Telesailak

Japoniako estolden miaketa

Kazetari estatubatuar batek Japoniako eliteen hainbat krimen argitaratu zituen 2009an, eta 'Tokyo Vice' telesailak fikziora egokitu ditu

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
1990eko hamarkadan, karateak erakarri zuen Jake Adelstein kultura japoniarrera, eta sekula ez zuen imajinatu urte gutxiren buruan Tokioko zokorik ilunenetan egiten diren itun ezkutuak argitaratuko zituela. Adelsteinek Tokyo Vice izeneko liburuan bildu zuen hamabi urtez egindako ikerketa lanaren emaitza; herrialdeko egunkari batentzat lan egin zuen lehen kazetari ez-japoniarra izan zen. Hilketak, estortsioa, ustelkeria eta giza trafikoa azaleratu zituen, eta, orain, HBOk fikziora egokitu du hori guztia, hamar ataleko telesail batean.

Michael Mann zinemagile estatubatuarrak ekoitzi du telesaila, eta baita haren lehen atala zuzendu ere. Mann ezaguna da Hollywooden, Miami Vice, Manhunter eta Heat lanak gidatu dituelako, besteak beste. Krimenaren lokatzetan trebea, irudiak iluntasunez bete ditu. Musika, kolore eta kamera angelu probokatzailez josi du metropoliko gaueko bizitza, eta askotariko erreferentziak egin dizkie 1950eko hamarkadatik Japoniako krimen antolatua pantailaratu duten yakuza estiloko filmei.

Telesaileko gidarien abilezia teknikoa lehen mailakoa da, akzio zein drama pasarteetan. Proiektua AEBen eta Japoniaren arteko koprodukzio bat da, eta lankidetza hori esparru guztietan igar daiteke. Pertsonaien arteko elkarrizketa gehienak japonieraz idatzi dituzte, eta hori nabarmentzeko modukoa da, kontuan izanik telesaila nagusiki Mendebaldeko publikoak kontsumituko duela.

Sortzaileek ahalegin berezia egin dute Japoniako gizarte kodeak xehetasunez islatzeko, baina bidean konbentzio dramatiko batzuetan erori dira. AEBetako gizon zuria da protagonista eta kontakizunaren ardatza, Japoniako trapu zikinak aireratzeko egin zuen lana. Kazetariaren heroismoa larregi goratzea da arrisku bat, eta beste bat prostituta eder gisa agertzen diren emakumezko pertsonaiak istorioaren bazterrean zokoratzea, amodio triangeluetako baliabide soil gisa erabiltzea.

«Hemen ez dago hilketarik», esaten dio gizon japoniar trajedun batek kazetari estatubatuarrari. Hurrengo eszenan, beste japoniar batek bere burua immolatuko du Tokioko kalean. Protagonista zenbat eta gehiago murgildu herrialdeko botere zirkuluetan, telesaila orduan eta interesgarriago bilakatuko da formalki, baina alor narratiboan amilduko da. Horinortasun propioa duen istorio bat da. Su geldoan prestatu eta gogoangarri bilakatzeko beharrezko osagai guztiak mahai gainean dituen horietakoa. Baina sortzaileek garai giltzarrian egin dute kale: platera kozinatzeko garaian.

Ansel Elgort aktore gaztea da protagonista; orain gutxi aritu da Steven Spielbergek eraberrituriko West Side Story filmean. Haren freskotasuna eta aktore japoniar beteranoen sendotasuna dira Tokyo Vice-en aldeko argudio erantsiak, telesailaren lehen atalak gozatzeko moduko aitzakia.

Gozamena, ordea, bi ahoko ezpata da. Ikusleak Japoniako estolden miaketa lanetan dibertitzen diren bitartean, kontakizun horren errealitateko egileak heriotza mehatxuak pairatu izan ditu yakuzen aldetik. Euren inguruko informazioa argitaratzeko prest zuenean, argi esan zioten: «Ezabatu ezazu, ala ezabatuko zaitugu».

'TOKYO VICE'
Sortzailea: J.T. Rogers, Michael Mann.
Aktoreak: Ansel Elgort, Ken Watanabe, Ella Rumpf, Odessa Young, Rinko Kikuchi.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 55 minutu.
Generoa: thrillerra eta drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.