Komunikazioa

Itzali telebista, eta piztu sarea

'Argia' -ko Axier Lopezen arabera, telebista kultura da porrotik handiena. Ondorio kaltegarriak saihestearren, ikus-entzunezkoak Internet bidez kontsumitzea aholkatu du.

Axier Lopez, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena  kulturunean, Euskarabildua jardunaldietan. ADRIAN GARCIA.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ez dago beste komunikabiderik telebistak bezainbesteko oihartzunik duenik; herritarren gehiengo handi batek ikusten du telebista, eta horrek mezuak helarazteko tresna eraginkorrena bilakatzen du. Axier Lopez Argia-ko kazetariak Euskarabildua jardunaldietan telebista kateen jabetza esku gutxitan egoteak dakartzan arriskuez ohartarazi du, eta horiek saihestu eta ikus-entzunezkoez gozatzeko beste era bat proposatu: sarean ikustea.

Interneteko ikus-entzunezkoen mundua izan dute hizpideEuskarabilduaren bigarren jardunaldietan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ikusi eta entzun. Multimedia produkzioaren gako komunikatibo eta teknologikoak izenburupean, Interneteko bideogintza aztertu dute, ikuspegi komunikatibotik zein teknologikotik.

XX. mendeko kultura-porrotik handiena: telebista. Itzali eta erdu sarera hitzaldian telebista kateen pribatizazioak ekarritako ondorio kaltegarriak zerrendatu ditu Lopezek. Mugarritzat baitu kazetariak 1980ko hamarkadan Espainian gertatutako pribatizazio prozesua. «Eskubide bat dena, Giza Eskubideen Aldarrikapenean jasota dago, zerbitzu publikoa izan behar duen hori pribatizatu zuten».

Pribatizazioa mugarri

Eraginak, berehalakoak eta erabatekoak izan ziren: «Telezaborra». Beste hitz batzuetan: AEBetan, orduko eta gaur egungo potentzia ekonomiko, politiko, militar eta kulturalean egindako kopia. «Ukitu latino batekin, nahi badugu».

Telebista berez tresna erabilgarritzat dauka Lopezek. «Ez da txarra; erabilpenaren araberakoa da». Alfabetizatzeko, hizkuntzak berreskuratzeko eta indartzeko, kritikotasuna lantzeko, jakinduria unibertsala hedatzeko, kultura komunitatea kohesionatzeko, arrazakeriari aurre egiteko eta aniztasunean hezteko tresna izan zitekeenak, baina, beste norabide guztiz desberdina hartu zuen. «Audientzien lehian hasi ziren».

Audientzien lehia horrek «epe laburreko ikuspegia» eta «programazioa espektakulu bihurtzea» ekarri zituen. «Aurkezle ezagunak, eduki gabeko saioak, morbo pittin bat eta tentsioa mantendu beharra». Telebista publikoak ere joko horretan sartu ziren. «Ez lukete horretan sartu behar, baina hala izan da».

LTD Lurreko Telebista Digitala eredu horren adibidetzat dauka Lopezek, nahiz eta «aniztasunaren panazea» gisa saldu zuten. Unai Brea Argia-ko lankidearen hitzak erabili ditu LTDa definitzeko: «LTDaren etorrerarekin pozik dauden bakarrak haurrak eta fatxak dira».

Lopezek ez du uste komunikabideak gizartearen ispilu direnik«askok esaten duten bezala». Edukien aukeraketan dagoen hierarkia ezkutuan mantentzen dutelakoan dago. «Atzean oso jende gutxi dago, eta saioen edukiak zehazten dituzte».

Argia-ko kazetariaren arabera, telebistak beti sinetsarazi nahi du neutrala eta objektiboa dela. «Así son las cosas, y así se las hemos contado (Horrela gertatu da, eta horrela kontatu dizuegu)». Halere, bi kontzeptu horiek kazetaritzan lortu ezinezkoak dira, «gizaki sozialak garen heinean».

Zintzotasuna, egiazkotasuna eta aniztasuna sustatu beharrean, gaur egungo telebistak, oro har,beste balio kaltegarri batzuk zabaltzen ditu. Zerrenda luzea aipatu duLopezek: arinkeria, gizonek sortutako eredua, sexismoa eta edertasun molde bakarraren gorazarrea, besteak beste. «Badirudi La Sextako albistegien aurkezle izateko bi metroko neska katxarroa izan behar duzula».

ETB hizpide

Albistegiek gogoeta itotzen dutelakoan dago, albisteak solte inongo konexiorik gabe aurkezten dituztelako. Beste ondorio ezkor batzuk ere azaleratu ditu Lopezek gaur egungo telebistari eginiko analisian: eurozentrismoa sustatzen du; immigrazioa ikusezin egiten du; dirua bizitzako erreferente bihurtzen; prekarietatea sortzen; eztabaida faltsuak sortzen; estatu propaganda zabaltzen; hiztegia birmoldatzen du; mamu edo etsai berriak sortzen ditu interes ekonomikoen mesedetan; boterearen gaitzak edo krimenak ezkutatzen eta kontsumismoa bultzatzen. «Arazoa ez da bakarrik telebista atzerakoia izatea, arazoa da jabeak errentagarritasunaren bila doazela».

ETB ere hizpide izan du. «Audientzia eta errentagarritasuna lortzeko sortu zuten ETB2. Ondorioz, ETB1 ahatetxo itsusia bihurtu da».

Gustuko saioak ikusteko eta aipatutako «ondorio txarrak»ez irensteko aholku bat eman du Lopezek: «Hartu gustatzen zaizuna, eta ikusi Interneten». Haren ustetan, hedabide txikiek sarean multinazionalei aurrea har diezaiekete. Izan ere, arrakasta izan duten edukiak sortu dituzte, Eguzki bideoak, Mihia Pitz saioa eta Beranduegi, besteak beste. Beste kontu bat da, nola ziurtatu bideragarritasun ekonomikoa sarean. «Inork ez dauka erantzunik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.