Bakearen hiriko jaiek aurrera jarraitzen dute. Bi egun igaro dira Gernika Batzordeko kideek pregoia irakurri zutenetik, baina festarako gogoak bere hartan jarraitzen du. Gaur, San Roke eguna ospatuko dute gernikarrek, eta, aurreko egunetan legez, egitarau zabala baliatuko dute nekeari aurre egiteko.
Oraindik lotan daudenak esnatzeko, dianak emango dio hasiera egunari. 10:00etatik aurrera, Gazteak taldeko txistulariek eta Busturialdeko dultzaineroek musikaz beteko dute goiza. Meza nagusia, berriz, 11:00etan izango da, Andra Maria elizan eta Eskolakristo Musika Alkarteak abestuta. Horren ostean, Uriko aurreskua dantzatuko dute Elai-Alai dantza taldeko partaideek.
Eguerdirako, eguzkiak gogoz berotuko du, eta, seguruenik, herriko txiki zein gaztetxoek freskatzeko beharra sentituko dute. Bada, 12:00etan, eta Urdaibai Eskola Elkarteak antolatuta, apar jaialdia izango da Foru plazan kokatuta dagoen umeen txokoan. Ondoren, musikak protagonismoa hartuko du berriz, 12:30ean trikiti kalejira egongo baita. 13:00etan, berriz, Ikurrinari IV. Omenaldia egingo diote: Juntetxe aurrean izango da, eta bertsolariek, dantzariek eta hizlariek parte hartuko dute. Ordu berean, euskal kantak kalerik kale abestuko dituzte, erdigunean, Urdaibai Kantaguneak eta Arrano kantari elkarteak antolatutako ekitaldian.
Herrian goizean izango dutenarekin nahikoa ez, eta 13:00etatik 15:00etara diana eta kalejira izango dira Bizkaiko Dultzaineroak taldearen eskutik. Goseak agerraldia egingo duela aprobetxatuta, 14:00etan sukalki txapelketa izango da. Bertan izena eman nahi dutenek 12:30 eta 13:30 artean egin beharko dute, Merkurio iturriaren aurrean. Sukaldeko eginkizunetan dituzten dohainak erakutsi nahi ez dituztenentzat, 15:00etan egingo den herri bazkariaz gozatzeko aukera ona izan daiteke. Bazkalostean, eskualdeko bertsolari gazteak kopla kantari ibiliko dira mahairik mahai.
Arratsalde partean, berriz, 17:00etatik 20:00etara, Euskadiko xakegol txapelketa jokatuko da Foru plazan. Merkatu plazan, ostera, ume eta gazteen txokoak irekiko dituzte Urdaibai Eskola Elkarteko partaideek, 17:30etik 19:30era.
Leku berean, txokoak ixtean, pailazoen ikuskizunak txikien algarak eragingo ditu. Bitartean, aizkolari eta harri-jasotzaileen arteko norgehiagokak jokatuko dira San Juan Ibarran, 18:30etik aurrera. Dantzatzea nahiago dutenentzat, Brincadeira taldeak batukada emanaldia eskainiko du 19:30ean, udaletxetik hasita. Erritmo tradizionalagoak dantzatzeko aukera ere izango dute gernikarrek, 20:00etan Larrain dantza herrikoia egongo baita Juan Calzada kalean zehar, Elai-Alai eta Busturialdeko Dultzainero taldearen eskutik.
Bederatzietarako, preso eta iheslarien eskubideen aldeko kalejira antolatu du Apareu taldeak, eta, 21:30etik aurrera, Elektrotxaranga orkestrak herriko kaleak alaituko ditu. 23:15ean Astondoa pirotekniak sortutako su festen ikuskizuna izango da, eta, egunari amaiera emateko, 23:30ean kontzertuen garaia iritsiko da: San Juan Ibarra plazan, Los 5 Bilbainos arituko dira, eta pasealekuan, Vanatics, Governors eta Trikizio taldeak.
San Roketxu oparoa
Bihar ere, hainbat ekitaldi interesgarri izango dira Gernikan. 17:00etan, Urdaibai errugbi elkarteak antolatutako mozorro desfilea izango da. 19:30ean, berriz, asto lasterketa egingo da Juan Kaltzada, Arrien taberna eta Alondegi kaleen artean. Afalostean, Dientes de Luna, Esne Beltza eta Izargi musika taldeak arituko dira pasealekuan, eta 04:00etan, kulero, faja, tanga eta galtzontzilo lasterketa saihetsezinak gaua barrez pasatzeko aukera emango du.
Jaiak. Gernika
Jaiak ez du etenik
Gernikarrek jaietako azken hiru egunak ospatuko dituzte; San Roke eguneko egitarau zabalak hiria alaituko du gaurEguerdian, omenaldia egingo diote ikurrinari Juntetxearen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu