Elikadura. Eko-tik

Jakituria eta elkarbizitza ordainsari gisa

2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun

Zer da WWOOF mugimendua?

Gustura bizi zen Sue Coppard gaztea 1971ko Londresen; lana zeukan bulego batean eta hiria bor-bor zegoen. Baina haurtzaroko zelaien, soroen, kakalardoen falta igartzen zuen Londresen, eta asteburu-pasa baserri batera joatea otu zitzaion. Auzolan bat antolatu zuen hiri inguruetako ikerketa biodinamikoko zentro batean, Soil Associationen laguntzarekin. Hain ondo pasatu zuten baserritarrek zein kaletarrek baserriko lanak egiten eta elkarrekin bizitzen, non beste pertsona batzuek esperientzia bera bizi ahal izateko bideak zabaltzen hasi batziren. Apopilo modernoaren aroa hasi zen, WWOOFen aroa.

WWOOF naturarekin kontaktu zuzena izan nahi duten pertsonak baserri ekologikoetan nekazaritza ekologikoa zabaltzeko xedearekin jaio zen, 1971n. Lanaren truke, janaria, aterpea, jakituria eta, batez ere, laguntasuna eskaintzen dira. Ez dago inolako harreman komertzialik, lana ez da dirutan kobratzen edo ordaintzen, WWOOFentzat, gizakion arteko laguntasuna sustatzea, jakituria zabaltzea, pertsonen garapenerako tresnak eskaintzea eta ingurumenaren alde borrokatzea dira ordainsariak.

Hamarkada hauetan guztietan, elkartearen antolakuntza konplexuagoa egin da: hasiera batean, Londres inguruko asteburuko auzolanak antolatzen zituzten, baina morroigai zein nagusigaien eskaintzak berehala handitzen hasi ziren. Denbora laburrean, ekimena asko handitu zen, eta beharrizanak ugaritu ahala antolaketarako atal berriak sortzen joan ziren. Egun, WWOOFek bost kontinenteetan banatutako 43 herrialdetan funtzionatzen du. Azken 40 urteetan, munduko milaka herritarren elkar ezagutza eta harremana sustatu du.

Irakurri ahal izan duzuenez, prozesua ez da batere konplexua: alde batetik, boluntarioak jendea ezagutzeko gogoa, ikasteko grina eta lana eskaintzen ditu; bestetik, baserritarrak jendea ezagutzeko gogoa, daukan jakituria, aterpea, jana eta lana jartzen ditu boluntarioaren esku. Esan bezala, herrialde gehienetan WWOOF elkarte lokalak daude, batzuen eta besteen harremanetarako bideak zabaltzeaz arduratzen direnak. Horretaz gain, boluntarioari asegurua egiten diote, eta boluntario eta baserritarren datu basea eguneratuta edukitzeaz eta taldearen komunikazioaz arduratzen dira.

Boluntarioarena da lehen urratsa. Joan nahi duen lekuarekin kontaktua egin, epeak adostu eta ekin. Oro har, egonaldi minimoa astebetekoa izaten da, baina luza daiteke baserritarrarekin adostuta. Baserritarrek aste kopuru maximo bat zehazteko aukera ere badute. Gipuzkoan, Arruan Haundi (Lastur-Deba), Pikunieta (Antzuola) eta Aldabazahar (Tolosa) baserriek eskaintzen dute aukera hau.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur - Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea. Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65

[email protected]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.