Dantza

Iurretan ere, ez neska eta ez mutil, dantzari baizik

Lehen aldiz, emakumeek ere ezpata dantza dantzatu dute Bakixaoko jaietan. 

Emakumeak ezpata dantzan Leitzako Santiburtzioetan. MIEL MARI ELOSEGI
2018ko urtarrilaren 22a
11:10
Entzun

Geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da: aurrez beste hainbat herritan egin bezala, Iurretan ere (Bizkaia) emakumezkoek ezpata dantzan parte hartu dute lehen aldiz. Bakixaoko sansebastianetan gertatu da. Julen Orbegozo lekuko izan da, eta horren berri eman du sare sozialetan. 

Aritz Maldonado Anboto.org-ko kazetariak kontatu duenez, berritasun historiko hori dantzari belaunaldi berri bat dantzan hastearekin batera etorri da. Ezpata dantza Iurretako Mikel Deuna dantza taldeko dantzariek dantzatzen dute Bakixaon, eta horietako batek, Olatz Plazaolak, hala azaldu dio Anboto.org-ri: "Bakixako jaietan belaunaldi ezberdina estreinatu da; neskek zein mutilek izan dute aukera dantza guztiak egiteko". 

Anboto.org-k azaldu duenez, 14 eta 18 urte bitarteko dantzariek egin dute dantza: zazpi neskak eta mutiko batek. Aurreko belaunaldiak hamabost urtez egin du dantzan, eta belaunaldi berria hiru urtez aritu da entseatzen. "Guk dantza guztiak erakutsi dizkiegu, ezberdinketarik egin gabe, gero beraiek nahi zutena dantzan egin ahal izateko", azaldu du Plazaolak.

Leitzan 2015ean egin zuten urratsa, Santiburtzio jaietako egun handian. Urte berean egin zuten jauzia Zumarragan ere, uztailean. Festa eta dantza berezia da Zumarragakoa. Antioko baseliza inguruetan egiten da, eta jende ugari biltzen du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.