Jairik gabeko euskal astea

Euskal jairik izango ez den arren, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da egunotan Donostian eta Zarautzen. Urtero legez, gazta txapelketak ez du huts egingo Ordizian

Ordiziako Gazta Txapelketara aurkeztu ziren produktuen erakusmahaia, iaz, kiroldegian. JON URBE / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Txistorra taloen eta sagardoaren zaporea, trikiti doinuak eta baserritar jantziak. Ikasturte hasierako aldapa gora arintzeko, gozagarri izan ohi dira iraileko lehen egunetako azokak, kontzertuak eta kale giroa. Euskal jaien sasoia ere aldarazi du pandemiak, ordea: ez da jairik izango aurten. Alabaina, gastronomiaz, musikaz eta beste hainbat kultur ekitaldiz gozatzeko parada izango da hainbat herritan.

Euskal jaiak ezinbesteko ospakizuna dira zarauztar askorentzat, baita inguruko herrietako bisitarientzat ere. Aurten, formatua aldatuta ere, hainbat ekitaldiri eutsi nahi izan die udalak, eta Euskal Astea izango da herrian. Hilaren 11ra arte iraungo du kultur egitarauak. Halaber, irailaren 9an egitekoa zen euskal jaia ez dute ospatuko: «Aurten ez dugu euskal jairik ospatuko. Aurten ere, zaindu maite duzuna» mezua helarazi du Xabier Txurruka alkateak.

Hain zuzen ere, Alproja antzerki taldeak emanaldia egin izan du urtero euskal jaian, baina udalak ezarritako debekuaren ondorioz, 11n egitekoak dira. Iaz, ikus-entzunezko moduan aurkeztu zuten antzezlana, baina, oraingoan, taula gainera itzuliko dira. «Aurten, beti bezala, aurrez aurre izango da antzezlana», azaldu du Beñat Intxauspe taldekideak. Haatik, aldaketa batekin helduko da: kaletik antzokira jauzi egingo du. «Leku ireki batean eginez gero, inguruan ere zutik jartzen da jendea, eta hori ez dugu nahi. Hori dela eta, erabaki genuen leku itxi batean egitea».

Leku itxi batean antzezteak jende gutxiago biltzea dakar, eta, horregatik, Alproja taldekoek jarraian bi emanaldi egiteko erronkari eutsi diote: 10:30ean izango da lehen saioa, eta 12:15ean bigarrena. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 19:00etan, Musika plazan.

Urteko gertakariak biltzea eta umorez eraikitako kritika plazaratzea du helburu urteroko antzezlanak. Aurtengo obrak, Etxegabetuak lanak, etxebizitzaren arazoa taularatuko du. Hots, «Zarautzen gazteek ordaindu dezaketen etxebizitza bat aurkitzeko duten zailtasuna» islatu nahi izan dute, askotariko arrazoietan sakonduz. Betiere, umorez, Intxausperen hitzetan: «Kritika umorez egiten saiatzen gara. Badaude esajeraziora eramandako eszenak, baina errealitate gordin bat daukate oinarrian».

Jakien erakuslehio

Bertsoak, dantza, eta musika izango dira, besteak beste, datozen egunetan dasta daitezkeen platerak. Gaur, 22:00etan, bertsolari gazteen XLV. Lizardi sariaren finalean ariko dira Txaber Altube, Aitor Servier, Sarai Robles, Andoni Mujika, Aitor Zubikarai eta Ekhiñe Zapiain. Zarauzko Modelo aretoan izango da saioa.

Donostian eta Ordizian (Gipuzkoa), bertako produktuak izango dira nagusi. Larunbat goizean, produktu ekologikoek eta tomateek hartuko dute Bulebarreko hiribidea, nekazaritza ekologikoaren azokan eta Gipuzkoako tomateen erakusketan. Produktuok ikusi, usaindu, dastatu eta erosteko aukera izango da. Asteartean, berriz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak sagar uztaren aurkezpena egingo du Trinitate plazan.

Ordizian, ez da izango jai egitaraurik aurten, baina, urtero legez, gazta txapelketari eutsiko diote. Iraileko bigarren asteazkenean egin izan da tradizioz, eta halaxe izango da oraingoan ere. Ordiziako Udalak eta Idiazabalgo gaztaren kofradiak antolaturiko txapelketan, ardi latxen esnez eginiko gazta ekoizleak txapela janzteko lehian arituko dira.

Donostian, irailak badu bestelako zapore bat: itsasoaren kontra apurtzen diren arraunkadek ekarritako kresalarena. Aurten ere ez du huts egingo arraunzaleen urteko topalekurik berezienak. Kontxako estropadak hilaren 5ean eta 12an izango dira, eta Donostiako txistulari bandaren doinuek kaleak girotuko dituzte goiz-goizetik.

Literaturazaleentzat ere izango da zer entzun eta zer ikusi hirian. Astelehen eta asteartean, 19:30ean, Poesia ordua goxatuko dute Leire Bilbaoren eta Nahia Zubeldiaren hitzek, Maite Larbururen eta Manu Matthysen doinuek lagunduta, Viktoria Eugenia antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.