Lorian arropa dendako kideak dira Begoña Urbieta (Donostia, 1978), Igor de Castro (Lekunberri, Nafarroa, 1979) eta Jon Atxa (Donostia, 1979). Duela ia 25 urte ezagutu zuten elkar De Castrok eta Atxak. Bi lagunen familiak elkartzen ziren bakoitzean, elkarrekin proiektu bat egiteko ideia etortzen zitzaien burura. Horrela jaio zen lorian.eus, Interneteko arropa denda.
Nolako harrera eduki du Lorian dendak?
JON ATXA: Harrera oso ona egin digute, batez ere herrian. Hala ere, zailtasunak eduki ditugu arlo teknikoan. Izan ere, euskara, hizkuntza nagusia, webgunean galdu zen; beraz, berriro sartu behar izan genuen. Hizkuntzei garrantzia ematen diegu; beraz, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago webgunea.
Eta nondik atera zenuten Lorian izena?
BEGOÑA URBIETA:Bizipoza esan nahi du. Azken finean, guretzat emozio positiboak eta goxotasuna helaraztea da. Gu bi familia garenez, laguntasuna horrela bizi dugu, altxor bat bezala. Markaren izenak nortasun hori eduki behar zuen; beraz, poztasuna edo horrelako zerbait jarri nahi genuen, eta UZEIren hiztegian Iparraldeko adiera bat aurkitu genuen: loria. Poztasuna, bizipoza, sinonimoak ditu, eta Nafarroan gaudenez, -n hizkia gehitzeko erabakia hartu genuen.
Euskarazko mezuak helarazten dituzue, zergatik?
IGOR DE CASTRO: Ez dugu baztertzen etorkizunean beste hizkuntzaren bat erabiltzea, baina oraingoz nortasunaren eta gure kulturaren kontua da.
Eta euskarak saltzen du?
DE CASTRO: Nik uste dut baietz. Musikarekin jarriko dut adibidea: Berri Txarrak hemengoak dira, haiek euskararekin ez dute Madrilen jo? Niretzat baldintza bat da. Gaztelaniaz ere hitz egiten dut, eta beste kulturak ere asko maitatzen ditut, baina gehienbat euskara erabiltzen dut.
ATXA: Azken finean, guretzat ez da marketin tresna bat, baizik eta gure nortasuna eta izaera.
Adibidez, kamisetetako baten mezua Eta zer?... da. Zeri esan nahi diozue Eta zer?
DE CASTRO: Hori bakoitzak ulertzen du. Niretzako indarra ematea bezala da: horrelakoa naiz edo ni hau naiz, horrelako mezuak zabaltzeko da. Halere, uste dut polita dela pertsona bakoitzak bere moduan ulertzea.
Webgunean jasangarritasuna ezinbestekoa dela jarri duzue.
URBIETA: Bai. Egia da gu ez garela izan arropa organikoaren kontsumitzaile, baina zein arropa mota saldu nahi genuen pentsatzerakoan, organikoaren aldeko apustua egitea bururatu zitzaigun. Konpromiso bat daukagu, eta guk ere gure neurriak hartzen ditugu. Jasangarritasunaz hitz egiteko orduan, ez dugu ingurumenaz bakarrik hitz egiten; hau da, jantziak eta harreman jasangarriak ditugu oinarri. Beste modu batean esanda, harreman osasuntsuen aldeko apustua ere egiten dugu.
Orduan, jasangarritasuna sustatzeko, nondik eskuratzen dituzue oihalak?
URBIETA: Europako banatzaile batek ekartzen dizkigu. Oihalak Bangladeshetik datoz, eta kotoia Indian ekoizten dute. Hala ere, nazioarteko zigiluak dituztelabermatu dugu. Horrela, langileak baldintza duinetan lan egiten dutela ziurtatzen dugu.
ATXA: Gauzak ondo egin nahiarekin lotuta dago, gure balioak direlako. Sinplea izan daiteke, baina gauzak ondo egiten gogotsu ari gara.
Kolore apalak erabiltzen dituzue orokorrean. Zergatik?
URBIETA: Ez dakit, ez dugu asmo berezi batekin egin. Pantone taula hartu eta konbinazioak begiratu genituen. Jantziak sortzeko orduan kontuan hartu dugu guk ere jantziko genukeen zerbait sortzea.
Arroparekin —eta kamisetekin— originalak izan beharra inposatu da?
DE CASTRO: Ez dut uste. Denok izan behar dugu originalak arlo guztietan. Gainera, originaltasuna pertsonaren araberakoa da. Agian egin nahi duzuna jada eginda dago, baina balio duena jarrera da.
ATZEKOZ AURRERA. Jon Atxa, Begoña Urbieta eta Igor de Castro. Lorian arropa dendako kideak
«Jantziak eta harreman jasangarriak ditugu oinarri»
Duela hilabete bat ireki zuten Lorian denda. Euskarazko mezuak dituzten arropak saltzen dituzte, ingurumenarekiko konpromisoari eutsiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu