Mendizaleoi, akaso, Ebro iturria ezaguna egingo zaigu Itxinako mendigunera bidean den Kargaleku inguruan ur xumeak barrura iragazten direlako. Horrezaz gainera, gauza jakina da Ebro iturriaren eta errekasto horren baliabide hidraulikoak egokitu behar izan zirela XIX. mende amaieran, Arrabako klima egokia zela eta sanatorio bat martxan ipini nahi izan zelako.
URIGOITITIK GORA. Urigoitiko San Lorentzo elizaren ezkerraldetik hasiko gara oinez. Asfaltotik hasieran eta porlan bidetik gero, Bidatxe aterpearen aurrean izango gara laster, baita bidegurutze baten aurrean ere. Ezkerretik segitzen duen bidea bazter utzia, nagusia lehenetsiko dugu goraxeago egokitu den aparkaleku batera iristeko. Atseden leku gisa atondu duten ingurua da, eta Itxinako Atxek sortutako harresi igaro ezinera begira-begira dago. Ezin esanezko paisaia mira daiteke talaia paregabe horretatik, batik bat udako ilunabarretan, eguzkiak kare-harrizko hormaren kontra jotzen duenetan alegia. Beharrezko atsedena hartu ondoren, burdinazko barrera igaro eta gorantz egingo dugu Gorbeiako parke naturala adierazten duen argibide taula baten ezkerraldetik. Ur biltegi baten ondotik igaroko gara gero eta, alanbre baten paraleloan ibilita, bidea oztopatzen duen langa bateraino segituko dugu.
EGALASABURUTIK ALDABIDERA. Langa zeharkatu eta metro gutxira, pista belarditsu bat ikusiko dugu eskuinetik. Hura bazter eginda (handik itzuliko gara eta) eta aldapari aurre eginda, itxitura batera helduko gara. Egokitutako lekutik igaro ondoren zelaigune batean izango gara. Itxinako Atxak eta Sintxitako sakana begi aurrean izango ditugu. Hesia gurutzatuz eta ezkerraldera eginez, Gorbeiako parke naturaleko argibide taula batekin topo egingo dugu. Bide nagusitik aurrera egingo dugu, elorri zuri eta beltzen artean lerroari eutsita. Egalasaburuko larreetara helduko gara atso-agurea piura duten harrizko monolitoen ondora iritsi bezain pronto. Zelaigunean, hain zuzen ere, Itxinako biotopo babestuko Atxulo izeneko ate naturalera hurbiltzeko aukera izango dugu. Harrizko ate hura aurkitzeko, mendigunearen iparraldeko hormaren parean ibili behar da hainbat minututan. Itxinako harrizko igarobide naturala ezagutzen ez duenak ez dezala dudarik egin, joan-etorriko paseotxo ederra baita harainoko bidaiaz ez da damutuko. Zinez!
Aldabideko iturburura jaisteko, ordea, Atxen ondoko harritzara zuzendu behar ditugu pausoak, eta maldan behera jarraitu. Alde kaotiko baten itxura izan arren, ganaduak jorratutako xendei jarraituta arazorik gabe zeharkatuko dugu alde hura. Itxinaren gaineko irudi ezohikoak izango ditugu ibarrean behera egitean. Ibarra estutzen den lekuan pista bat ikusiko dugu, baita Aldabide iturria ere. Eguzkiak bete-betean jotzen duenean, parajeok korritzen dituen ganaduak egarria asetzeko hara biltzeko ohitura du. Sintxitako atakatik datorren ubide zaharra ikusiko dugu ezkerraldean. Maldan behera segituko dugu eta Urigoititik iristen den bide zabalarekin bat egingo dugu. Aldabideko turrusta ezkerraldean gelditzen da. Iturburua bera, aldiz, lehen ikusitako ubidearen ondo-ondoan. Presa txiki batean biltzen dira urak eta jauzi polita marrazten dute beherago, iritsi garen lekuan hain justu. Ekaitzak izaten direnean edota euria etengabe botatzen duenean, beste jauzi bat ikus daiteke beheraxeago.
Urigoitira itzultzeko Aldabide ondoko pistari segituko diogu. Pagadi batera iristean, alanbre bat zeharkatu eta pista belarditsu bati ekingo diogu. Garaiera handiagora igotzen hasiko gara orduan Egalasaburutik datorren pistarekin bat egin arte. Jaitsiera labur baten ondotik atsedenlekutik igaro eta Urigoitira iritsiko gara.
aLDaBIDe
Ur-jauzia: Aldabide.
Erreka: Aldabide erreka.
Herrialdea: Urigoiti (Orozko), Bizkaia.
Mendilerroa, mendia: Itxina Biotopo Babestua, Gorbeia.
Ur-jauziaren neurria: 10 metro.
Gomendioak
Ura eta hamaiketakoa eraman.
Arreta berezia izan Aldabidera jaisterakoan. Jaitsiera luzea ez den arren, aldapatsua da azken zatian, eta harritzan gaindi ibili behar da.