Liburu denda baino gehiago da Kaxilda, Kaskazuri jatetxe bat baino gehiago den moduan. Donostiako Amara Zaharra auzoko Arroka kalean inauguratuko dute gaur Kaxilda, pentsamendu kritikoaren bilgunea. Liburuei eskainitako lekua ez eze, bilera eta topaketa lekua ere izan nahi du, janariari estuki lotua dagoena. Ezin janariari estuago lotua egon, liburu denda Kaskazuri jatetxe begetarianoaren beheko solairuan baitago.
Liburu denda elkarkorra izan nahi du Kaxildak —Donostian bizi zen anarkista iraultzailearen omenez jarri diote izena—, eta ekitaldi artistiko, kultural eta politikoei dago irekia. Liburua aitzakiatzat hartuta, ehun sozialari irekia dagoen gune bat eraiki dute, eta hiriko hainbat kolektiborekin jarri dira harremanetan horretarako. Liburu aurkezpenez, hitzaldiz eta beste hainbat ekitaldiz beteriko egitaraua dute jada. «Jendeak gurekin elkarreragin dezan nahi dugu, gunea eraikitzeko prozesuan parte har dezan», azaldu du Dario Malventik, proiektuaren sustatzaileetako batek. Janariaren eta liburuen bidez kapitalismoak eskaintzen duen bizitza estiloari uko egiteko irtenbideak eman nahi dituzte, proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez.
Argitaletxe independenteei emango diete lehentasuna, eta ohiko liburu dendetan nabarmentasun handirik ez duten argitalpenak erosi ahalko dira. 40 argitaletxe ingururekin lan egingo dute. Besteak beste, Virus, Hiru, Traficantes de Sueño, Pamiela, Erein eta Txalaparta argitaletxeen euskarazko zein gaztelaniazko eleberri eta entseguak izango dituzte salgai. Eduki sozial eta politiko indartsuko argitalpenak bildu dituzte, gizartean eztabaida sortze aldera. «Ezkerreko mugimenduen multzoarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituzten argitaletxeekin lan egingo dugu». Halaber, tokian tokiko elkarteen materialaren erakusleiho ere izango dira. Horrez gain, musika atal bat egongo da, eta biniloak salgai izango dituzte.
Kaxildari ongietorria
Mursego eta Hombrepantera taldeen emanaldiekin irekiko dute gaur ofizialki Kaxilda, 19:30ean. Kaskazuri jatetxeko mokadutxo eta ardoek lagunduta ikusi ahal izango da kontzertua. Ondoren, aldameneko frontoian Idoia Zabaletaren 3. zenbakiko pitzadura: txoriak pieza aurkeztu gabea ikusi ahalko da.
Badira hamahiru urte Elias Argotek Kaskazuri jatetxea ireki zuela. Orain bi hilabete, jatetxeko menua goitik behera aldatu, eta menu makrobiotikoa eskaintzen hasi zen. Halabeharrak Dario Malventi eta haren adiskideekin jarri zuen harremanetan. Euren proiektua gauzatzeko lokal baten bila zebiltzan gazteak, eta Argotek hutsa zuen behe solairua eskaini zien. «Bi ideiak bateragarriak direla iruditu zitzaidan, eta hasieratik oso harreman ona sortu zen gure artean», azaldu du Argotek.
Unibertsitatearen eta jakintzaren alorrean emandako aldaketek bultzaturik,Kaxildaren moduko leku bat sortzeko beharra sentitu zuten Malventik eta haren adiskideek. «Unibertsitateak enpresa mundurantz eginiko desbideratzearen ondotik, jakintza beste esparru batera eraman behar genuela sentitu genuen», dio Malventik. Ezaguera eta jakintza horiek Kaxildan proposaturiko liburuen bidez mantentzea espero dute antolatzaileek. «Liburuen bidez ezagutza zabaldu eta partekatzeko txokoa izan nahi du Kaxildak».
Jakinduriaren babeslekua
Kaxilda liburu denda inauguratuko dute gaur arratsaldean, Donostiako Amara Zaharra auzoan. Liburuei eskainitako gunea izateaz gain, eztabaida eta bilera gunea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu