Jan Niemand

«Japoniarrak eta euskaldunak ez gara horren desberdinak»

Euskal Herritik kanpora hasitako bideak Japoniara eraman du Jan Niemand musikaria azkenaldian. Han, lehen eskutik ari da ikusten ekialdeko herrialdea izaten ari den aldaketa, «bi zibilizazioren arteko gatazka izugarria».

Iñaki Lasa Etura.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Interneteko blog eta sare sozialen bitartez —Berriketan.info-n tartean—, Japoniako bizimoduaren berri ematen du Jan Niemand musikariak (Bilbo, 1978).

Nola demontre amaitu du euskaldun batek Japonian?

Hegazkina hartuta.

Euskal Herria - Bartzelona - Japonia?

Euskal Herria eta Bartzelona artean Londresen eta Berlinen egon nintzen. Bartzelona eta Japonia artean, Hego Afrikan. Hori da orain arteko bidaia.

Zergatik Japonia?

Immigrazio agenteek gauza bera galdetzen didate. Oso herri polita dela eta asko atsegin dudala erantzuten diet. Zuri Tokion kasualitate hutsagatik amaitu dudala esango dizut.

Hain desberdina al da Tokio munduko beste hirien aldean?

Hasieran, berdinak edo antzekoak diren gauzetan ere desberdintasunak ikusten nituen. Fisikoki, hirigintza aldetik, antzekotasunak ugariak dira. Kultura eta gizartearen aldetik, mendebaldearekin alderatuta nahiko desberdina da, bai. Euskal Herri pre-latinoarekin alderatuta, ordea, antzekoagoa. Japoniarrak eta euskaldunak ez gara horren desberdinak. Baina bai, Bilborekin alderatuta oso desberdina da Tokio.

Galduta egongo zinen hasieran.

Doraemon ikusi duzu? Gauza bera da. Doraemon, Dotakon, Dragoi Bola eta abarrekin hazteak asko lagundu zidan hasieran.

Japoniako bizimodutik iristen den informazioa askotan bitxikeria edo frikikeria gisa defini daitezkeen gauzak dira.

Japonian bi zibilizazioren arteko gatazka izugarria dago: beren jatorrizko kulturaren eta mendebaldearen artekoa. Euskal Herrian orain dela hainbat mende gertatu zenaren antzekoa izango da, baina orain bertan ari da gertatzen, zuzenean ikus dezakegu. Gizarte hau, era batean esatearren, nahiko galduta dabil nortasun aldetik, eta horrelako balioak galtzen hasten direnean frikismoa agertzen da. Japoniar askok ez daki edo ez du ikusi nahi, baina herri kolonizatua dira; beste asko bezala, bai —gu barne—, baina, hemen kontrastea askoz handiagoa denez, nortasun talka handiagoa da, eta frikismoa, oparoagoa eta saltzeko errazagoa.

Kezka handia sortu zuen iaz Fukushimako hondamendi nuklearrak. Nabari da ondoriorik?

Eguneroko bizitzan gauzak ez direla aldatu dirudi, baina aldaketa sakona ari da gertatzen, epe luzerakoa. Gauza txikietatik hasita izaten ari da aldaketa, adibidez: aurreko egunean supermerkatuko apalak Fukushimako tomatez beteta zeuden; besteak, ahituta. Ez dira kaleak sutan ikusten, baina erantzunak badira, baita eztabaida ere.

Googlen Jan Niemand jarrita, Hego Afrikako Pretoria hiriko auzo txiro bat ageri da.

Beste kasualitate bat. Jan Niemand oso izen arrunta da Hego Afrikan, baina ez nekien hori, eta ez nekien, Mandelatik harago, Hego Afrikaz ezer. Jan Niemand Park ez da hain txiroa, dena den, eta Soweton sekulako jauregiak ikusiko dituzu. Gauzak asko aldatu dira.

Musikari ere bazara, baina zure musikak, estilo aldetik behintzat, ez du ekialdeko eragin handirik.

Ni ere kolonizatuta bizi naiz.

Laptopfolk [Eramangarri bidezko folka, alegia] etiketa jarri diozu. Estilo berri baten aurrekari?

Etiketak alde guztietatik eskatzen dizkizute, eta zaila da zer musika mota egiten duen norberak esatea. Musika sinplea, folk modukoa egiten dut, eta ordenagailuarekin, gainera. Hortaz, laptopfolk otu zitzaidan. Gerora, beste batzuek erabiltzen dutela ikusi dut. Hala ere, egiten dudana punketik hurbilago dagoela iruditzen zait niri, hori esaten dudanean aurpegiak okertzen badizkidate ere.

Azaldu behar didazu bazterrean utzitako aterkiei argazkiak ateratzeko duzun ohitura hori. Bitxia da.

Oso poetikoa iruditzen zait. Eta kontsumo gizartearen metafora. Kezkagarri bezain ederra.

173 aterkiren argazkiak bildu dituzu jada, baina abuztutik ez duzu eguneratu bloga; lehortea. Baina eguraldiarena ala inspirazioarena?

Denbora falta. Elkarrizketa bukatu bezain pronto jarriko dut beste argazki bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.