Jaki alemaniarrak Bilbon

Etxean egindako urdaikiak probatzeko aukera dago La Moderna urdaitegian eta Ein Prosit Bilbao jatetxe alemaniarrean. Thate sendiaren hirugarren belaunaldia da egungoa.

Carmen eta Enrique Thate, urdaitegi eta jatetxe alemaniarraz arduratzen diren lau neba-arrebetako bi. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Urdaitegi zein jatetxe alemaniarra topa daitezke Bilboren bihotzean, Zabalguneko plazan. 1922an zabaldu zuen Alfonso Thatek La Moderna urdaitegi alemaniarra, eta gaur egun Thate sendiko hirugarren belaunaldiaren esku dago negozioren ardura.

Iparraldeko emakume batekin ezkondu zenean heldu zen Alfonso Thate Euskal Herrira. Bilbon alemaniar asko biltzen zela ikusi zuen, eta, bere herriko produktuak saltzeko, urdaitegia zabaltzea erabaki zuen. 90 urteko historia du, beraz, negozioak. Gainera, 1999an, Alfonsoren bilobek jatetxea ere ireki zuten, eta lau neba-arrebak dira gaur egun famili negozioa kudeatzen dutenak.

Lana ondo banatuta daukate thatearrek. Hermann, anaia nagusia, urdaigintzan maisu da; berak ekoizten ditu etxeko urdaikiak, aitonak irakatsitakoa eta lau urtez Alemanian ikasitakoa uztartuta. Carmen, berriz, urdaitegiko arduraduna da, eta Alfredo, jatetxeko sukaldaria. Enrique dendan zein jatetxean aritzen da lanean.

Hermann urdaigintzan «izugarria» dela dio Carmenek. «Urdaitegian saltzen dugunaren %70, Begoñan dugun lantegian eginiko produktuak dira: saltxitxak, pateak, york urdaiazpikoa, hirugiharra... dena da etxekoa». Horrela, kolore askotako erakusmahaia dute urdaitegian. Bertako bezeroak dira biltzen diren gehienak, «baina gero eta alemaniar gehiago dator; turismoaren eraginez, batez ere».

Bilboko Aste Nagusian Garagardoaren Lorategiajaia antolatzen zuten Zabalguneko plazan, eta bederatzi egunean, 15.000 saltxitxa, 1.500 besagain eta 10.000 litro garagardo saldu ohi zituzten. Arrakasta ikusirik, Ein Prosit jatetxea martxan jartzea erabaki zuten. Alfredo Thate da horko sukaldaria. «Jaki alemaniarrak egiten ditugu, baina bertoko ukituarekin, noski». Tabernan ere Alemaniako garagardoak bakarrik saltzen dituzte. «Euskal herritar asko dator bazkaltzera, baita alemaniarrak ere, negozio kontuengatik asko dira Bilbora datozenak eta». Jatetxean denetariko bezeroak izan dituztela dio Alfredok: «Lehendakariak berak nahiz jende xumea. Aktoreak, kirolariak... eta beste pertsona ospetsu asko tartean».

Athleticeko peña edo saltxitxa jana

2004. urtean, jatetxe inguruan biltzen zen jendeak Athleticeko peña alemaniarra sortu zuen. Muller Dani izena ipini zioten. Muller, 70eko hamarkadako aurrelari alemaniar ospetsuaren omenez; eta Dani, talde bilbotarreko atezainari aipamen eginez. Alfredok azaldu duenez, «urtero irteera bat egiten dugu behintzat, eta tabernan ere giro polita sortzen da partida dagoen aldiro».

Beste ekimen ugari ere antolatzen dituzte:«Orain dela gutxi, saltxitxa jan erraldoia egin genuen, Unicef elkartearentzat dirua biltzeko». Aste Nagusian, egunero ekimen bat antolatzen dute, pregoilariaren omenaldia tartean.

Urdaitegi eta jatetxe alemaniarra baino gehiago da, beraz, Thate sendiaren negozioa. Laugarren belaunaldiak ere lana jarraituko duela espero du Carmenek, «gure seme edo alabaren bat animatuko da. Bateren batek gogoko du jada...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.