Gasteizko jaiak puzzle erraldoi baten modukoak dira. Badaude bereziki handiak eta esanguratsuak diren piezak. Blusa eta nesken kuadrillak, Alde Zaharra, txosna eremua eta kontzertu handienak hartzen dituzten tokiak dira pieza handi horietako batzuk. Dena den, jaietako eskaintza osatzen duten hamaika ekimen eta txoko daude hirian sakabanatuta, Andre Mari Zuriaren omenezko jaietan ezinbestekoak diren pieza txikiagoak.
1. Barrearen indarra
Eguraldiaren gorabeherek ere ez dute umorea zapuzten. Ezin da ulertu, bestela, Katedral Berriaren atzealdean arratsaldero gertatzen dena. Ehunka lagunek Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategia bete dute egunez egun, haizeak, ekaitzak edo eguzkiak gogoz jo arren. Juan Carlos Simonek ez du ikuskizun bakar bat galdu jaiak hasi zirenetik. «Egunero etorri naiz, eta egun bakar batean ere ez dut aukerarik izan eserlekuetan jartzeko; ez dakit zer ordutan etortzen den jendea!».
Dani Mateo umoristaren ikuskizunaren eguna oso adierazgarria izan zen. 19:30ean hasi zen, baina askoz lehenago zegoen plaza lepo bete. Euria hasi zuenean ere inork ez zuen lekua utzi. Aterkiengatik Mateo ikusteko aukera ere izan ez zuten pertsonak egon ziren, baina haren bakarrizketa euripean entzun zuten. «Nola izan zaitezkete horren jatorrak! Horrelako eguraldiarekin eta nire zain zaudete, zintzo-zintzo», hasi zuen Mateok saioa.
Toki batzuetan behar bezala entzun ez arren barre algarei ezin eutsi zeuden asko. Hala, irribarretsu gerturatzen dira guztiak Gasteizko Jaietako txoko horretara. «Eskertzekoa da udalak horrelako ekimenak antolatzea; ikuskizun hauek toki itxi txikietan egitea da logikoena, baina jarraitzaile asko dituzte bakarrizketek».
Umorea eta barre egiteko moduak, erlijioari buruzko bromak, ligatzeko aholkuak... Dani Mateok hainbat gai jorratu zituen barre algara artean, eta ikusleekiko gertutasuna erakutsi zuen une oro. Hurrengo egunetan oholtza bera zapalduko zuten umoristei lana zaildu egin zien, baina, aldi berean, txoko horrekiko fideltasuna ere indartu zuen.
2. Txoko beste musika
Musikak berebiziko garrantzia du jaietan. Txosnak, Foru plaza, Aihotz Plaza... Dena den, jende gehien erakartzen duten toki horietatik kanpo beste hainbat daude, mota guztietako musika eskaintzen dutenak. Peñafloridako Kondearen Plaza da horietako bat, arratsaldero jotazaleentzat derrigorrezkoa den txokoa. «Itzala, eserita egoteko tokia eta nire herriko musika; ezin dut besterik eskatu», azaldu du Maria Pilar Lafuentek, Zaragozan jaiotakoa bera (Aragoi, Espainia).
Azken urteetan joten kontzertuen lekuak izan dituen aldaketak ez ditu gustuko Lafuentek. «Vicente Goikoetxea kalearen bukaeran egiten zituzten, Diputazio plazan gero, orain Peñafloridan... bata bestetik gertu daude, baina ematen dujotak ez dituztela errespetatzen». Aldaketak aldaketa, plazako aulki guztiak bete dira Alma Jotera de Aragon taldearen doinuak entzuteko eta musika eta dantzen bitartez eskaini duten bidaia ikusteko: Zaragoza, Zangoza ...
Batez ere jende heldua zegoen, baina haurrak ere baziren, eta askok harridura aurpegiarekin ikusi zuten kontzertua. Are gehiago, hainbatek eskuak gerrian jarrita kulunkatzen ziren abesten hasteko prestatuko balira bezala. Aspertzen zirenak ere, jolasteko toki asko izateaz gain, Gargantua ere bertan zuten, ahoa irekita.
Jotaz gain beste doinu asko entzun daitezke jaietan, ohiko txokoetatik metro gutxira. Dantzaldiak eta Udal Musika Bandaren kontzertuak, jai musika Arka plazan, ganbera musika Santa Maria katedraleko atarian, Gasteizko gaztetxea... Nahi guztietarako eskaintza.
3. Zentzumenen azoka
Zentzumen guztiak dantzan jartzen ditu arabiar azokak. Juan Aiala plazan egon arren, hau da, hirigunetik urrunen dagoen txokoetako batean, giro aparta du dagoeneko Gasteizko jaietan ohikoa bihurtu den azoka horrek. Usaimena erabiltzen du azokak ingurutik pasatzen den edozein erakartzeko. Intsensuaren kea, patxulia, janari gozoa... Leku bakoitzean gauza batek bereganatzen du bisitariaren arreta.
Ikusmena lanean hasten da gero. Plaza osoa betetzen duten postuetan eskaintza zabala izaten da: eskulangileen lana, pastel eta gozokiak... Zenbait postutan dauden jantzi koloredunetara gerturatzean eskuak luzatu eta ukimena landu ohi du bisitariak, bozgorailuen musika entzun bitartean. Dena den, egunean zenbaitetan ikusmenak eta entzumenak bat egiten dute arabiar azokak eskaintzen duenaz gozatu ahal izateko. Dantza, perkusioa eta musika eta Ekialdeko dantzak ikuskizunak egiten dituzte ordu eta erditik behin.
Kuskusa, kebaba, pastak, gozokiak... Dastatzeko eskaintza zabala dago ere bai, eta nahi duenak beste pauso bat ere eman dezake hainbat zapore probatzeko. Ramiro Maeztu kalearen ondoan dagoen dendan zenbait ur pipa daude lerrokatuta, horien inguruan eserita tarte bat eman nahi dutenen zain. «Tabakoaren Legearekin horren zorrotz jokatu ondoren, bitxia da horrelako zerbait ikustea! Agian, ez da tabakoa erretzen dutena...», esan du bisitari batek, jakin-min puntu batekin.
Betiko zaporeak eta jantziak gustukoago dituztenek Loma Jeneralaren Plazan gastronomia eta eskulangintza azoka dute, baita Senda pasealekuko saltokiak ere.
4. Kirola, ezinbestekoa
Foru plaza derrigor joan beharreko txokoa da jaiak egunez bizi dituztenentzat. Eguzkia joatean kontzertu handiak hartu arren, eguerdiro ikusmin aparta bereganatzen duten kirolak hartu ditu plazak azken urteetan. Jaien azken egunean 12:30ean bertatik igarotzean, agerikoa egiten da pilotak, herri kirolak eta Arabako boloak zenbat jarraitzaile dituzten.
Txaloak entzun daitezke bertara gerturatu ahala. Foru plazako frontoitik heltzen dira, ehunka lagunek ez baitute galdu nahi izan Andre Mari Zuriko txapelketako finalak. Uztailaren 21ean hasi ziren lehen partidak, eta lehen egunetik bertatik harrera aparta izan duela gogorarazi du Mikel Rafael Arabako Euskal Pilota Elkarteko teknikoak. Finala horren erakusgarri izan da. Foru plazako harmailak lepo bete dira partida guztietan, egun handietako giroa gogoraraziz txalo eta animoekin.
Frontoiaren beste aldean, herri kirolak noiz hasiko zain daude. Aizkolariak, trontzalariak, harri jasotzaileak, ingude altxatzaileak... Egunero kirol hainbat kirol eskaini ditu Arabako Herri Kirolen Federazioak, eta azken egunerako gizon probak, zaldi probak eta idi probak izango dira. Hamabi eta erdiak pasata, eguneko protagonistak eraman dituzte plazara, 700 eta 1.900 kiloko harriak. Juan Carlos Lopez gizon proben Arabako txapeldunak hogei minutuko erakustaldiari ekin dio, bertaratutako askoren harriduraren aurrean.
Kirol askoren bilgunea da Foru plaza, eta Arabako boloetan ere jokatzen dute. Goizean goizetik asko dira bertaratzen direnak, eta txapelketaren bat jokatzen ari ez denean beren trebezia erakusten dutenak. Horrenbeste erakusketa eta txapelketaren ondorioz, kirola egiteko leku apurretako bat da.
5. Muturreko sentipenak
Gasteizko hirigunea da jaien bihotza. Dena den, asko dira Andre Mari Zuriaren plazatik Senda ibilbidean gora egiten dutenek, barraketarako bidean. Urteroko errezeta bera eskaintzen du Mendizabalan kokatutako txoko horrek: zarata, mila usain eta ondo pasatzeko hamaika baliabide. Horrez gain, jaiak beste egun batez luzatzeko aukera eskaintzen dute; Zeledon atzo gauean itzuli zen San Migel kanpandorreraa, baina gaur ere martxan egongo dira, ohi baino prezio merkeagoan gainera.
Tonbolak, bingoak, mila jostailu dituzten dendak, karameluzko sagarrak eta azukre kotoia saltzen dituzten dendek ongietorria ematen diote bisitariari. «Avanti tuti, a tuti jorobi» entzuten da apur bat aurrerago, gamelu lasterketa hasi den seinale. Poto piramideak pilotakada botatzen saiatzen diren ausartak, oilaskoak eta bestelako jakiak prestatzen dituzten jatetxeetako langileak, mahatsa behin eta berriz zapaltzen duten ardo saltokietako panpinak... Haurtzarora bueltatzeko aukera eskaintzen du feriaren hasierak, aldaketa gutxi izan baitu aspaldiko urteetan.
Feriaren lehen zatia igarota, berritasunak agertzen dira. Urte asko dira noria handia Gasteizera heltzen ez dela, baina horren tokian muturreko esperientziak eskaintzen dituzten bestelako jolasak etortzen dira. Mega Extrem izenekoa da aurten ikusmin gehien piztu dutenetako bat. Bertikalean bueltak ematen dituen beso baten muturrean dauden hamabi lagun astindu eta buruz behera jartzen ditu txanda bakoitzean.
Jolas lasaiagoak ere badaude, horren ausartak ez direnetzat, edo jandakoari estimu handiagoa diotenentzat. Dena den, jaien azken egunean animoak ez daude oso goian feriako langileen artean. «Urtero dago ezbeharren bat ferietako atrakzioetan, eta albiste horiek gugan eragiten dute, segurtasuna muturreraino zaintzen dugun arren», zioen, triste, feriako langile batek atzo goizean.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak
Jaia osatzeko ezinbesteko piezak
Asko dira abuztuaren 4tik jaiaren ohiko gidoitik atera diren ekitaldiak Gasteizko kaleetan: ganbera musika, Arabako bolo partidak, azoka arabiarra, umore txokoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu