Telesailak

Izar artean, iparra galduta

Noomi Rapace eta Jonathan Banks dira protagonista ‘Constellation’ Apple TV Plusen zortzi ataleko espazioko thriller psikologiko berrian.

CONSTELLATION TELESAILA
'Constellation' telesaila. APPLE TV PLUS
Mikel Yarza Artola.
2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

2013an Alfonso Cuaron mexikarrak mundua txunditu zuen, eta zuzendaririk onenaren Oscar saria eskuratu zuen, lehenengoz, Gravity filmarekin. Ezin esan Constellation telesaila horrenbestekoa denik, baina pantaila txikirako sekula egindako espazio-istoriorik handiena da, duela hamarkada bat imajinaezina ziruditen horietakoa.

Apple TV Plusen estrategia argia da. Aurrekontu milioidunak eta aktore entzutetsuak uztartuz lortzen ari da hilean gutxienez bi nobedade esanguratsu plazaratzea eta telesail zaleen interesa bereganatzea. Oraingo honetan, Noomi Rapace (Millenium: Emakumeak gorrotatzen zituzten gizonak) eta Jonathan Banks (Breaking Bad, Better Call Saul) batu ditu espazioaren esplorazioari buruzko konspirazio thriller erakargarri batean.

Istripu larri bat izan ostean, modu sinesgaitzean Lurrera bizirik itzultzea lortzen duen emakumezko astronauta bat da istorioko protagonista. Itzultzean, ordea, ohartuko da bere alaba eta bizitza pertsonaleko gainerako ardatzak modu misteriotsuan eraldatu direla. Amatasunaren prismatik begiratuta, bati baino gehiagori burura etorriko zaio Proxima (Alice Winocour, 2019) film frantziarra, Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuena; aldiz, denbora jauziek eta goi mandatarien arteko norgehiagokek Arrival (Denis Villeneuve, 2016) ere ekar lezakete gogora.

Espazioko eszenak arnasa kentzeko modukoak dira. Argazki, argiztapen, dekorazio eta soinu diseinu ikaragarri zainduek are indar handiagoa ematen diete eszena dramatikoenei eta ikuslea espaziontziko bidaiari bat gehiago bihurtuko dute. Lurreko pasarteak arruntagoak dira, hamaika aldiz ikusitako krisi kabineteen melodrama girokoak, baina hemen ez dago narratiba linealetarako tarterik. Izan ere, sortzaileek hirugarren bide bat aktibatu eta istorioari thriller psikologiko dosiak biderkatu dizkiote, familia trauma seinalatu bat alfonbrapetik ateratzeko.

Peter Harness da telesailaren sortzailea, Wallander detektibearen egokitzapen britainiarreko azken bi denboraldietan gidoigile ariturikoa. Zuzendaria, berriz, Michelle McLaren kanadarra, besteak beste, The X-Files, BreakingBad, Game of Thrones, The Walking Dead eta Westworld saio laudatuetan jardundako ekoizle beteranoa da.

Protagonista astronauta suediar bat da, eta bera zein haren alaba ama hizkuntzan entzun litezke telesaileko hainbat pasartetan. Constellation ahalegintzen da AEBetako kode narratibo eta komertzialetatik urrun orbitatzen; Erresuma Batuaren, Frantziaren eta Alemaniaren arteko koprodukzio bat da, Europan sekula egin den garestienetakoa. Bada, akaso, zakuan hainbeste diru zutelako egin dute hanka sartze seinalatua.

Finlandiako prentsak jakitera eman duenez, joan den udan, filmaketa amaitu ostean, telesaileko arduradunek herrialdetik alde egin zuten kontrataturiko konpainiei zor zizkieten milioi bat euroz gaindiko fakturak ordaindu gabe. Ogasun, casting, catering eta zerbitzu elektrikoak eskaini zituzten enpresetan utzi zuen zuloa sagarraren plataformak. Izar artean, iparra galduta dabiltzan astronauten parekoa, Apple TV Plusen B aldea.

fitxa

  • Sortzailea. Peter Harness. 
  • Aktoreak. Noomi Rapace, Jonathan Banks, James D’Arcy, Julian Looman eta Barbara Sukowa.
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Apple TV Plus. 
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Thrillerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.