Afrikako gosearen arrazoiak ez dira lehorte eta hondamendi naturaletan bakarrik bilatu behar. Natalia Etxarri Euskadiko Mugarik Gabeko Albaitariakgobernuz kanpoko erakundeko ordezkariaren hitzetan, «hein handi batean, atzerriko gobernu eta enpresen ardura da, Afrikan euren jatorrizko herrialdeetan erabili ezin diren teknika ugari erabiltzen baitituzte». Jokaera horiek salatu eta alda daitezen eragiteko, Adi, bertan jendea bizi da izeneko erakusketa zabaldu du gobernuz kanpoko erakundeak Bilboko Alondegian. Larunbatera arte egongo da zabalik, eta hiritarren babesa lortu nahi dute antolatzaileek. «Elikatzeko eskubidea bermatu dadin lortu nahi dugu», esan du Etxarrik. Izan ere, janaria inoiz baino esku gutxiagotan eta inoiz baino garestiago dagoela salatu dute Mugarik Gabeko Albaitariak erakundeko ordezkariek.
Erakusketa «ikusgarria» dela ziurtatu dute, datu eta adibideekin enpresa multinazionalen ekintzak azaleratzen baitituzte. Erosketetako orgekin eta kutxekin apaindu dute aretoa, eta ikus-entzunezkoekin osatu dute Adi, bertan jendea bizi da erakusketa.
Urteetako gainbehera
1970. urtera arte, Afrikak aski zuen elikadurari dagokionez. Hau da, kontinenteko biztanleria guztiarentzat adina janari ekoizten zuen. Gaur egun, ordea, janariaren %25 kanpora bideratzen da, eta horrek «zuzenean eragin dio» elikatzeko eskubideari. Atzerriko enpresek 50 milioi hektarea lur bereganatu dituzte azken urteetan. «Europako Batasuneko nekazaritzako lurren erdia da kopuru hori», Etxarrik azaldu duenez. Hango biztanleek lur horietan egiten dute lan, baina ekoizten duten janaria kanpora bideratzen dute enpresek. «Horregatik, europarrak garen heinean, badaukagu zer esana».
Kongoko Errepublika Demokratikoan, esaterako, nekazaritzako lurren %48 baino gehiago kanpoko enpresen eskuetan daude. Ugandan, %14, eta Mozambiken, %21. Azken herrialde horretan, gainera, jatrofa landarea ekoizteko erabiltzen dute lur hori gehienbat; biodiesel erregaia egiteko erabiltzen da, hain zuzen ere, landare hori. «Gasolinarekin alderatuz gero erregai garbia dela esaten digute behin eta berriro, baina ez dute esaten Afrikan zein eragin sortzen duen jatrofa landatzeak: hango biztanlea jakirik gabe geratzea», Etxarrik adierazi duenez.
Hemengo itsasoetan, bestalde, gero eta itsaski gutxiago dago harrapatzeko. Beraz, Europako arrantzontziak Afrikara joaten ari dira. Horren argigarri, honako datua: arrantzontzi europarrek harrapatzen dituzten arrainen laurdenak baino gehiago Europaz kanpoko uretan arrantzatuta daude. Kanpoan, gainera, era industrialean egiten dute arrantza. «Itsas hondoa deuseztatzen duten teknikak erabiltzen dituzte, gainera; hemen baimenduta ez daudenak». Ohartarazpena egin dute: era horretan jarraituz gero, hamabost urte baino lehen amaituko da, beharbada, Afrikako arrantza.
Hori guztia ikusita, Mugaz Kanpoko Albaitariek lekuan lekuko produktuen kontsumorako deia egin dute. «Multinazionalen ekoizpenek Afrikako eta hemengo nekazariak pobreziara bideratzen dituzte, eta, horregatik, tokiko kontsumoa izan daiteke egoera honentzako irtenbideetako bat», Etxarriren ustez.
Janari politika salatzen
'Adi, bertan jendea bizi da' erakusketa zabaldu dute Bilbon. Multinazionalek Afrikan erabiltzen dituzten lan teknikak salatzeko deia egiten du erakusketa honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu