Bi urteko etenaren ondotik, lehertu da festa Baionan. Atzo 22:00etan eman zioten hasiera bost eguneko eromenari. Milaka jende batu ziren Baionako herriko etxe aitzinean egin zuten besten irekitze ofizialaren ekitaldian, zapi gorria eskuetan zutela. 90. urteurreuna ospatuko dute aurten Lapurdiko hiriburuko bestek, eta Zorionak zuri frantsesez kantatuz egin zion harrera ospakizunari plazan bidu zen masak. «Zer plazera Baiona xuri eta gorriz ikustea, hainbeste jenderekin. Bi urtez egon gara bestarik gabe, baina, azkenean, bai: Baiona bizi da! Gora Baiona!», adierazi zuten bi esatariek herriko etxeko balkoitik, euskaraz eta frantsesez egindako aurkezpenean.
Ikusi gehiago:Besta bestela egin baitaiteke
Ohi bezala, Baionako harmoniaren kontzertuak eman zion hasiera ekitaldiari, eta plaza osoak kantuz erantzun zien, Peña Baiona Baionako errugbi taldearen ereserkia ematean, zapi gorria eskuetan hartu eta airean astitzen zutela. Anne Etxegoien kantaria agertu zen ondotik Txoriak txori kantatzera —Hegoak bezala aurkeztu zuen esatariak—. 2016an auzapezak bertsoa zentsuratzea erabaki zuenetik, ez da bertsolaririk igotzen herriko etxeko balkoira. Haatik, okzitanierazko Lo Prosei testua irakurri zuen Maya Lauque telebistako aurkezle ezagunak. «Euskaditik etorriak, Iparraldean bilduak, kantu, flauta eta txistuek oihartzuna egiten dute portuaren eta hiriaren bihotzean. Gaskoia, euskalduna, unibertsala», dio testuak, besteak beste.
Osasun langileak omendu zituzten atzoko ekitaldian, eta pandemia garaian egindako lanagatik eskertu zituzten. Hiru erizain eta mediku bat igo ziren balkoira, eta txalo zaparrada bat eskaini zieten. Horietako bat, Carole Fabrega erizaina, arduratu zen hiriko giltzetako bat botatzeaz. Azken urteetan txapelketa bat baino gehiago irabazi dituen Battitta Ducassou pilotariak bota zuen bigarren giltza. Hirugarrena, aurten Pro D1 mailara itzuli den Baionako errugbi taldeko Philippe Tayeb presidenteak bota zuen. 22:00ak heldu zirenean, hamabi kanpaikadak jo, giltzak airean bota eta ofizialki ireki zituzten festak. Momentu horretan esnatu zen Leon erregea ere, ezkutuan atxikitzen zuen erridauaren gibeletik aterata. Su artifizialekin bukatu zen ekitaldia.
Prestaketak goizean goiz
Irekidura gaueko hamarretan izanik ere, Baionako besta denboran lanean jarraitzen dutenak goizean goizetik lanean hasiak ziren, atzo. Egun hasieratik, Baionako karriketako giroa erabat eraldatua zen. Bakoitzak bere jantzi zuri eta zapi gorria soinean, bestaren lehen egunari hasiera emateko prest ziren. Musikak ere, bere lekua ongi egina zuen goizetik, giroa hirian zabalduz. Alta, bestaz harago, lanean jarraitzen dutenak ere badira, bost egunei eusteko indarretan buru belarri sartuak.
Alde batetik, lagunak elkartzen ikusten ziren, irria begietan, eta bestan hasteko prest. Bestetik, ordea, ostalari eta langileak seriostasunez aktibatzen ziren, tarrapataka, azken prestaketen antolaketan. España karrikan, erritmoa bizia zen. Baionako besten erdian izateak, antolaketa izugarria inposatzen die bertan lanean ari direnei. Valérie botikaria da, eta asteazkena zen bere farmazia egun osoz irekitzen ahal zuen egun bakarra. «Ostegun eta ostiralean goizean bakarrik irekitzen dugu, eta larunbatean, aldiz, batere ez, ezinezkoa da.» Sekulako koordinazioa beharrezkoa dela zehaztu zuen: «Aitzinetik antolatzen gara, paziente tratamenduekiko, batez ere, eta auzoko erizainei asterako behar dutena aitzinetik prestatzen diegu».
Farmazia parean, Fandango ostatuko langileak irribarretsu agertzen ziren. Lehen Baionako bestak dituzte, baina jabearen ustez, «ez da arazorik gaizki pasatzeko», «ongi bideratuak» izan baitira. Usaian ez bezala, ostatuen barrak karrika erdiraino hedatzen dira, ostatu barnea hetsiz, eta kanpoko eskaintza bat proposatuz. Hori, «herriko etxearekin antolatua da, planoak proposatzen dira eta baieztatzen dituzte». Langileak bost egunen erokeriari aurre egiteko prest dira, eta, bide batez, gozatzeko ere bai.
Baionako bestak
Itzuli da besta Baionara
Besten 90. urteurrena ospatuko dute, bi urteko etenaren ondotik. Fabregak, Ducassouk eta Tayebek bota dituzte giltzak herriko etxeko balkoitik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu