Urtero-urtero, ehunka irakurlek igortzen dituzte beren argazkiak BERRIAk antolaturiko udako argazkien lehiaketara, eta hala izan da aurten ere. Duela bi aste, lehenbiziko bi sarien irabazleak nor ziren zabaldu zen: Iker Zubizarreta eta Alvaro Company Lopez de Munain, hurrenez hurren. Hirugarren sariaren irabazlea, baina, irakurleek hautatu dute, irailaren 13tik aurrera, astebetez.
Jasotako 407 irudietatik BERRIAk aukeraturiko hogeiren artean bozkatu behar izan dute irakurleek. Hala, Luis Fco. Llavori Romatet zumaiarraren argazkiak jaso du boto gehien. Itzurungo hondartzaren irudi bat da, eta 117 boto jaso ditu. Llavorik Biba Ardoak-eko mahastizainen ardo ekologikoekin osatutako sorta bat irabazi du.
Guztira 951 lagunek bozkatu dute, eta oso lehia estua izan da, bigarren postuan gelditu den argazkiak hamar boto gutxiago baizik ez baititu eskuratu. Leitzaran ibarreko irudi bat da.

Mendi kroniken lehiaketa
Argazkien lehiaketa amaitu bada ere, mendi kronikenean parte hartzeko epea azaroaren 9a bitarte dago zabalik. 8.000-10.000 karaktere bitarteko testuak igorri daitezke, eta, horrekin batera, argazkiak ere aurkeztu beharko dira: gutxienez zortzi eta gehienez hamar. Argazkiez gain, bertze edozein elementu grafiko ere bidali daiteke, mapak edo ibilbideak, adibidez. Kontakizunaren originaltasuna baloratuko da, baita hizkuntzaren egokitasuna eta aberastasuna ere. Idazlana ezin da bertze inon argitaratutakoa izan.
Hiru sari egonen dira: zortzi eguneko mendi ibilaldia Atlas Garaian (Maroko), lau lagunentzako asteburupasa Ikai Vansen karabanan, eta 200 euroko bonu bat Hamaika Mountain dendarako. Irabazleen lanak Gabonetan argitaratuko dira.