Gehiegi jateak betekada eragin ohi du, asetasuna, halako gorputzaldi astun bat. Pentsatzekoa da, beraz, jateari buruzko telebista saio gehiegik ere antzeko sentsazioa eragingo duela, nahiz eta telebista programatzaileak oraino ez diren horretaz ohartu. Bat izango zarete: sukaldaritza saioek betetzen dute telebista. Edozein dela eguna, edozein ordua, janaren inguruko programa bat izango duzu, gutxienez, kateren batean. 24 orduz dago zabalik telebistako jatetxea.
Astelehen gauean bukatu zuten, final itxuraz arranditsu batekin, Menú estress, hamabost saioren ondotik, ETBko bigarren katean. Bi osagai arrakastatsu batzen zituen: janaria eta reality-a. Janariaren apustua irabazlea da, eta tradizio luzea du gurean. Nobedade gisa saldu ziguten reality izaera —nahiz eta aurretik saioak egin izan diren, TF1en, Masterchef, eta Antena3en, Ven a cenar conmigo—. Gisa horretako saioen bertutea: jende erreala egoera errealetan jartzen omen dute. Menú estress-eko hainbat kapitulu ikusita, ordea, iruditzen zait azkar asko bildu dutela euskal gizarteko estereotipo zerrenda: bilbotar harroxkoa, ñoñostiar afrusa, neska moderno antza, mutil kirolaria, beltz bat, salbai ona noski, eta, kurioski —eta akaso hemen datza nobedadea—, etxeko politikari muzin eginez, ezker abertzaleko jendea. Tira, denak paperean bilduta nobela kostunbrista baterako emango lukeela.
Final handian ere aurreko saioetako osagai berak prestatu zituzten: eztabaidatxoak, lesio txikiak —ezer larririk ez—, narraskeria apur bat. Saioaren izenak iradokitzen duenaren aurka, estres sentsaziorik batere ez. Lotsa pittin bat, bai, oinezko euskal sukaldariaren maila zein den ikusita. Eta maila hori, nola ez, epaimahai batek juzgatu izan du, eta epaimahai horretan, asteroko famatu usteaz gain, ez da falta izan epaile egurkaria, lehen saioetan herabe xamar ikusi genuena, baina gero, goikoen aginduz edo, aho bilorik gabe lehiakideak umiliatzen jardun duena. Eta hori guztiori, publizitate —ageriko eta gorde— dosi handiekin ezkondua. Hatzak zupatzekoa, jaun-andreok.
Baina hori bai, dena oso geurea, dena oso euskal, txokoa, kuadrilla, plater nazionalak —nahiz eta gaur plater nazionalagoa den makarroiak tomatearekin—. Elkar uler dezagun: azken buruan, janaria agertzen den programa oro ez dela urre, ez eta gastronomia ere.
Komunikazioa. Ekografiak
Janaria ez da (beti) gastronomia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu