Sanferminologoa

Izua Iruñeko kaleetan

Orain dela egun batzuk arte pentsaezina zen, baina argi mintzo dira orain arteko ikerketetan bildutako datuak: sanferminak bukatu egiten dira. Kaosa eta izua dira nagusi Iruñean.

Inigo Astiz
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Uztailaren 14a, arratsaldeko zortzi eta erdiak. Irakurle, lerro hauek irakurtzen ari bazara, usterik okerrenak bete egin dira, eta gertatu egin da. Dena bukatu da, ezer buka ez dadin. Orain egun asko ez dela heldu ziren lehen zantzuak, eta kaos bat izango da Iruñea testu hau irakurtzen ari zarenerako. Sanferminen hondakin gutxi batzuk baino ez dira geldituko zutik, eta izua izango da nagusi hiriko kaleetan. Desastre bat. Bada denbora kamiseta zuri eta zapi gorririk gabeko lehen jende oldeak agertzen hasi zirela, eta duela egun batzuk hasi ziren entzuten ordura arte existitzen ez ziren hizketa molde batzuk. «Ez, ez, gaur ez noa inora, etxean geldituko naiz». Bueltarik gabea da prozesua, eta hau irakutzerako, akabo izanen da sanferminologia fakultatea ere, ziur aski. Ez dago esperantzarako tarterik. Kito dira festak.

Lerro hauetara heldu zarenerako kaosa izango da Iruñea. Udalak ezarritako aparkalekuetan aparkatuko ditu orain jendeak autoak. Ohe erosoetan egingo dute lo iruindar gehienek. Bazkaltzeko eta afaltzeko orduetan bazkaldu eta afalduko dute. Gaiten hots sarkorrik gabeko lasaitasunean biziko dira belarriak. Urdailak eskatzen duena entzuten hasiko da jendea, eta dietak agertuko dira berriz: dietak! Desastre bat da, parametro biblikoetan. Alkatea berriz izango da alkate, autobusak ibiliko dira autobusen guneetan, jendea kaleetatik kanporatuko dute autoek berriz ere autoentzako diren bideetan, eta sanferminetako arropa saltzeari utziko diote urrea salerosten duten dendek, hemendik aurrera urrea baino ez salerosteko. Heldu dira ordulariak eta haien zorroztasun autoritarioa. Izua eta beldurra nagusi berriz ere Iruñean.

Gogorra da hiriak zer itxura izango duen pentsatzea ere. Lizuna, kasik. Jadanik, ezin jakin zein den zeinen hondakin: Iruñearen soberakina ote diren sanferminak, edo Iruñea ote den sanferminen hondarra. Bildutako datuen arabera, hau da egia: hiria ez da desagertu; sanferminak, bai. Etsipena da nagusi sanferminologoen artean: okerrak ziren kalkuluak.

Hori du kaosaren teoriak. Kaotiko samarra dela. Aldaera asko hartu behar izaten dira kontuan sanferminak kalkulatu ahal izateko. Eta ezin beti asmatu. Ekuazio zinez zaila da sanferminetakoa, izan ere. Eta oraingoan errore bati beste errore bat pilatu zaio, emaitza ere errore bilakatzeraino. Zientifikoki igarri ezina zen, baina hori da egindako ikerketen ondorio argia: sanferminak bukatu egiten dira. Pentsaezina halakorik orain dela egun batzuk.

Entzierroko profetak

Baziren seinaleak. Entzierroko lehen korrikalariak ziren horietariko bat. Zezenak eskortatik atera ere egin gabe zirela heltzen ziren korrikalariok zezen plazara, eta txistuka hartzen zituen jendeak. Baina heroiak ziren. Profetak. Beste inork ikusi nahi ez zuena ikusten zuten. Ez dago zezenen beldur izateko benetako arrazoirik, aitzakia bat dira. Benetako mehatxuaren adarra baino ez. Hori zen korrikalari horiek beren korrikaldi irribarretsuaz esan nahi zigutena: Iruñea izatera bueltatuko da Iruñea. Izuak hartzen zituen. Lerro hauek irakurtzerako, irakurle, kito izango da festa Iruñean, eta itzulia normaltasuna. Normaltasunaz hain kanpokoa den Iruñearen normaltasun berezi hori.

Zirrikitu bat badu, ordea, esperantzak. Azken ikerketen arabera, Brasilgo oihanean tximeleta baten hego astinduak tornado bat eragin dezake Texasen. Eta berehala jarri da lanean ikerketa talde oso bat, horregatik. Sanferminak eragin dituen tximeletaren bila dabiltza. Oraingoz, ez dute aurkitu, eta ezin izan dute zehaztu harenzein mugimendu txikiren gainean metatu diren festak. Errorez errore, elur bola handituz doan gisan. Ezin izan dute jakin Asiako zein oihan zulotan, edo Hego Amerikako zer loreren zukua zurrupatzeko egin zuen bere lehen hego astindua. Hauxe da ziurra: ederra galdu du Iruñean ez egonda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.