Udako jaien azkeneko txandetan daude Galdakaoko santakurtzak, eta, horregatik, galdakoztarrak desiratzen egoten dira iraila noiz iritsiko. Gaur, 19:30ean hasiko da festa; Galdakaoko Helduen Heziketa Ikastetxeko bi ikaslek botako dute txupina. Suziria piztu eta berehala, hamar eguneko jai etengabea hasiko da, ehun jarduera baino gehiagorekin.
Musika eskaintza erakargarria prestatu dute santakurtzetarako. Gaur, jaiak irekitzeko, Nafarroatik etorritako Bizardunak ariko dira; bihar, Txapelpunk bizkaitarren txanda izango da. Bigarren asteburuan, Zea Mays eta La Pegatina izango dira talde nagusiak.
Oier Zearra pilotariarentzat bereziak izango dira aurtengo jaiak. Izan ere, protagonista bihurtuko da pilotari galdakoztarra, hamabost urteren ostean, pilota profesionala utziko baitu. Bihar omenduko dute Zearra, Kurtzea pilotalekuan jokatuko den pilota partidarekin. Lehenengo pilota partidan, Olaetxea eta Iza Urrutikoetxea eta Zabalaren kontra ariko dira. Bigarrenean, Berasaluze VIII.a eta Mendizabal Olaizola II.a eta Zearrarekin lehiatuko dira.
Partaidetza sustatu
Herriko jaien filosofia parte hartzailea berpiztu asmoz, txosnetako talde arduradunek, jai batzordearen laguntzaz, kuadrillen arteko txapelketa antolatu dute. Horretan, hala nahi duten kuadrilla guztiek parte hartu ahal izango dute. Hamar laguneko taldetan lehiatuko dira, eta hainbat proba egin beharko dituzte. Kuadrilla bakoitzak nahi duen lehiaketatan parte hartu dezake aste osoan. Besteak beste, tortilla txapelketa, triziklo lasterketa, mus txapelketa, donibane zuhaitza, zaku lasterketa, bolo txapelketa, berba-jolasa, ohe lasterketa eta jinkana izango dira. Aspertzeko aukerak, beraz, gutxi izango dituzte Galdakaoko kuadrillek.
Jaiak. Galdakaoko santakurtzak
Jaia eta partaidetza, biak bat Galdakaon
Gaur hasiko dira festak Galdakaon; Oier Zearra pilotariaren omenaldia izango da santakurtzen ekitaldi berezienetakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu