«Izoztuta dago historia Urrotz Hirian, museo bat dira hango kaleak»

Merkatuarekin lotuta dago Urrotz Hiriaren historia, eta iragan hori aztertu du Ana Zabalza historialariak liburu batean.

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Harrietan mintzo da iragana Urrotz Hirian (Nafarroa); eraikinetan, elizan eta, batez ere, merkatuari zegokion plazan. 400 bat biztanleko herri txikia izan arren, Nafarroako plazarik handienetariko bat dauka. Garrantzitsua izan zen, izan ere, bertako merkatua XVII. mendean, gainbeheran erori zen arte, eta aldaketarik gabe mantendu da, kasik, ordutik hona. Ana Zabalza historialariak (Iruñea, 1960) ikertu du orain plaza horri lotutako herri horren historia, La Feria y Mercado de Urroz-Villa liburuan (Urrotz Hiriko feria eta merkatua). Carlos J. Martinez, Mercedes Galan eta Amaia Legaz historialariekin batera idatzi du.

Herriaren ezaugarri nagusia zen merkatua, liburuan diozuenez, eta Urrotz Hiria «merkatu herria» deladiozue. Zergatik?

Oso antzinakoa da merkatu horren historia, baina liburuan Erdi Arotik abiatuta aztertu dugu, batez ere, iragana. Askori arraroa iruditu arren, Donejakue bidean dago Urrotz Hiria. Aragoitik heltzen zen bidean bi aukera zeuden: Elotik pasatzen dena (Nafarroa), egungoa, bata; eta Izagaondoa harana gurutzatzen zuena, bestea, eta Urrotz Hiri ondotik pasatzen zena. Horrez gain, Aragoitik Nafarroako hiribururako bidean ere bazegoen herria. Oso garrantzitsuak dira bi bide horiek. Herriak hainbat pribilegio jaso zituen horri esker; astean behin azoka bat egitekoa, besteak beste. Biztanleak erakartzea zen neurri horren helburua. Gainera, bi ekonomia motaren artean zegoen Urrotz Hiria; azienda kutsuko mendi ekonomia baten eta nekazaritza kutsuko ekonomia baten artean. Trukerako leku ezin hobea zen.

Hortik plazaren neurria.

Bai, hori da herriaren bereizgarri nagusia. Nafarroan dauden plazarik handienetan bigarrena da, Iruñeko Gazteluko plazaren neurrikoa, bai. Jendeak harrituta begiratzen du, plaza horri dagokion herria non dagoen asmatu nahirik. Oso ederra da, eta, gainera, oso ongi mantendu da urteetan zehar. Carlos Martinez arte historialariak aztertu du haren inguruan dagoen ondarea liburuan, eta ikusgarria da nola mantentzen den garai batean bezala. XVI. mendean izan zuen bere unerik onena, baina XVII. mendean beheraldia izan, eta herriak sekula ez zion egoerari buelta eman. Zoritxarrez, eta zorionez; hala gertatu ez balitz, ondarea ez litzake, eta ez litzateke hain ongi mantenduko. Herriak aurrera egin balu, hamaika basakeria egingo ziratekeen.

Bitxia da hain herri txikia izanik ere bere unerik loriatsuenean hiru jostun zituela ikustea. Merkatuak zuen garrantziaren berri eman dezake liburuan biltzen duzuen datu horrek.

Biztanleen lanbideak biltzen dituen dokumentu bat aurkitu genuen, oso interesgarria. Askoren kasuan, abizen eta guzti ageri dira, baina beste batzuk beren jatorriaren arabera. Vasco-ak direla esaten da, adibidez, hainbati buruz, hau da, garai hartan ulertzen zenez, Pirinioen beste aldekoak zirela, Behe Nafarroakoak.

Bateko eta besteko jendea biltzen zen merkatuari esker Urrotz Hirian. Liburuan hala deskribatzen duzu herria: «Plaza, bidea eta muga».

Plaza eta bideaz gain, muga ere bada garrantzitsua; Aragoirekin mugan izan gabe ere, muga horretarako bidean baitago herria. Onerako eta txarrerako izan zen hori herri horren kasuan. Hazten lagundu zuen, batetik, baina Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean, erresuma Gaztelarantz bultzatu zuen horrek. Aragoirekin zuen muga, muga zaila zen geografia aldetik, eta, gainera, barne arazo handiko erresuma zen Aragoikoa. Hala, bandolerismo maila handia ekarri zuen horrek. Krisiaren azken kolpea izan zen hori. Donejakue bidea dekadentzian eroria zen XVI. mendean, Europako erlijio erreformak zirela-eta, eta lapurreta eta hilketek okertu besterik ez zuten egin joera hori. Bazterrean utzi zuten herria.

Beheraldi hori hasi baino lehen artilea zen nagusi merkatuan, ezta?

Produktu izarra zen urtean behin egiten zen ferian. Garai hartan dirua ematen zuen artileak. 60ko hamarkadan desagertu zen feria hori ere, ordea, ohitura hori, autoa agertzearekin batera. Orain berpiztu egin dute, eta artisautza feria bat antolatzen dute azaroa erdialdera. Garai batean, gainera, jendea ez zen merkatura produktuak saltzera bakarrik joaten, informazioa elkar trukatzera ere joaten zen. Plazan hitzartzen ziren ezkontzak, adibidez.

Donejakue bidea, Nafarroaren konkista, landa guneetako aldaketak... Nafarroako historiaren zati handi bat ikus daiteke plaza horretan, ezta?

Bai. Gainera, ondare artistikoaren ikerketak bat egiten du historiarenarekin. Historia izoztuta dago Urrotz Hirian, museo bat dira hango kaleak. Hemen ez dago museoarentzat ezer eraiki beharrik, nahikoa da jendea paseatzera eramatea iraganaren berri izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.