Jantzia berriz jartzeko eguna

Aste Nagusiko ostegunetan ohitura den legez, Txupinera Eguna ospatu dute orain arte izandako txupinerek. Traje gorria jantzita, hogei txupinera bildu dira. 1991. urtean sortu zuten elkartzeko ohitura, euren lana goraipatu eta txupineraren irudia indartzeko.

Orain arte izandako txupinerek han ez zirenen omenez egin zuten topa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aste Nagusiari suziriak ematen dio hasiera, eta egunero, txupineraren lana da 10:00etan suziri bat jaurtitzea, egunari hasiera emateko. Lan hori omentzeko, Txupinera Eguna egin zuten atzo. Ohitura den legez, Aste Nagusiko ostegunean elkartu ziren txupinerak armairuan ondo gordetako txapel eta txaketa gorriak soinean. 39 txupinera izan ditu Aste Nagusiak gaur arte, eta atzo hogei bildu ziren, hemeretzi txupinera ohi eta aurtengoa, Ane Ortiz.

Egunari hasiera ematen dion suziria jaurtiz ekin zioten jaiari, Arriaga paretik. Bertatik, txapel eta traje gorriz jantzitako kuadrillak Erriberako merkatura arteko bidea egin zuen, trikitia eta panderoa lagun. Kalejiran sartu ziren merkatura, eta han zeudenak agurtu ostean egin zuten eguneko lehen geldialdia. Merkatukoek pintxoak eta edariak zerbitzatu zizkieten, aurretik zuten egun luzerako indarrak hartzeko.

Txupinera Eguna egun berezia dela zioten denek. Aixeberriko Sonia Charcan 1997an izan zen txupinera, eta, ordutik, behin bakarrik egin du huts: «Oporretan nengoen, eta damutu nintzen ez etortzeaz». Azaldu zuenez, Txupinera Egunean ez ezik, saiatzen dira gehiagotan elkartzen: «Denboraren poderioz familia bat osatu dugu. Whatsapp taldea ere badugu». Urte osoan biltzeko aukera gutxi badute ere, euren arteko harreman estua agerikoa zen, eta, aspaldi ikusi gabeko lagunek bezala, asko zuten elkarri kontatzeko.

Satorrak konpartsako Lurdes Luke 2002an izan zen txupinera, eta, azaldu zuenez, eguneratzeko baliatzen dute eguna. «Elkarretaratze eguna da gaurkoa, ondo pasatzeko, dantzatzeko zein hitz egiteko». Adinez eta izaeraz desberdinak baldin badira ere, denak txupinera izateak elkartzen ditu: «Bilboko Aste Nagusiarekiko sentitzen dugunak lotzen gaitu».

Erriberako merkatuan hamaiketakoa jan ostean, txupinera guztiak Areatzara joan ziren. Han ziren egitekoak omenaldi nagusia, 11:30ean, baina atzerapenarekin zetozen txupinerak. Azkenean, 12:00 aldera iritsi ziren, eta Areatzako kioskoan hastekoa zen musika bandaren kontzertua atzera ez zedin, heldu eta segituan jaurti behar izan zituzten suziriak.

Guztiak oroitzeko suziriak

Han zituzten 24 suziriak zain. Bertan zegoen esatariak egin zien harrera, eta gogoratu zien atzokoa «euren eguna» zela. Hogeiek batera piztu zituzten suziri guztiak, txupinera guztiak goraipatzeko eta ez daudenak oroitzeko. Omenaldia bukatuta, lehiaketa gastronomikoko antolatzaileek prestatutako mokaduak jateko aukera izan zuten. Berriz heldu zioten jai giroari, han zeuden gainontzeko konpartsakide eta lagunekin batera.

Suziririk ez zuen bota Nati Ovelleiro pregoilariak, baina bertan egon zen, txupinerekin. «Inbidia pixka bat» ematen ziotela onartu zuen: «Gustatuko litzaidake jantzi gorria edukitzea». Txupineren arteko konplizitatea nabarmendu zuen, eta, aipatu zuenez, gustura egingo luke antzeko zerbait pregoilariekin. Atzo, txupinerekin eguna pasatzearekin konformatu zen, nahiz eta onartu berak eta Ortizek ez zutela atseden hartzeko astirik izango.

Bazkaltzeko ordura arte, jai giroan segitu zuten txupinerek. Bazkaria Komantxeko txosnan egin zuten, izan ere, ohitura da bazkaria iazko txupineraren konpartsan egitea.

Giselle Felli iazko txupinera ere han zebilen. Makuluekin zebilen, txosnaren muntaketan kolpea hartu ostean. Hala ere, ez zuen galdu nahi kargu ofizialik gabeko bere lehen Txupinera Eguna: «Txupinera zarenean ezin duzu egunaz gozatu, hara eta hona ibili behar duzulako». Aurten, Oihana Pascual bere aurreko txupinerak emandako gomendio bera kontatu zion Ortizi: «Txupinera Eguna hurrengo urtean gozatuko duzu». Iaz esandakoa frogatu zuen atzo Fellik, muletarekin ere gustura baitzebilen gainontzeko txupinerekin parrandan.

Bazkaria, tertuliarako unea

Bazkarian, tertulian lasaiago aritzeko aukera izan zuten. Felliren esanetan, orduantxe izaten da momentu hunkigarriena: «Falta direnak gogoratzen ditugunean». Bazkalostea ere bakoitzaren oroitzapen eta esperientziak kontatzeko aukera izaten da, bertan elkartzen baitira urte ezberdinetako txupinerak. Txupinera gisa, guztiek izan zuten bere garaian jaien hasierako eta goizeko suziria jaurtitzeko ardura, baina, urteak aurrera egin ahala, txupinerak jaietako irudi bilakatu dira, eta udaleko eta konpartsetako ekitaldi guztietan daude.

Mamiki konpartsako Alazne Olabarrietarentzat, asko aldatu da txupineren lana. «Egun, presentzia handiagoa dute». 1983an izan zen txupinera, eta garai hartan ez zuten jantzirik; konpartsetako kamisetekin janzten ziren. 1986an hasi ziren janzten gaur egun ezagunak diren txaketa eta txapel gorria.

Eginbeharrak ere ez ziren berdinak. Oroitu zuenez, suziria botatzeaz gain, berak ez zuen bestelako zereginik. Azken urteotan txupinerek duten «agenda» gogorra dela esan zuen, baina, era berean, azpimarratu zuen erakusten duela txupineraren figura «agente aktibo» bihurtu dela jaietan. «Egun, txupinerak Bilboko konpartsek jaien alde egiten duten lanaren erakusgarri bilakatu dira».

Bazkaria bukatzearekin batera, Txupinera Egunaren egitarau ofiziala amaitu zen, baina gehienek parrandan segitu zuten, euren omenezko eguna azken minutura arte aprobetxatzeko. Eguna zenbat luzatuko zen bakoitzaren araberakoa dela zioen Charcanek: «Bakoitzak nahi duen arte, edo ahal duen arte». Atzoko eguna bukatuta, gaur guztiak, Ortiz izan ezik, konpartsera izango dira berriro ere, baina, ziur etxera heltzerakoan txaketa eta txapel gorria ondo gordeko dituztela datorren urtera arte. Izan ere, behin txupinera izan dena beti izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.