik ere, Iruñea planetan. Herri besten aldeko anitz zezen plazara joaten dira, oraindik ere, alde ilunaren indarrari ezin eutsirik. Barnean, zain dituzte askarirako eramandako hamaika plater. Buffet libre batean baino gehiago jan daiteke zezen plazan, eta eskaintza, normalean, oso zabala da. Hori guzia, sangriarekin nahasita. Batzuek zintzurretik behera botatzen dute, besteek, aldamenekoari goitik behera.

Harmailetan denetariko aldarriak: erasorik ez, Europa honi ez, presoak etxera... Mutiko batek mezu argia du kamiseta zuriaren gainean. Tortura hitza ageri da, beltzez, eta marra gorri batek ezabaturik. Plaza mutu uzterainoko oihu ozen bat izan zitekeen. Baina ez. Ez du han gertatzen dena salatzen. Bera ez dago zezenak torturatzearen alde, baina, giroa ona dela dio.

Tximino klonek ez dute gehiagorik luzatu nahi egoera hori. Urtero, 48 zezen hiltzen dituzte plaza publikoan, sangria eta gin-tonicak txikitutako begiraden gerizpean. Tximino klonen taldeak bere armak atera ditu, 18:30ak jotzear direnean. Laser izpiak botatzen dituzten eraztunak paratu dituzte hatz erakuslean, haizemailea hartu dute beste eskuan, ezkutua beharko dutelakoan.

Klon nagusiak, adar bat hartu, eta deia egin du. Ondoren, gerrikoan gorderik zuen burbuilak egiteko pistola atera du. Flop, flop, flop... burbuilak hegan joan dira. Haietako bat, zezen plazan sartu da. Han, eguzki eta kantuen karietara gori-gori den plazaren erdian, zezen bat dago. Geldirik. Aurrean du zezen hiltzaile bat, dir-dir egiten duten lentejuelaz josiriko jantzia soinean. Kapa arrosa eta hori bat du eskuetan, eta kolpeka astintzen du.

Momentu horretan, burbuila airean gelditu da, zezenaren eta kaparen artean. «Lasai adiskidea, gaur salbatuko zaitugu», aditu, eta, plof, lehertu da burbuila.

Txarangen doinuak nahastu egiten dira plazan, basoak harmailetan gora eta behera dabiltza dantzan. Eguzkiak jotzen duen eremuan, hainbat jedi ere ikus daitezke, alde ilunari aurre egiteko adorerik edo indarrik izan ez dutenak. Zezen hiltzaileak, banderillak hartu ditu eskuan. Harmailatik oihuak aditzen dira: «Padilla, zoragarria».

Mehatxua gertu dela antzeman dute tximu klonek. Berriz ere, adarra jo du nagusiak. Hawaiiko hondartzetako lepokoak askatu, eta plazako paretan gora jaurti dituzte, goiko aldean lotuz, eta hasi dira zezen plazako pareta igotzen. Goraino ailegatuta, salto egin dute arearen erdigunera. Inperioko soldaduak agertu dira momentu horretan, eta laser izpiak trukatu dituzte. Anabasaren erdian, tximinoetako batek zezena berarekin eraman du. Beste bostak ere askatu ditu. Ez dute alde iluna garaituko bataila horrekin, baina ireki dute itxaropen zirrikitu berri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.