JAIAK. LIZARRA. Jai freskagarrietara salto egiteko garaia

Jai ofizialak iragartzen zituen suziriak atzo eguerdian egin zuen eztanda, eta hasi dira musika eta festa

Erkuden Ruiz. Lizarra
2009ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
11:58an agertu zen Julian Zudaire UPNko kirol zinegotzia Lizarrako (Nafarroa) udaletxeko balkoian. Udaletxe ingurua jendez beteta zegoen atzo, jaien hasiera ekitaldia berezia baita. Festak hastear zeuden, eta guztiek ondo pasatzeko eta eguneroko arazoak alboratzeko gogoa zuten. 12:00etan, «lizarratarrok, gora Puyko Ama Birjina, gora San Andres eta gora Lizarra!», Zudaireren oihuak entzun ziren, eta orduan egin zuen eztanda jai ofizialak iragarri zituen suziriak. Tradizioari eutsi zion zinegotziak, eta euskaraz «gora Lizarra» baino ez zuen esan. Festak eztanda egin zuen hiriko kaleetan. Dantzariek larrain-dantza egin zuten, eta, ondoren, musika fanfarreak kaleetan barna murgildu ziren.

Kalean bakarrik ez, ibaian ere bazen jendea. Beroari aurre egiteko erabili zuten, freskatzeko. Los Llanos zubiaren ondoan jarritako soka lodi batetik saiatu ziren ibaia zeharkatzen. Ibaira erori ondoren, uretan jolasten aritu ziren asko. Zubietatik saltoka ere bai.

Bisita Puyko Andre Mariari

Erraldoien ostirala ospatu zuten atzo. Festa ofizialen lehenengo egun berezi horretan, erraldoien eta buruhandien dantzaz gozatzeko aukera izan zuten. Ondoren, agintariak Puyko Andre Mariaren elizara joan ziren. Lizarratarrentzat, Puyko Andre Mariaren ohoretan egiten diren Bezpera Nagusiak emozioz beteriko ekitaldia dira. Bihartik aurrera, hainbat herri ekimen egingo dituzte Andre Mariaren omenez.

Sei egun hauetan, dantza egiteko aukera asko izango dira. Santiago plazan, Lizarrako ikastolak gunea jarri du. Goizetan, behi entzierroa baino lehen, salda beroa eskainiko du, eta, gauean, dantzaldiak. Foru plaza orkestren lekua izango da. 01:00etan larrain-dantza ezaguna egiteko aukera izango dute herritarrek.

Txosnetan festetako bigarren eguna zen atzo, txupina ostegunean piztu baitzuten. Festa ofiziala hasteko unean, herri bazkaria prestatzen ari ziren, modu autogestionatuan. Bazkalostean, Kosetxa radiactiva ikuskizuna izan zen, eta Lizarrako elektrotxarangarekin egin zuten kalejira.



Egitaraua

GAUR, OFIZIALA

08:15-09:00. Herri salda.

09:00. Behi entzierroa.

12:00. Lizarran Kantuz kalejira.

13:00. Txotxongiloak.

19:00.Birlibirloque antzerkia.

19:30. Dantzaldia Caiman Show taldearekin.

20:30. Jai alai laia lasterketa.

22:45. Su festa.

23:00. Dantzaldia Laiotztaldearekin.

23:00. Rock musika

24:00. Dantzaldia Caiman Show taldearekin.

01:00. Larrain-dantza eta Chearen jaitsiera.

BIHAR, OFIZIALA

08:15-09:00. Herri salda.

09:00. Behi entzierroa.

12:00. Prozesio nagusia.

Ondoren. Pañuelada.

13:00. Txotxongiloak.

19:00.Chipilandia show antzerkia.

19:30-21:00. Dantzaldia Geiser taldearekin.

20:30. Jai Alai: herri dantza tradizionala.

21:00. Txistulariak.

22:45. Su festa.

23:00. Dantzaldia Drindots taldearekin.

23:00. Rock musika.

24:00. Dantzaldia Geiser taldearekin.

01:00. Larrain-dantza eta Chearen jaitsiera.

GAUR, TXOSNETAN

18:00. Txiste eta triki poteoa.

24:00. Kontzertuak: Ikara, La Purria eta Kerobia.

BIHAR, TXOSNETAN

18:00. Txistorra jana.

20:30. Jam saioa.

23:00. Kontzertua: Rua44 eta Supersat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.