Bilboko Aste Nagusia

Izerdi tantak Areatzan

Hiri Krosa tradizio bilakatu da Bilboko Aste Nagusian. Aurten 25. urteurrena bete du, eta, urtero legez, adin eta sasoi guztietako korrikalariek parte hartu dute; 2.000 izan ziren atzo, festa giroan.

Guraso, ume, gazte zein helduak erakarri zituen atzo Bilboko Hiri Krosak. M. RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Kirola egiteko arropa soinean, goiz hasi zen umez betetzen Bilboko Areatzako pasealekua. Urduri antzematen zitzaien askori: azazkalak jaten zituzten batzuek; lasterka egin beharreko ibilbidea errepasatzen zuten beste batzuek. Gurasoak ere antzera zebiltzan, aurrera eta atzera. Sakelakoa eskuan hartu, eta argazkiz eta bideoz bete zuten argazki galeria. 2.000 lagunek parte hartu zuten Bilboko 25. Hiri Krosean atzo arratsaldean. Festa giroa izan zen nagusi, eta adin eta sasoi guztietako herritarrak batu zituen urteroko hitzorduak.

Bost kategoriatan banatu zituzten korrikalariak: 0 eta 6 urte bitarteko txupete kategoriatik hasi, eta beteranoetaraino. 450 bat metro izan zituen ibilbiderik laburrenak, eta sei kilometro, berriz, luzeenak.

Minutuz minutuko atzerako kontaketaren ondoren, txupete kategoriako neskek abiatu zuten lasterketa. Handik hamar minutura abiatu ziren kategoria bereko mutilak. Aurreneko aldiz egin dute sexuen arteko banaketa kategoria horretan, eta erabakia jende pilaketaren ondorio izan dela argitu zuen Iker Gaminde hizlariak: «Urtero-urtero, gero eta ume gehiago animatzen dira lasterketa egitera, eta iaz sekulako jende pilaketa egon zen». Gurasoei eskutik oratuta joan ziren haur gehienak, alde batera eta bestera begira. Jendez lepo zegoen Areatzako helmuga, eta animo, txalo eta txistu artean egiten zioten harrera partaide bakoitzari.

Txikienen ostean, kimuen, kadeteen eta gazteen txanda iritsi zen. Adinak gora egin ahala, ordea, orduan eta nabariagoa zen lehiatzeko grina. Lehenengo ilaran egon nahi zuten guztiek, lasterketan ahalik eta posturik onena eskuratzeko. 7 eta 12 urte arteko kategorian parte hartu zuen Irati Etxaburu bilbotarrak, eta larri zegoen lasterketaren aurretik: «Beti parte hartu izan dut Hiri Krosean, baina oso urduri nago». Irabaztea baino gehiago, bestelako helburu bat zuen: «Ondo pasatu eta disfrutatu nahi dut. Konpartsako lagunekin batera egingo dut lasterketa».

Zalantzarik gabe, gurpil aulkidunek jaso zuten txalo zaparradarik handiena, eta haren ondotik iritsi zen beteranoen txanda. Berez, 18:25ean zen hastekoa lasterketa nagusia, baina ordurako berotze eta luzatze ariketak egiten ari ziren ehunka korrikalari Areatzan eta Uribitarte pasealekuan. Hala ere, txosna inguruan ere bazegoen jendea, lasai. «Indarrak hartzen ari gara lasterketa ahalik eta ondoen egiteko», esan zuen, barre artean, Pinpilinpauxan trago bat hartzen zebilen parte hartzaileetako batek.

Aniztasuna izan zen nagusi beteranoen kategorian, eta prestakuntza mailan ere antzeman zen hori. Alaitz Fernandez Getxoko (Bizkaia) korrikalariarentzat, kasurako, tradizio bilakatu da Bilboko Hiri Krosa: «Kuadrillakoak urtero-urtero etortzen gara. Lagunak entrenatzen ibili dira, baina nik, egia esan, ez dut prestatzeko denbora askorik eduki». Naiara Calderonentzat, aldiz, lehenengo aldia izan zen atzokoa: «Bikotekideak animatuta eman dut izena. Espero dut jaietako gehiegikeriak botatzeko balioko duela. Ahal dudana egingo dut, inolako presiorik gabe».

Kirolaz gainera, jai giroa ere sumatu zen lasterketan: hainbat korrikalari bertaratu ziren mozorroa jantzita. Besteak beste, deabru edo printzesa jantzita. Kirola egiteko arroparen gainetik tutu bat eraman zuenik ere izan zen tartean.

25. urteurrena

Zehazki, Pa... Ya konpartsak sustatu zuen lehen Hiri Krosa, duela 25 urte. Helburua zen kirolari toki bat egitea Aste Nagusian, eta, horretarako, Jon Bilbao atletaren laguntza izan zuten. Gaur egun, lasterketako koordinatzailea da Bilbao, eta atzo ere alde batera eta bestera aritu zen koordinazio lanetan.

Joan den ekainean ireki zuten Hiri Krosean izena emateko epea, eta berehala banatu zituzten dortsal guztiak. «Bilboko Aste Nagusian tradizio bihurtu da ekitaldi hau: gero eta eskaera handiagoa dago», nabarmendu zuen Gamindek, pozik.

Izan ere, denak izan ziren irabazle atzoko lasterketan, eta, beste urte batez, Hiri Krosaren antolatzaileek lortu zuten festetako egun nagusian jai giroa eta kirola uztartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.