Eskutik. Andre Maria Zuriak eta blusa eta neska kuadrillek, jaiaren bi aldeak irudikatzen dituzten osagai nagusiek, eskutik hasi dituzte Gasteizko zaindariaren omenezko ospakizunak. Batasun hori bereziki agerikoa izan zen atzo, egun handian. Goizeko zazpietan hasitako Egunsentiko Arrosariotik aurrera dozenaka unetan irudikatu zen batasun hori, jendez gainezka egon ziren Gasteizko hiriguneko kaleetan barrena.
Andre Maria Zuriaren egunaren ospakizunak goizean goizetik hasi zituzten askok, beste hainbatek Zeledonen jaitsierarekin batera hasitako jaia bukatzen ari zirenean, hain zuzen ere. Egunsentiko Arrosarioan, ohi den bezala, milaka lagun bildu zen Andre Maria Zuriaren irudiaren inguruan. Zapatari kalean hasita Alde Zaharreko txokoetatik eraman zuten Gasteizko zaindariaren irudia, une askotan blusa eta nesken sorbalda gainean. San Frantzisko aldapa, Frai Zacarias Martinez kalea, Santa Maria plaza, Hedegile kalea... Andre Maria Zuriaren plazan bukatu arte.
Prozesioa erabateko isiltasunean egin zuten. Bozgorailu mugikorrei esker entzuten zen arrosarioak eta marmar txiki batek baino ez zuten isiltasuna eteten. Bidea egin ahala irudiaren oinarrian dozenaka lore utzi zituzten, Alde Zaharreko elkarte askok eginda.
Lore eskaintza ez zen egun osoan gelditu. Arrosarioa eta meza bukatuta, blusa eta neska kuadrillek protagonismoa bereganatzen hasi ziren. Goizeko ekitaldian gordetako isiltasuna ahaztu, eta, txaranga edo txistularien laguntzarekin, lotan zeudenak jaikitzeari ekin zioten. Goiz luzea zuten aurretik, ezinbesteko ekitaldiekin. Horien artean hiriko zenbait txokotara bisita egitea zegoen, alaitasuna kutsatu ahal izateko ospitaletan, zahar etxeetan eta bestelako egoitzetan. Andre Maria Zuriaren irudiari egindako lore eskaintza ere zain zuten.
San Migelgo balkoian kuadrillen joan-etorria etengabekoa izan zen. Lore eskaintzarekin batera, aurreskuak ere eskaini zizkioten hiriko zaindariari, bakoitzak bere modura. Kuadrilla batzuk, Los Desigualesek kasu, aurreskuaz gain arkua eta guzti eskaini zioten, bertaratutakoen gozagarri. Bere lore eskaintza pribatua egin ostean, Mari Carmen Martinez de Aramaionak blusa eta nesken joan-etorria gertutik jarraitu zuen. «Hau ikusita hunkitzen ez denak ez du bihotzik» esan zuen..
Lore eskaintza egiterakoan isiltasuna eta errespetua nagusitu zen, baina, horren ostean, San Migelgo balkoitik urrundu ahala, zaratak gora egin zuen. Txaranga doinuek hiriguneko bazter guztiak bete zituzten, ordurako bildutako jendetzak sortzen zuen zalapartari gailenduz. Bazkalorduan heldu zen atseden tarte bakarra egun osoan. Kuadrillak jatetxeetan sakabanatu ziren, zezenetarako bidea egiteko indarrak hartzeko.
Ehunka blusa eta neska bildu ziren zezenetarako bidea egiteko prest. Zezenetarako bidea, gehienak ez zirelako zezen plazan sartu. «Ezta behar ere! Gainera, heltzen garenerako... atsedenaldian egongo dira! Kar-kar!!», trufatu zen neska gazte bat, zezenetarako bidea atzeratzen ari zela ikusita. Horrela, alai-alai egin zituzten ospakizunak kuadrillek, gasteiztarrek eta bisitariek, egun handiari jarraipen ona eta bukaera hobea emateko prest.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Elkarrizketa. Ricardo Saez de Heredia. Andre Maria Zuriaren Kofradiako abadea
Jaiaren osagaiak, eskutik
Gasteizko jaien egun handian 2.000 blusa eta neska inguruk kolorez eta musikaz jantzi dituzte hiriguneko bazter guztiakEgunsentiko Arrosarioak milaka lagun bildu ditu hiriko zaindariariaren inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu