ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Grado. Oiartzun izozki dendako saltzailea

«Izozkia pasta izoztua bihurtu da orain»

Oiartzun izozki denda Donostiako ezagunenetariko bat da. 2010ean ireki zuten, eta, askorentzat, erreferente bihurtu da merkatuan, etxeko izozkiak eta haiek sortutako zaporeak saltzen dituztelako.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainara Otegi
Donostia
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Hainbat ohiturari eusten zaie oraindik Donostiako Aste Nagusian: adibidez, su festa ikustea izozki bat jan bitartean. Iñaki Grado Oiartzun izozki dendako kideak (Donostia, 1963), zuzen-zuzenean bizi izan du tradizio hori. 2011n hasi zen bertan lanean, eta, nabarmendu duenez, Oiartzunek apustua egiten du «kalitatez eta zaporez» beteriko izozkien alde.

Uda nahiko euritsua izaten ari da. Horrek eragina izango du salmentetan...

Bai. Izozkia da dagoen negoziorik muturrekoena: edo dena saltzen duzu, edo ezer ez. Hau ez da kafetegi edo jatetxe bat bezalakoa: haiek terrazak dauzkate, eta, hortaz, bezero gehiago. Hemen, egun euritsuetan, gure produktuen %50 baino gehiago saltzen ditugu.

Beraz, denboraldiaren arabera, langile kopurua aldatzen da?

Hala da; udako hilabeteetan, hamar langile aritzen gara. Urtean zehar, berriz, hiru edo lau.

Eta nola funtzionatzen duzue neguko hilabeteetan?

Orain arte, azaroan denda ixten genuen, eta Gabonetan ireki. Hotz handia egiten badu, abenduaren 24an eta 31n bakarrik irekitzen dugu. Azken finean, kontuan hartu behar da hau ez dela xehekako negozio bat. Badago jendea izozkia elkarte batera edo etxera eramaten duena. Normalean, Gabon gauean eta Urtezaharrean gerra gunea bihurtzen da denda.

Izozkiaren merkatuan, non kokatzen da Oiartzun?

Gu merkatuan erreferentzia garela esan dezaket, hainbat arrazoirengatik. Gauez eta egunez izozki ezberdinak dituen denda bakarra gara. Horretaz gain, Oiartzunen bakarrik aurki daitezken izozkiak saltzen ditugu, guk sortutakoak baitira.

Adibideren bat?

Malaga izozkia: rona eta mahaspasak daramatza. Hau urtero saltzen da, baina Aste Nagusiaren ondoren bakarrik; hau da, abuztuaren azkeneko astean eta irailaren lehenengo astean bakarrik eros daiteke. Orduan, Instagramen Malaga izozkia salgai dagoenean, egun batean, agian sei kubo saltzen ditugu; hau da, 30 litro.

Zein da Oiartzun izozki dendaren helburua?

Helburua ez da guztiei izozki guztiak gustatzea, baizik eta guztiek, gutxienez, haientzako izozki bat edukitzea. Gustu guztietarako izozkiak dauzkagu: gozoak, garratzak, zapore leun edo gogorragokoak... Gainera, hemen, diabetikoek ez ezik, edonork jan dezake izozkia: alergiaren bat dutenek, beganoek eta zeliakoek ere bai.

Eta zein ereduri jarraitzen diozue Oiartzunen izozkiak egiteko orduan?

Gure izozkiek ez dute zerikusirik gelatto italiarrarekin. Gureak eskuz egindakoak dira. Italiarrekin alderatzen bada, izozkia hartzeko modua ere ezberdina da; han, palarekin hartzen da, eta, hemen, koilararekin. Oiartzunen izozkiak egiteko modua duela 60-70 urte bezalakoa da: irinik gabe, koloragarririk gabe eta azukre erantsirik gabe. Irina badu, orduan ez da izozkia, pasta izoztua baizik. Bestetik, sorbeteek beti beganoak izan beharko lukete, berez ez baitaramate esnerik.

Zuen izozkiak garestiak direla esango zenuke?

Gu oso merkeak gara. Gauza bat da bezeroek daukaten pertzepzioa, eta beste bat horren inguruan dakien jendeak daukana. Teknologia berrien ondorioz, izozkia pasta izoztu bihurtu da orain, horrela merkeagoa delako. Beste izozki denda batzuk gu bezala saltzen dute, eta aldea askoz handiagoa da. Baina hori bai, ez eskatu ez kalitaterik, ezta zaporerik ere.

Nolako Aste Nagusia espero duzu?

Urtero bezala, jendez gainezka egongo da. Gainera, normalean baino jende gehiago egongo dela uste dut; beraz, espero dudana da euririk ez egitea.

Aste Nagusiko zein unetan joaten dira bezero gehien?

Urtero, su festa hasi baino lehenagoko ordu eta erdian etortzen dira. Eta, bukatzerakoan, beste horrenbeste.

Festetan, bezeroak aldatu egiten dira?

Bai. Uda osoan, kanpoko jendea etortzen da gurera, baina Aste Nagusiko bezeroa hiriko jendea da. Hori hizkuntzan nabari da: lan gehiago dagoen orduetan, batez ere euskara eta gaztelania entzuten dira.

Azkenik, zer aholku emango zenieke bezeroei?

Osasuntsu jatea. Eta pasta izoztua ez da osasuntsua. Jendea irinarekin eta koloragarriekin jaten ohitzen bada, ehuneko handi batek hamar edo hogei urte barru zeliako bihurtzeko arriskua dauka. Gure dendara poliklinikako, Quironeko eta Osakidetzako mediku asko etortzen dira; hori zerbaitengatik izango da. Nire ustez, hor dago ezberdintasuna: hemen izozki gozoak eta osasuntsuak jaten direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.