Gasteizen begirada gehien erakartzen duen txokoan egon da Mailu Lasarte (Errenteria, 1958), Zeledonen baimenarekin. Jaiei hasiera ematen dien suziria piztu zuen, beste batzuekin batera, EAJk euskalgintzako sektoreei eman baitie festei hasiera emateko ardura. IKAko irakasle 25 urte baino gehiago daramatza Lasartek, eta Gasteizko Udaleko Euskararen Sektore Kontseiluko kide eta Arabako Foru Aldundiko Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada. San Migelgo balkoian, Joseba Aginagalde Arabako Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Katixa Agirre idazlea eta Iñaki Tena bertsolaria izan zituen atzo alboan.
Zer moduz joan da txupinazoa?
Gero eta urduriago sentitu naiz. Ez suziria bota behar nuelako, ekitaldi publikoa delako baizik; eta niri ez zait halakoetan parte hartzea askorik gustatzen. Hedabideak ari dira deika jaietan hitzordua jartzeko, eta ni bihar [gaur] banoa oporretara!
Zer izango duzu faltan oporretan? Nola bizi ohi dituzu jaiak?
Eguneko festa gustatzen zait. Aihotz plazan egiten den bertso saioa, txosnetan buelta bat ematea edo kontzerturen batera joatea, baina batez ere egunez gustatzen zait. Eta Alde Zaharra, noski.
Suziria botatzeko proposamena egin zizutenean, zaila izan al zen baiezkoa ematea?
Egun bat eskatu nuen pentsatzeko. Ez nuen nahi, baina ikusten nuen euskararen aldeko keinu bat zela, eta nire langintza hori izan da beti: euskara irakastea. Egin behar nuela sentitu nuen. Ingurukoekin hitz egin eta esan zidaten euskara izango zela protagonista eta, kontraesanak kontraesan, merezi zuela. Nigatik balitz...
Zergatik atera zen zure izena?
Aurten EAJri zegokion suziria bota behar zuten pertsonak aukeratzea. Euskararekin lotu nahi zutenZeledonen jaitsiera, eta euskararen ezagutza, euskalduntzea eta euskararen erabilera islatu nahi zituzten balkoian. Gorka Urtaranek (Gasteizko Udaleko EAJko bozeramaileak) IKA aukeratu zuen, Gasteizko euskaltegi handiena delako eta bertan ikasi duelako. Eta zergatik ni? Bertan irakasle izateaz gain, udaleko Euskararen Sektore Kontseiluko kidea naizelako, eta emakumea.
Zer deritzozu euskarak jaietako une nagusietako batean lekua izateari?
Alde batetik, oso positiboa da gaur [atzo] bertan egotea, hedabide guztiak bertan daudelako eta hemendik kanpo oihartzuna duelako. Euskarak Gasteizen eta horren une garrantzitsu batean lekua duela erakustea positiboa da. Baina ekintzak ez du zerikusirik normalizazioarekin, ezta? Normalizatua balego, ez luke zertanprotagonista izan, edo agian bai...
Beste aldarrikapen kutsurik ere ba al du? Balkoian ordezkatutako sektoreek murrizketak jasan dituzte...
Krisiaren aitzakiarekin, diru sarrerak handitzeko bidea ez dagoenez, murrizketak datoz. Gasteizko Udalak aurrekontu guztiaren %0,35 baino gutxiago bideratu du euskararentzat. Hortik murrizketak egitea... Aurreztuko dutena gutxi da, eta euskalgintzarentzat eragin handia du.
Zer leku du euskarak jaietan? Badirudi leku finkoetara mugatzen dela.
Badugu Gasteizen, Araban oro har, konplexu bat. Beste herrialdeetan baino gutxiago garela pentsatzen dugu. Eta ez da horrela. Gasteiz da ezagutza mailan prozesu bizkorrena eraman duen hiria, baina erabileran dago arazoa.
Zer ildo indartuko zenuke jaietan?
Harreman berriak egiteko euskara erabiltzea aukera polita da; ahalegintxo hori egiteko aukera dago jaietan, are gehiago aurten lehen eguna protagonista dela.
Zer behar da euskara Gasteiz osora zabaltzeko?
Euskaltegiko lankide batek bizikletekin alderatzen du euskararen ezagutza eta erabilera. Gasteiztar askok bizikleta dute, eta euskaraz badakite. Orain, bidegorriak behar dira, baliabide eta araudiak. Jaietan zein urte osoan instituzioek hizkuntza politika egokiak egin behar dituzte; bidegorriak jarri jendeak erabil dezan.
Ematen du Aihotz plaza dela udalak antolatutako euskal gune bakarra.
Jaiez aparte, eztabaida bera dugu. Bi hizkuntza baditugu hemen, euskarazko ekintzak egitean diruak ez du zertan euskararen aurrekontutik atera. Sail bakoitzaren aurrekontuetan kontuan hartu behar da euskara. Kontuan hartu behar dira biak, eta ez proportzio berean. Hizkuntza bat bestearen gainetik badago, besteak behar du laguntza positibo bat.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Mailu Lasarte. IKAko irakaslea eta suziria botatzeko arduraduna
«Jaietan harreman berriak egiteko euskara erabiltzea aukera polita da»
Kontraesanak kontraesan, Mailu Lasarte euskara irakasleak positibotzat jo du euskarak lekua izatea Gasteizko jaietako unerik garrantzitsuenetako batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu