Roberto Sarriugarte

Jade Grossenak

2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Jade Gross mahastizain atipikoa da. Errioxara joan zen arte ez zeukan inolako harremanik ardoaren munduarekin, ez zuen egin Enologia ikasketarik, ezta mahastizaintzarekin zerikusia duen ezer ere. Familiari dagokionez ere ez du aurrekaririk, familian ez du mundu horrekin harremanik duen inor.

Oso gaztea izanagatik, ardoarekin lotura zeukan proiektu pertsonalari ekiteko Errioxa aukeratu aurretik, hainbat esparrutan aritu izan da, besteak beste NBE Nazio Batuen Erakundean; giza eskubideen aldeko abokatu lanak egin zituen han.

Aita amerikarra da eta ama txinatarra; Jade bera Hong Kongen jaio eta hazi zen. Zientzia Politikoak ikasi zituen aurrena eta Nazioarteko Harremanak geroago; giza eskubideen alorreko masterra egin zuen Londresen.

Baina bizimodu horrek ez zuen nonbait ase eta Parisko sukaldaritza eskola batean eman zuen izena. Esperientziarekin pozik, bide horretan jarraitzea erabaki zuen eta jatetxe oso ezagun eta ospetsuetan egin zuen lan, Frantziako Alain Ducasse edota Gironako (Herrialde Katalanak) Celler de Can Rocan. Euskal Herrian ere aritu zen, Mugaritzen. Azken jatetxe horretan, Errenterian, sukaldeburu eta I+G (Ikerketa eta garapena) taldean.

Jade Grossek esaten duenez, Mugaritzen plater berriak sortuz asko ireki omen zitzaion ikuspegia munduko toki desberdinetako ardoei begira hasteko eta haiek ulertzeko. Zazpi urtez aritu zen Mugaritzen eta tartean Maite Fernandez enologoa eta haren senarra, Abel Mendoza mahastizaina, ezagutu zituen. Batetik, Maite eta Abelekin zuen adiskidetasunak, eta, bestetik, ardoak eta sukaldeak duten loturak bultzatuta, hutsetik abiatu eta ardoaren munduan hastea erabaki zuen; neurri batean, mundu arrotza zen Grossentzat.

Orain Errioxan bizi da, San Vicente de la Sonsierra eta Bastida artean. 2019an joan zen San Vicente de la Sonsierrara bizitzera. Abel Mendozaren mahastizain ezagun baten mahatsak erosi eta bere lehen ardoa egin zuen han, Jade Gross, alegia, 34 urteko mahasti bateko tempranilloarekin; guztira, zortziehun botila baino ez.

Pianoa jotzen duenez, teklatu bat da lehen ardoaren etiketa; teklak mahatsak dira. Hurrengo urtean mahastizain berberarekin aritu zen, baina 2019an ardoztatzeko txortenak kentzea erabaki zuen, eta ordukoan txorten eta guzti ardoztatzea pentsatu zuen. 2020an, 1.700 botila egin zituen, Bastidako Solaguen upategian, Carlos Sanchez enologo eta ekoizlearen laguntzarekin. Bi urtaldietako ardoak 225 eta 500 litroko upeletan ondutakoak dira.

2022an, Harrobia, beltza, tempranilloa eta Chiguita viuraz eta tempranillo zuriz egindako ardoak ere ekoitzi zituen, bata zein bestea oso kopuru txikietan.

2020an, Bastidan mahasti bat erosi zuen, San Ginesen, San Vicenteko lurrak baino sakon eta emankorragoetan kokatuta, 35 urteko tempranilloz osatua. Oraindik ez du erabaki mahats horrekin zer egingo duen, baina ezusteko bikainen bat jasotzeko prest egongo gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.