ATZEKOZ AURRERA. Marta Arnoldo eta David Gutierrez. Arnoldo izozki dendako arduradunak

«Izozkiez asko dakite donostiarrek»

Donostiako izozki denda zaharrena da Arnoldo. Aste Nagusia lanean pasatzen dute Arnoldok eta Gutierrezek. Suak ikustea eta izozkia jatea gero eta lotuagoak daudela nabarmendu dute, gainera.

Donostia
2016ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Arnoldo izozki dendak 80 urte daramatza donostiarrei izozkiak eskaintzen. Donostiako izozki denda zaharrena da. Italiar tradizioari eusten diote hango arduradun Marta Arnoldok (Donostia, 1981) eta David Gutierrezek (Gasteiz, 1981).

Zerk bereizten du Arnoldo?

MARTA ARNOLDO: Izozkiak egiten jakiteak identifikatzen gaitu gehien. Sukaldariek badakite izozkia egiten, baina egia da izozkigile askok ez dakitela izozkia egiten.

DAVID GUTIERREZ: Izozkigilearen ofizioa ezagutzea, gaur egun, oso galduta dago. Edonor izan daiteke izozkigilea, baina ezin du edonork egin izozki on bat. Lehengai naturalak erabiltzen ari garela eta artisauak garela da helarazi nahi dugun tradizioa.

Iaz, 80 urte bete zenituzten.

M. A.: Festa bat egin genuen abenduan. Sorbetea, tiramisua eta mamaren torradak eskaini genizkien bezeroei. Jendeak ondo erantzun zuen, eta eguraldi ona egin zuen.

D. G.: Hedabideak ere horretaz mintzatu ziren. Facebooken egin genuen deialdia, eta hemengo sukaldari ezagun batzuei eta betiko bezeroei abisatu genien.

Zein da 80 urtez izozki denda bat irekita mantentzeko sekretua?

D. G.: Iraunkortasuna eta familia negozio batekiko maitasuna. Ofizio polita da, eta bete egiten zaitu. Bezeroek konfiantza emango ez baligute, multinazional bati alokatuko genioke lokala, agian.

Zaporeekin jolasten zarete?

M. A.: Kinder, oreo eta gazta tarta zaporeko atera ditugu aurten.

D. G.: Zaporeekin eraberritzen dugu, baina lehengai naturaletatik datozen zaporeak lortzen saiatzen gara. 38 zapore ditugu oraintxe barrika batean; beirazko beste lau arasa beharko genituzke.

Laugarren belaunaldia zarete.

M. A.: 12 urte nituenetik nago izozki dendan lanean. Bost ahizpa gara, eta bi geratu gara negozioan. Betidanik horrela bizi izan naiz; ez dakit bestela bizitzen.

D. G.: Dena erakutsi didate niri, eta egunero gogo handiz lan egiten saiatu naiz. Belaunaldi gisa, Martaren gurasoek baino gogo handiagoa eduki dezakegu. Ondo irakatsi ziguten dena, eta, egunen batean, gure seme-alabei hori berdin transmititzeko aukera egon daiteke.

Donostiako Aste Nagusian, izozkia jatea tradizio bihurtu da.

M. A.: Bata bestearekin lotuta dago. Daukagun klimarako, izozki gehiegi jaten dugu. Oso zorrotzak dira gure bezeroak, ez dute edozer jaten. Turistek bestelako izozkia nahi dute, baina batzuek kalitate handiagoa eskatzen dute.

D. G.: Oso elkartuak daude suak eta izozkia, eta gero eta gehiago. Izozkiez asko dakite donostiarrek.

Aurtengo Aste Nagusirako diseinatu eta egin duzue poloa.

D. G.: Kartelean polo bat egongo zela esan ziguten. Poloa aurkeztu genuen, eta baiezkoa eman zigun festen sailak. Bien arteko elkarlana eduki dugu. Esperientzia ona izaten ari da. Donostiako polo edo alkatearen polo gisa izendatu du jendeak.

Nola eragiten dio zuen negozioariAste Nagusiak?

M. A.: Aste honetarako prestatzen ditugu langileak, eta sei pertsona gehiago edukiko ditugu.

D. G.: Urteko lanaldiaren puntu gorena da. Klimaren mende dagoen negozioa da hau. Suen ondoren, euria egiten ez badu, izozkia hartzeko tradizioa du jendeak Aste Nagusian.

Nola bizitzen duzue Aste Nagusian lan egin beharra?

D. G: Ohituz joan naiz, eta zure bizimodua dela konturatzen zara. Abenduan joango gara oporretan, baina, abuztuan eta Aste Nagusian, besteentzat egiten dugu lan. Bezero askok, festan egonda, ondo pasarazten dizute beirazko arasa atzean. Festa giroa dagoela nabaritzen da.

M. A.: Betidanik lan egin dut Aste Nagusian: ez dakit zer den Aste Nagusian lanik ez egitea. Zure izozki dendara izozki bila jendea datorrela ikustea pozgarria da, baita izozkiagatik ilaran itxarotea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.