Izerdi-xurgatzailea eta arina izan behar du elurretan ibiltzeko arropak

Eskularruak eta eguzkitako betaurrekoak ezinbestean erabili behar dira eskiatzeko

Adrian Garcia.
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hotzari aurre egiteko baina, aldi berean, mugitzeko arina eta izerdi-xurgatzailea. Ezaugarri horiek bete behar ditu eskiatzera eraman beharreko arropak. Eskularruak eta eguzkitako betaurrekoak ezinbestekoak dira eskiatzeko. Elurretan islatzen diren eguzki izpiek begietan kalte egin baitezakete betaurrekoak jantzi ezean. Hortik aurrera, erabili beharreko arropa eta materiala, eski modalitate araberakoa izango da.

Benasque herrian (Aragoi, Espainia), Pirinioen magalean dago Barrabes etxearen dendetako bat. Mendiko materiala saltzen du, mendiko eskiak barne.

«Hasiberri bati ez nioke eskiak erosteko gomendatuko, hobe da alokatzea, maila jakin batera ailegatu arte», adierazi du Javier Menchaca dendako arduradunak. «Abantaila gehiago izango ditu. Gutxiago ordaindu ez ezik, maila hobetu ahala materiala egokitzen joango da».

Maila ertain batetik aurrera soilik gomendatzen du Menchacak material propioa erostea.

Mendiko eskiko botak zurrunak dira oso, plastikozko estalki batek inguratzen baititu. Botak eta eskiak 400 euro ingururen truke eros daitezke, Barrabeseko arduradunaren hitzetan. Kalitateak gora egin ahala prezioak ere hala egiten duela ohartarazi du Menchacak.

Haizetik babesteko materialez egina egon behar du mendiko eskirako arropak, abiadura handiak hartzen baitira maldan behera.

Galtza elastikoak eta gainetik euritako galtza batzuk janztea gomendatu du Javier Menchacak. Goialdean, berriz, mahuka luzeko kamiseta termikoa, jertse beroa eta haizetik eta euritik babesteko jaka. Garrantzitsua da, halaber, Menchacaren esanetan, material horiek izerdi-xurgatzaileak izatea, izerdia arropan ez pilatzeko.

Jende asko bildu ohi da jaiegunetan eski pistetan, eta Menchacak argi dauka kasu horietan hobe dela badaezpada kaskoa janztea.

Goitik behera mendiko eskirako janzteak 300 euroren bueltan egongo litzateke Barrabes dendan. «Guk kalitate ertain eta altuko produktuak besterik ez dugu, agian beste denda batean merkeago atera daiteke», esan du Menchacak.

Tolosako (Gipuzkoa) Aralar kirol dendan iraupeneko eskiko materiala saltzen du Anate Iturraldek. «Asko izerditzen da iraupeneko eskia egiten, eta garrantzitsuena arropa izerdi-xurgatzailea izatea da», azaldu du.

Mendiko eskiatzaileek baino hotz gutxiago pairatzen dute iraupenekoek, eta, beraz, arropa erearinagoa da. «Mendiko arroparekin ere eskia daiteke», azaldu du. Iraupeneko eskirako eskiak oso arinak eta estuak dira. Finkagailuek ere derrigorrean arinak izan beharra daukate, oinari mugitzen uzteko. Eskiari lotzen zaizkion botak, mendiko boten antzekoak izan ohi dira.

Eskularruek, eski alpinokoak ez bezala, arinak izan behar dute, eta ukimena galarazten ez dutenak. Makilak ere, luzeagoak eta arinagoak dira.

Ekipo osoaren tarteko prezioa 230 euro ingurukoa da, baina hor ere, prezioa kalitatearen araberakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.