Donostiako Aste Nagusia 

Itzulera haurtzarora

Adin guztietako pertsonek kalean goza dezaten barrakak daude Donostian: haurrentzako, Artzain Onaren ondoan, eta helduentzako, Pasealeku Berrian.

Umeetako garaiak berriz bizitzeko eta gogoratzeko aukera izango dute helduek, abuztuaren 28 arte, Pasealeku Berrian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Arratsaldeko zazpiak jo dute Artzain Onaren katedralean, Donostian. Ondoko kalean dago Koldo Mitxelena liburutegia, eta bertako eskaileretan daude eserita hiru nerabe, euren sakelako telefonoetan murgildurik. Bitartean, haurren gozamenerako, barrakak daude non-nahi Urdaneta kalean.

Familia giroa da nagusi, Nagore Zalbide donostiarrak esan duen bezala. Arratsalde-pasa etorri da sendiarekin: «Barraketan ibili gara, hirugarren aldiz jada, eta, gero, zerbait hartzera joango gara». Kexu da Zalbide katedralaren ondoko barrakek prezio garestiak dituztela: «Ez dira inoiz merkeak». Familia giroan ere etorria da barraketara Jesus Mari Tapia. Bi bilobekin eta emaztearekin etorri da, aste honetan bigarren aldiz. Giro ona dagoela onartu arren, esperientzia «oso garestia» dela ondorioztatu du Tapiak: «Azkenean, askotan etortzen gara, eta konturatzen zara asko kostatzen dela».

Familia giroak markatu du gaurko Donostiarako bidaia Iker Araizegirentzat; Ibarratik (Gipuzkoa) etorri da sendiarekin. «Lehenengo, umeen gustura pixka bat, eta, gero, gurea egiteko intentzioarekin», esan du. Ibartarrak adierazi du ondoren ogitartekoren bat eta izozkiak jango dituztela eta suak ikusiko dituztela. «Gastatzeko aukera dago, izanez gero. Donostia berez da garestia, baina, gure kasuan, ez da eguneroko gauza bat, tarteka salbuespen gisa egiten dugu», zehaztu du Araizegik.

Aurkako iritzia dute, ordea, saltzaileek prezioen inguruan. Hamabost urte daramatza Donostiako barraketan Carlos Baptista leihatilako arduradunak. «Kontrara, hemen ordaintzen duguna aintzat hartuta, merkeegiak dira prezioak. Iruñera joaten bazara, 3 edo 3,50 euro kobratuko dizute, eta, hemen, 2,20 euro», argitu du saltzaileak. Langileekin ez dituela etekin handiak ateratzen onartu du Baptistak: «Urte hauetako balantzea ez dizut esango, baina bai 7.000 euro ordaintzen dudala».

Shota Meshevelionik, aldiz, hiru urte daramatza leihatilen arduradun gisa Gipuzkoako hiriburuko Aste Nagusian. «Jende gutxiago ibili da azken urteetan», adierazi du, eta hor bat egin du Baptistaren ustearekin, kanpotar gutxiago ikusi duela ondorioztatu baitu hark. «Lehen, hamar fitxa erosten zuten, eta, orain, bakarra. Krisi ekonomikoa nabaritu dugu», esan du Meshevelionik.

19:30 dira dagoeneko, eta leporaino beteta dago Urdaneta kalea. Familia andana dago paseatzen, edo arratsalde-pasa. Artzain Onaren plazan dago txurro denda bat. Bertan erosi dituzte txurroak aitona-amona batzuek, eta banatzen ari dira, bi urte inguruko bilobaren aurrean. Txurro denda parean dago kafetegi bat, eta terrazan, zerbait hartzen ari dira batzuk, haur kotxea alboan duten senide batzuk tartean. Era berean, Eurodisney izeneko barraka aurrean daude eserleku batzuk. Horietako batean dago eserita aitona bat, bilobari askaria ematen. Koldo Mitxelena ingurura familia gehiago joan dela dirudi.

Pasealeku Berriko barraketara bidean, bi neskek eskainitako kontzertua dago Donostiako portuan. Gainera, errefuxiatuei ongietorria egiten dien postuan, jendea dantzatzen ari da musika alaiarekin batera 20:10 aldera. Turista asko dago pasieran, eta batzuk, frantses ugari tartean, Kontxako badiara begira daude.

Turista asko Donostian

20:30 dira jada, eta animatuta dago jendea oraindik. Zarauztik etorri da Nerea Garcia familiarekin. Speed izeneko barrakara igo da haren bikotekidea. Badaki Artzain Onaren inguruan umeentzako barrakak daudela, baina Garciak espero zuen Pasealeku Berrian ere haurrentzako barrakak egongo zirela: «Zarautzen ere barrakak ditugu, eta han dena da umeentzat». Prezioak «oso garestiak» direla nabarmendu du: Donostian 3,20 inguruan daude sarrerak, eta haren herrian, ostera, bi eurotan.

Honako hau esan du, sarreren harira, Pilar Villar leihatila arduradunak: «Espainiako beste hirietan baino merkeago lan egiten ari gara, Donostia hiririk garestienetakoa izanda. Bilbon prezio garestiagoekin egiten dute lan». Sevillakoa (Espainia) da saltzailea, eta 35 urte daramatza Donostiako Aste Nagusira etortzen. Azken urteotako publikoa bera dela zehaztu du Villarrek. Turista asko ikusten ditu normalean saltzaileak, frantses ugari batez ere.

Donostiako Amara auzoan hiru urte daramatzate Hondurasko Elisabeth Lopezek eta Dina Sarmiento Lopezek. «Behin ikusi ditut suak bakarrik. Larunbata izan zen lehen aldia, eta formak gustatu zitzaizkidan», esan du Lopezek. Ekitaldiak ondo antolatuta daudela eta adin guztientzako aproposak direla zehaztu du Sarmiento Lopezek. Larunbata jaien azken eguna izanda, familiarekin gozatzeko asmoa dute biek.

20:50 dira, eta freskatzen hasi da. Eguzkia sartzen ari da, baina jendetza dago oraindik Pasealeku Berrian. Ezkutatzen ari den eguzkiari zein Santa Klara uharteariargazkiak ateratzen ari dira turistak. Kontxako badiak eskaintzen duen paisaia paregabean, umeen antzera berriz sentitzeko aukera dute helduek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.