Pablo Iraburu. Dokumentalen zuzendaria

«Itxaropen izpi bat utzi digute protagonistek»

Discovery Max kateak 'Al otro lado' saioa estreinatuko du asteartean (22:30). Zortzi herrialdetan, lau mugatan, harresien bi aldeetan dauden pertsona batzuen istorioak jaso dituzte Iraburuk eta Migueltxo Molinak.

DISCOVERY MAX.
urtzi urkizu
2016ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
1999. urtean, Arena Comunicacion Audiovisual ekoizpen etxea sortu zuen Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969). Nazioartean harrera bikaina izan duten dokumentalak zuzendu ditu, Txalap.art etxearekin elkarlanean: Nomadak TX, Pura vida, Walls...

Donostiako Zinemaldian Walls film dokumentala estreinatu zenuten. Zer ezberdintasun daude film horren eta Al otro lado saioaren artean?

Filmak denboraren muga zuen: 80 minutu irauten du. Dokumental saioa filmaren bertsio luzea da. Filmean sartu ez genituen trama batzuk azalduko dira, eta beste istorio bat gaineratu dugu: India eta Bangladeshen arteko mugakoa. Saioaren tonua, mezua eta planteamendua, dena den, filmaren berberak dira.

Nazioartean zer moduz funtzionatu du Walls filmak?

Europan eta Europatik kanpo bide oso ona egin du jaialdi askotan: Qatarren, Minneapolisen, Moskun, Amsterdamen... Nazioarteko banaketa primeran funtzionatzen ari da.

Harresietako bi aldeetan bizi diren pertsonen eguneroko bizimodua jaso duzue. Zer sentsaziorekin gelditu zara errealitate horiek ezagututa?

Kontraesanez betetako sentipenak. Batetik, deprimitzeko modukoa da ikustea zer mundu ari garen eraikitzen, batzuentzat harresiz betetzen delako. Tristea da hori. Bestetik, grabaketetan ezagutu ditugun pertsonak deskubritzea ederra izan da. Itxaropen izpi bat utzi digute, istorio politekin.

Mugen artean Maroko eta Espainia artekoa dago. Ez al dago zentsura hor gertatzen denaz?

Guk ez dugu inolako zentsurarik izan, gure asmoa ez zelako aktualitatearen inguruko informaziorik ematea. Giza erretratu bat egin nahi genuen. Melillako protagonista bat guardia zibila da, eta ez ziguten inolako arazorik jarri.

Nola lortu duzue akordioa Discovery Max katearekin?

Geure kabuz hasi ginen grabazioekin, Arena eta Txalap.art etxeetan apustu eginez, eta babesik gabe. 2014ko Donostiako Zinemaldian proiektuaren berri izan zuten Discovery Maxekoek, eta eskaintza egin ziguten. Esan genien erritmo pausatua izango zuen lana zela, narratzailerik gabekoa. Eta ondo iruditu zitzaien, erabateko askatasuna eman digute.

Mexiko-AEB eta Hegoafrika-Zimbabwe mugak ageri ziren Walls-en. India-Bangladeshekoa ere agertuko da saioan. Zer moduzkoa izan zen han grabaketa?

Guztietatik zailena izan zen. Eremu arriskutsua da; baimenik gabe aritu ginen grabatzen, eta amaieran atxilotu egin gintuzten.Bangladeshtik kanporatu gintuzten azkenean. Gogorra izan zen, gogorrena.

Dokumental saioa telebistan irekian ikustea ondo etorriko zaizue, ezta?

Guri interesatzen zaigu jendeak ikustea zer egiten dugun. Uste dugu egiten ditugun lanek gizarteari onura ekartzen diotela. Pentsatzen dugu istorio hauek ezagutu egin behar dituela jendeak. Idealista naiz, agian, baina erabaki politikoak aldatu egin daitezke ezagutzen bada nolakoak diren harresian jauzi egin behar duten pertsonak: zu eta ni bezalakoak. Baina egiten ditugun lanak ez badira ikusten, ez dute ezertarako balio.

Jorge Fernandez Mayoral eta Pablo Toscorekin batera, District Zero dokumentala grabatu zenuen Zaatari errefuxiatu eremuan. Gerora, kamera asko iritsi dira toki horretara.

Zaatari telebista plato bilakatu da ia, baina hara joaten dira, gehienez elkarrizketa batzuk grabatu, eta bueltan itzuli. Guri interesgarriagoa iruditzen zitzaigun pertsona baten eguneroko bizimodua modu patxadatsuan jasotzea. Zerbait mantsoago egitea. Ikuspuntu intimista ezberdin horri esker, zabalpen handia izan du. Jordaniako zinema aretoetara ere iritsi da. Sekulakoa da hori.

Ekoizpen etxeek bizirik irauteko ez daukate erraza gaur egun.

Ez. Guk ez dugu itxi, baina ixteko arriskua hor dago. Proiektuak hasten ditugunean ez dakigu galerak izango ditugun. Gaizki ateratzen bada, akabo. Orain Kukai dantza taldearekin ari gara dokumental batean lanean, eta ez dakigu nola aterako den. Etengabe amildegian bizi gara. Baina gure proiektuetan lan egiten duten guztiek badute soldata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.